Botere publikoa eta erlijioa. Markos Zapiain. Hezkuntza Laikoa elkarteko kidea

«Deigarria da kontrastea: elizei, goxo, eta udalei, errietaka eta kontu eske»

BERRIA.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Markos Zapiain filosofoa eta Hezkuntza Laikoa elkarteko kidea kritikoa da Jaurlaritzaren lege proiektuarekin, botere publiko gisa gainditu behar ez diren marrak gainditzen dituela uste duelako.

Erlijio aniztasuna babestea eta kultu zentro berrien irekiera bermatzea elkarri lotuta daude?

Ez derrigorrez. Erlijio aniztasuna babestea helburu ederra da, eta erakunde publikoen lana, betiere agnostikoak eta ateoak diskriminatu gabe. Jaurlaritzak jagon beharko luke inor ez dela bere fedeagatik edo fedegabetasunagatik saritzen edo zigortzen, eta eliza berrien eraikuntza fededunen esku utzi beharko luke. Ez bakarrik Jaurlaritzak badituelako askoz ere premiazkoagoak diren zereginak; printzipio kontua ere bada.

Desegokia da, beraz, botere publikoek kultu lekuak bermatzea?

Erakundeen lana emakumeen eta LGTBI kolektiboen eskubideak babestea da, eta garbi erakustea eskubide horiek, elkarbizitza antolatzeko orduan, edozein liburu sakraturen gainetik daudela.

Lege honekin erakunde publikoek erlijioak sustatzen dituztela iruditzen zaizu?

Bai. Erakunde publikoek, kultu lekuak bermatuz, haizea ematen diete erlijioei. Egokiagoa da zergetako dirua hurbileko ospitale bat eraikitzeko erabiltzea, beste eliza baterako baino. Ospitalean berdin onartzen dituzte kristauak, ateoak, musulmanak eta masoiak. Elizak, berriz, ez dira fededunentzat baizik; hori bai, ateoen eta agnostikoen zergez ere eraikiak. Nola ez ditugu, bada, arazoak izango pentsio duinak lortzeko, laster eliza gehiago izango baditugu tabernak baino?

Beste arazo bat da inork ez dakiela zer den Jaurlaritzarentzat erlijio bat. Kristauei eta musulmanei tradizioak, fededunen kopuruak, lobbyen indarrak eta ikaratzeko ahalmenak ematen diete laguntzak jasotzeko estatusa. Honezkero Basajaunek ez du inor kikiltzen, ordea. Orain dela zenbait urte, lagun batzuek, Jon Miranderen eraginpean, berezko euskal erlijioa berpizteko diru laguntza bat eskatu genuen, eta Jaurlaritzak muzin egin zigun. Bertoko Mari eta akelarrea ez dira Asiatik etorritako judu-kristauen San Pedro eta transubstantziazioa bezain erlijio, ala? Anitz adituren ustez, antzera dabiltza bi erlijio horiek absurdotasun mailari dagokionez.

Legea udalen aurkako eraso bat dela esan izan duzu. Zergatik?

Jaurlaritzak larderiaz ezarri nahi du goitik behera agindu hori, hainbat udal bat ez etorri arren. Corrugadosekoa ez da gertatu zaharra. Hurbiltasunagatik, udalak hobeto daki Jaurlaritzak baino zer behar duen, zer komeni zaion. Tenplu erlijiosoak eraikitzeko lurzorua elizen esku utzi edo ez, udalaren esku beharko luke. Gainera, deigarria egiten da Jaurlaritzaren mintzamoldeen kontrastea: elizei, goxo, eta udalei, errietaka eta kontu eske. Elizei dagokienez, Jaurlaritzak «zaindu» eta «bermatu» darabil; udalei zuzentzeko orduan, ostera, «exijitu» eta «behartu».

Erasoa da, bai: erabakia, Jaurlaritzarena; onurak, elizentzat; erantzukizuna, udalena baino ez. Garbi ikusten da jokaldia: elizek, gauzak ez badira berek nahi bezala irteten, udala salatu ahalko dute. Udalari ordainarazi, ez Jaurlaritzari, eta are gutxiago beren buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.