78ko Sanferminak Gogoan elkarteak salatu du Espainiako Poliziak Iruñeko hainbat bizilagun deklaratzera deitu dituela beren etxeetako balkoietan elkarte memorialistaren pankartak zintzilikatu dituztela eta.
Kartel horiek 1978ko sanferminetako gertakariak salatzen dituzte. Gertakari haietan, German Rodriguez hil zuten estatuko segurtasun indarrek. Esaterako, "Inpunitateari stop", "estatu krimenak" eta "herriak ez du ahaztuko" leloak ageri dituzte kartel horiek.
Pankarta hauek bere balkoietan jarri dituzen auzokideak komisaldegiatik pasa beharko dute datorren astean. pic.twitter.com/PdKEBUFnRf
— Sanfermines78gogoan (@SF78gogoan) 13 de julio de 2018
Deklaratzera deituak izan diren herritarrek Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren oharra jaso dute. Eskutitz bidez jakinarazi dietenez, pankartetan ageri diren leloak "estatuaren kontrako irainak" izan daitezke. Horietako batzuk datorren asterako deitu dituzte Espainiako Poliziaren komisaldegian deklaratzera.
"Gertakari hauek adierazpen askatasunaren aurkako erasoa dira, eta ez dugu jarrera hori ulertzen, kontuan izanik aipatutako leloak duela berrogei urtetik erabiltzen dituztela era guztietako talde politiko eta sozialek, hedabideek eta erakundeek, eta sekula ez dela haien kontrako gobernu ekintzarik izan", adierazi du 78ko Sanferminak Gogoan-ek.
Horrez gainera, elkarteak "harridura eta haserrea" agertu du PSOEren gobernu ordezkariaren erabakiarengatik. Gogorarazi du alderdi sozialistak PPk bultzatutako kode penalaren moldaketaren aurka bozkatu zuela, eta moldaketa horrek sortu zuela "estatuaren kontrako irain" delitua.
78 Sanferminak Gogoak plataformak Nafarroako alderdi politikoak, gizarte eragileak eta herritarrak deitu ditu gobernu ordezkaritzaren jarrera salatzera eta hasitako diligentziak artxiba ditzala exijitzera.