«Ailegatuko da gauza guztiei erantzuteko momentua». Euskaraz esandako hitz horiekin erantzun dio Antxon Alonso Servinabar enpresako buruzagiak EH Bilduri. Haren ahotsa entzun den une bakanetakoa izan da, nahiago izan baitu isilik geratu Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean. Gaur goizeko saioan makina bat galdera zituzten prest taldeek. «Gustura erantzungo nieke galderei, baina, abokatuak hala aholkatuta, ez deklaratzeko eskubideari helduko diot». Isiltasunak bide eman die parlamentariei hipotesien bidez marrazteko hutsuneak, eta aurpegiarekin keinuak eginez baino ez die erantzun Alonsok hipotesi horiei. Nabari zitzaion mihiari eutsi egin diola hainbat aldiz.
Alonso bakarrik joan da batzordera, eta ikusmin handia sortu du haren agerraldiak. Espainiako Auzitegi Goreneko auzi judizialaren erdigunean dago Servinabar. Hasi aurretik, bilkura ateak itxita eta komunikabiderik gabe egiteko eskatu du, baina eskaera atzera botatzea erabaki dute taldeek.
Alonsok komunikatu labur bat irakurri du sarreran, eta aipatu du «parlamentuaren funtzioari errespetu handiena» diola baina, ikerketa batzordeak auzi judizialean ikertzen ari diren kontuak aztertuko dituenez, nahiago duela ez deklaratu. Salbuespen bakar batzuk egon dira. UPNko Javier Esparzak aipatu dio «ona» litzatekeela zalantzak argitzea. EH Bilduko Adolfo Araizek ere erantzun dio ulertzen duela jarrera hori, baina erantzutera animatu du: «Nahiago izan duzu zure isiltasunarekin susmoak eta zenbaiten asmakizunak haizatu».
UPNren galdera sorta
Batzordean hitz egiten lehena UPNko Javier Esparza izan da, eta horrek abantaila eman dio: hasierako tarte horri erreparatzen diote komunikabideek, eta ordubeteko txanda nahieran baliatu dezake. Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak egindako bi txostenetan oinarrituta, galdera sorta egin dio Alonsori Esparzak, eta deseroso zegoela antzeman zaio enpresaburuari.
Adibidez, Koldo Garcia Uharteko zinegotzi eta bizkartzain izandakoa zergatik kontratatu zuen galdetuta, honako hau erantsi du, Alonso elgoibartarra dela baliatuz: «Ziurrenik ez zenuen bizkartzain gisa kontratatu, ez zenuelako behar, [Arnaldo] Otegiren laguna baitzara». Esaldi hori entzun, eta harridura keinua egin du Alonsok —EH Bilduko idazkari nagusiak publikoki esana du Alonso ez zela bere laguna—. Gero, Accionako ordezkariekin lehen harremanak Iruñeko Donibane auzoko Franky tabernan hasi zituela iradoki dionean Esparzak, buruarekin ezezko irmoa adierazi du Alonsok.
Servinabarreko partaidetza
Esparzaren arabera, Servinabar «ezinbesteko pieza» da auzian. Guardia Zibilak Alonsoren etxea miatu zuenean, agiri batean ikusi zuen 2016ko ekainaren 11n 1.350 akzio trukatu zizkiola Alonsok Santos Cerdani, 6.000 euroren truke enpresaren %45 bereganatu zezan. Agiri hori ez zen Merkataritza Erregistroan aurkeztu: Cerdanek dio ez duela balio juridikorik, eta Alonsok aurretik esana du ez zuela dirurik jaso. Dena den, Esparzaren arabera, dokumentu hori garrantzitsua da Servinabarren eta Cerdanen arteko lotura ulertzeko. «Zergatik ez duzu egia esaten eta atseden hartzen?», galdetu dio. «Dokumentu hori ez erregistratzeak agerian uzten du hura ezkutatzeko asmoa».
Gai hori ere atera diote beste taldeek. EH Bilduren arabera, dokumentu hori notario baten agiri baten «kopia txar» bat da. Alonsok ere esana du dokumentu hori ez dela baliagarria. «Orduan hanka sartze bat izan da dokumentu hori zure ganberan gordetzea. Dokumentua ez bada balioztatu, hura gainean izateak zera pentsaraz lezake, ustelkeria kasu baten funtsezko elementua dela».
«Gustura erantzungo nieke galderei, baina, abokatuak hala aholkatuta, ez deklaratzeko eskubideari helduko diot»
ANTXON ALONSO Servinabarreko burua
UPNk Belatez ere galdetu dio. Ez du ulertzen aldi baterako enpresa elkartean Oses eraikuntza enpresak %30 izatea eta Servinabarrek %15: «Excavaciones Osesek ezagutza zabala eta baliabideak ditu; zure enpresatxoak, aldiz, haren erdia. Nola liteke? Ez jo adarrik, mesedez». Galdetu dio ea Jesus Polo kontratazio mahaiko burua ezagutzen zuen, eta Alonsok erantzun dio ezetz: «Senatuko ikerketa batzordean galdera horri erantzun niolako erantzun dizut orain». Horixe izan da eman duen erantzun bakarra.
Guardia Zibilaren informazioan oinarrituta, Esparzak esan du Accionak 6,7 milioi euro pagatu zizkiola Servinabarri, enpresa horrek hamar urtez fakturatu duenaren %75. Esparzak iradoki du enpresa handi horrekin duen harremanaren balioa haren «lotura politikoa» dela. Haren esanetan, Accionak berak onartu dio Ogasunari zerbitzu batzuk gezurrezkoak direla, Servinabarri ordaindutako 48 fakturaren frogagiririk ez duela aitortu baitu —670.000 eurokoak guztira—.
Milagroko pasartea
Esparzaren esanetan, Antxon Alonso 2006 aldera etorri zen Erriberara, Milagroko eta Cintruenigoko bi herri lan egitera, eta orduan ezagutu zuen Santos Cerdan, garai hartan Milagroko hautetsia baitzen. PSNko Javier Lekunberrik erasorako erabili du informazio hori: «Esparzak ez du esan bi udal horietan UPN zegoela gobernuan eta PSN bi obra horien aurka egon zela. Batik bat Milagrokoaren aurka. Labore lurretan etxeak eraiki nahi izan zituzten, eta gobernuak %50a aurreratu zion eraikuntza enpresari. Ausarkeriaz jokatu zuen, uholdeak izateko arriskua duen eremua delako hori, eta ustez ez zegoelako ziurtatuta laboretarako lur horiek lur eraikigarri izendatuko zituztela», aipatu du, UPNk irregulartasunez jokatu zuela iradokitzeko.
PSNko Javier Lekunberriren agerraldian, nabaria zen Antxon Alonso erosoago zegoela. Geroa Baiko Pablo Azkonak, berriz, esan dio ez duela epaitu nahi. Parlamentariek galderak egiten jarraitu dute, baina isiltasunaren hormarekin egin dute topo. Amaieran, Antxon Alonsok eskerrak eman dizkie euskaraz parlamentari guztiei, «errespetuz» hitz egiteagatik. «Espero dut aurki hitz egiteko aukera izango dudala».