Defentsa oztopatu nahia

Defentsa prestatzeko paperak kendu zizkioten Arantza Zulueta presoari miaketa batean

gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Alfonso Zenon abokatuak salatu du joan den ekainaren 7an Puerto de Santa Mariako kartzelan (Espainia) dagoen Arantza Zulueta abokatua bisitatu zuela eta haren ostean iragarri gabeko miaketa egin zutela Zuluetaren ziegan, presoa han egon gabe, eta haren defentsa prestatzeko erabili beharreko hainbat paper kendu zizkiotela. Defentsaren estrategiarako ildoak, proposatu beharreko lekukoen izenak eta antzeko datuak agertzen ziren paper horietan.

Zenonek gertatutakoaren berri eman ostean, Bizkaiko Abokatuen Bazkunak idazkia bidali zuen Espainiako Auzitegi Nazionalera eta kartzelako zuzendaritzara, «ezinegona» adierazteko. «Abokatuei dagozkien eskubiderik oinarrizkoenak urratzen ditu horrek», adierazi zuen Bizkaiko Abokatuen Bazkuneko dekano Carlos Fuentenebrok aipatutako idazkian, «are gehiago kontuan hartuta ez dakigula zein erabilpen emango dieten paper horiei». Paperok bueltatzeko ere eskatu zuen dekanoak gutunean.

Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak erantzun zuen hori ez zela bere ardura, eta kexa Espetxe Zaintzarako Auzitegira bidaltzeko. Erantzunari «eskuak garbitzea» deritzo Zenonek, «Velasco delako Zulueta kartzelan atxikitzen duena, eta hari dagokiolako defentsarako eskubidea aintzat hartzen dela bermatzea». Azkenean, paperak itzuli dizkiote Zuluetari, baina ez dago jakiterik horien kopiarik egin ote duten.

Salatutakoa ez da Zuluetaren auzian gertaturiko irregulartasun bakarra, Zenonek dioenez. Presoen sostengu mugimenduaren kontrako prozeduran auzipetutako 47 lagunetatik, Zulueta da kartzelan jarraitzen duen bakarra. Gaur egun, hura da espetxealdi prebentiboan dagoen euskal preso bakarra. Aldez aurretik birritan atxilotu zuten —2010eko apirilean eta 2011ko uztailean—, eta Auzitegi Nazionaleko zigor aretoak birritan ebatzi zuen behin-behineko askatasuna ematea; orain, delitu berak leporatzen dizkioten arren, behin eta berriro ukatu diote behin-behineko askatasuna. Kartzelan pairatzen duen egoera ere guztiz ezohikoa da: erabat bakarturik dago, beste presoekin harremana izateko edo espetxeko jardueretan parte hartzeko inolako aukerarik gabe.

«Mendekua»

«Mendeku nahia» da haren abokatu Alfonso Zenonek horri topatzen dion azalpen bakarra: «Zulueta 1991tik aritu da abokatu lanetan euskal presoen defentsan, Auzitegi Nazionalean batez ere, eta haren jarduera ez zen izan hango askoren gogoko». Zenonen ustez, badago tema berezia Zulueta kartzelan egoerarik gogorrenean atxikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.