«Demokrazia herritarren esku jartzen saiatzeagatik epaituko gaituzte»

D3M eta Askatasunaren bidez bozetan parte hartzen saiatzeagatik hastear den epaiketa salatu dute, Bilbon

D3M eta Askatasunaren auziko auzipetuen ekitaldia, Bilbon. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Maiatzaren 3tik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten 13 herritarrak seguru daude «epaiketa politiko» batera doazela; «politika egiten saiatzeagatik» egin beharko dietela aurre 9 eta 7 urteko kartzela zigorren eskaerei. «Euskal Herrian bizi garen hiru milioi herritarrentzat demokrazia aldarrikatzeagatik epaituko gaituzte, demokrazia herritarren esku jarri eta hauteskundeetan parte hartzen saiatzeagatik», adierazi du Arantza Urkaregik Bilboko Plaza Barrian egindako ekitaldian.

«Ideia politikoak defendatzea da gure delitua», salatu du, gainontzeko auzipetu bizkaitarrak atzean dituela. «Zenbat aldiz entzun dugu bonbak ala botoak aukeratu behar zirela? Ez da egia. Armak isildu dira, baina gu politika egiteagatik epaituko gaituzte». Hala ere, adierazi du konponbideari begira Euskal Herrian abiatutako bidean «amaieraraino» jarraituko dutela. Eta, hartarako, «eraso bakoitza indar gehiago biltzeko baliatzeko» eskatu du.

Eleak mugimenduak antolatutako ekitaldian, gizarte eragileetan jarduteagatik edo kalean mobilizatzeagatik auzipetutakoen ordezkaritza bat eta azkenaldian polizien jazarpena jasaten ari direnena ere izan dira. Eskubide guztiak guztientzat zioen puzzlea osatu dute denen artean.

Herrietan ere jasotzen ari dira elkartasuna auzipetuak. Imanol Nietori elkartasuna adierazteko Sestaon sortu duten plataformak, esaterako, dozenaka alderdi, sindikatu, gizarte eragile eta pertsona ezagunen babesa bildu du, eta gaur zortzi manifestazioa egingo du, 12:30ean. Aurreko asteburuan, Eli Zubiagak eta Iker Rodrigok jaso zuten babesa, Algortan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.