'Del Rio kasuen' atzetik

Presoen urruntzearen eta Frantziako kartzela urteak Espainiak ez zenbatzearen salaketak aurkezten hasi dira abokatuak Europan. Lau kasu aurkeztuak dituzte

Amaia Izko abokatua, Naike Diez eta Patricia Velez Etxerat elkarteko kideak, eta Haizea Ziluaga abokatua, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EPPK-ko kideen abokatuek Ines del Riokasu gehiago nahi dituzte Europan, eta, ondorioz, kartzela politikan eragitea eta presoak etxeratuz joatea. 2013ko urrian, Del Rio euskal presoaren auzian, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak atzera bota zuen 197/2006 doktrina (Parot doktrina), eta, harez gain, 60ren bat euskal preso libre atera ziren. Espainiak urteetan kartzelan «legez kanpo» eduki zituen, Europaren ebazpenaren arabera. Orain, presoen urruntzearen eta zigorrak zenbatzearen kasuetan hara jotzen hasi dira abokatuak, eta, Europako araudiagatik eta jurisprudentzia «argia» delako, uste dute irabazi egingo dutela. Denera, Espainiako Estatuko 310 kasu inguru eraman ditzakete, banan-banan. Europak aldeko ebazpena emango balu, erabakiak auzi bakoitzeko presoei eragingo lieke, Parot-en bezala.

Oraingoz, lau kasuri buruzko salaketak aurkeztu dituzte Europan. Bat sakabanaketari eta urruntzeari buruzkoa da: Josetxo Arizkurenena. Duela hiru aste jakin zen hori, eta Amaia Izko abokatuak berretsi egin du, Donostiako prentsaurreko batean. Beste hiru salaketak Frantzian kartzela zigorra bete eta Espainian preso dauzkaten hiru kiderenak dira, Haizea Ziluaga abokatuak jakinarazi duenez: Alberto Plazaolarena, Santi Arrozpiderena eta Francisco Mujika Garmendiarena.

Abokatuek esan dute ez dakitela noiz jakingo den Europak salaketak tramiterako onartuko ote dituen. «Hilabete batzuk joango dira». Tramiterako onartuz gero, sententzia arteko bidea hasiko da.

Izkok iragarri du EPPK-ko beste 260 kideren salaketak aurkezteko asmoa ere badutela. Oraingoz, Arizkurenena (Iruñea, 1958) baino ez dago Estrasburgon, haren kasuak soilik agortu duelako Espainiako Justizia sistemako bidea edo prozedura. 260 preso horien artetik, 228 lagun 500 eta 1.100 kilometroko distantziara dauzkate, eta beste 32, 300-500 kilometrora. Arizkuren Murtzian da (Espainia), sorterritik 700 kilometro pasara. EPPK-ko bi kide baizik ez dituzte Euskal Herrian.

EPPK-k 2013ko abenduan plazaratutako adierazpenarekin lotu du ekinaldia. Lege baliabideak erabiltzeko borondatea agertu zuen orduan Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, eta 2014 hasieran ekin zioten kartzeletan Euskal Herriratzeko eskatzen —preso bakoitzak bere eskaera aurkeztu zuen—. Espetxe Zuzendaritzaren ezezkoa jaso ondotik, Auzitegi Nazionaleko Zaintza epailearengana jo zuten. Horrek ere, ezezkoa. Auzitegi Nazionalean berriro saiatu ostean, Gorenera eraman zituzten eskaerak, eta azkenean Konstituzionalera. Oraingoz, Konstituzionalak Arizkurenen kasua argitu du: ez zuen tramiterako onartu. Beste 260 presoek bukaerara heldu behar dute Europara jotzeko. Frantzian diren EPPK-ko kideek ere aurkeztuko dituzte salaketak, bere garaian.

Espainiako auzitegiek argudiatu dute urruntzearekin ez dela urratzen presoen eta senideen oinarrizko eskubiderik. Epaileen jarrera gaitzetsi du Izkok: «Berdintasun printzipioa urratzen da, presoen aurkako diskriminazioa dago, zigor gehigarri bat, eta familiaren oinarrizko eskubidea ere urratzen da. Guk familiaren eskubidearen urraketari heldu diogu Europara jotzeko. Adibidez, urruntzeak eragina du sendiaren bisitetan, batez ere adineko pertsonen eta umeen kasuan». Halaber, adierazi du Espainiako Estatuko legediak ez duela aurreikusten sakabanaketa eta urruntzea, eta erantsi du legediak dioela presoak familiarengandik gertuen den kartzelan behar duela, «gizarteratzeagatik».

ETAk jarduera bukatu zuen

ETAk jarduera armatuaren bukaera duela bost urte pasa iragarri izana ere aipatu du Izkok. «Espainiak dio ETAren aurkako tresna bat dela sakabanaketa politika, baina ETAk amaitu egin zuen jarduera armatua. EPPK-k berak, berriz, 2013an azaldu zuen bide demokratikoen eta politikoen aldeko apustua». Abokatuaren ondorioa da «bidegabea» dela kartzela politika. Gogoratu du Europak atzera bota dituela urruntzeari buruzko Errusiako, Ukrainako eta Erresuma Batuko hiru kasu. «Jurisprudentzia argia da».

Zigor urteak zenbatzeko auzian kolektiboko 50en bat preso daude, Ziluagaren esanetan. Espainiako Estatuan daude preso, eta hari eskatzen diote Frantzian bete zituzten kartzela zigorrak zenbatzeko. Europako beste estatuetan ez da halako kasurik, «Espainiak ez beste estatu denek betetzen baitute Europako 2008/675 araudia. Gainera, Espainian Europako araudia ez betetzeko lege bat jarri zuten indarrean 2014ko abenduan, Gorenak urte bereko martxoan auzi honetako preso baten alde egin ostean». Presoek Espainiako lege berria martxan jarri aurretik egin zituzten eskaerak.

Auziko hiru kideren salaketa aurkeztu dituzte Europan, eta beste 21 presorenak prest dauzkate. Besteenak ere eramango dituzte, Espainiako bidea bukatzean. Europako legea beteko balitz, zazpi presok kalean beharko luke jada, abokatuak azaldu duenez.

Naike Diez eta Patricia Velez Etxerat elkarteko kideak ere izan dira Donostiako agerraldian. «Salbuespen» neurritzat jo dituzte bi auziak, eta presoen senideen «suntsipen fisikoa, psikikoa eta ekonomikoa» salatu.

Sortuk ontzat jo du abokatuen bidea: «Gaur egungo espetxe politika amaitzeko eskura ditugun baliabide juridiko guztiak erabiltzeko unea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.