M-22: udal eta foru hauteskundeak

«Demokrazia zer den erakutsiko diegu»

Bilduk Altsasun egindako ekitaldian salatu du PPk eta PSOEk ez dutela zilegitasunik inpugnazioen gaineko akordioak egiteko«Datorrena datorrela», oztopoen gainetik aurrera egiteko borondatea azaldu du

Maiorga Ramirez, atzo, Altsasuko ekitaldian. LANDER FDZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Altsasu
2011ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzo Auzitegi Gorenak beste 24 ordu atzeratzea erabaki ondotik, gaur etorriko da Bildu koalizioaren zerrenden gaineko Gorenaren erabakia. Epai horren atarian, azken egunetan jasandako presio mediatikoaren eta politikoaren inguruan, Maiorga Ramirez koalizioaren Nafarroako hautagaiak irmo erantzun du, Altsasuko Iortia kultur gunean, «datorrena datorrela» aurrera egiteko asmoa dutela. Koalizioko ehun kide ingururen aurrean, PPri eta PSOEri ohartarazi die ez dutela zilegitasunik maiatzaren 22ko hauteskundeetan demokratikoki aurre egin nahi dien proiektu politiko baten aurka hitzarmenak egiteko. «Demokrazia zer den eta zer ez den erakutsiko diegu», esan du. «Ematen du ez daukatela barneratuta», gaineratu du jarraian.

Hala, PPri eta PSOEri gogorarazi die demokrazian herritar bakoitzak duela boto eskubidea, egitasmo orok eskubidea duela aukera berdintasunean bere proiektuaren berri emateko, eta, azkenik, demokrazian muga bakarra herritarren borondatea dela: «Aldiz, demokrazian soberan dago indarkeria, soberan daude berrogeialdiak, soberan dago inoren babespean egotea eta soberan daude legez kanporatzeak». Ramirezen ustez, inpugnazioak bultzatu dituzten alderdiek baino «sinesgarritasun eta koherentzia demokratiko handiagoa» du Bilduk.

Izan ere, Ramirezen ustez, PPren eta PSOEren asmoei «kiratsa» darie, eta horren aurrean Bilduk «aire freskoa» ekarri duela uste du. Ramirezek gogoan hartu du bi alderdiok elkarren artean arerio politiko izan arren ados jarri direla Bilduren zerrenda guztiak inpugnatzeko. «Beste garai batzuetako hondar gehiegi dituzte oraindik ere, eta gainetik kendu behar dituzte», adierazi du.

Hauteskundeetan egon ahal izatea galarazi nahi badiete ere, Ramirezek azpimarratu du oztopoen gainetik aurrera egiteko borondatea duela Bilduk. «Ez dezatela zalantzarik izan Yolanda Barcinak, Roberto Jimenezek, Rubalcabak eta Zapaterok: lanean jarraituko dugu oztopoak oztopo». Eta gaineratu du «ametsez eta itxaropenez» betetako gune politikoa dela. «Gune plurala, pentsamolde desberdineko pertsonez eta alderdiz osatua, bide politiko eta demokratikoekin konpromisoa duena eta giza eskubide guztien edozein urraketa gaitzesten duena». Ramirezen irudiko, horiek dira koalizioaren zutarriak, eta horien aurka egin nahi dute.

Altsasun egindako ekitaldi politikoan, Ramirezekin batera izan dira Koldo Amezketa eta Eva Aranguren EAkoak; Oskar Matute Alternatibakoa; Bakartxo Ruiz, Bikendi Barea Parlamenturako hautagai independentea eta Garazi Urrestarazu Altsasuko udalerako zerrendaburua.

Oscar Matutek, bere hitzaldian, azpimarratu du Bilduk erreminta izan behar duela egungo eredu ekonomikoa aldarazteko. «Saldu egin digute; beldurra sartu digute eta esan digute eskubideak murriztea eta merkatuei men egitea irtenbide bakarra dela». Matuteren arabera, mezu hori zabaltzen duten alderdi horiek beraiek «zilegitasuna, eskubideak eta botoak» kendu nahi dizkiete ehunka mila herritarri. «Lan baldintzak erreformatzen eta murrizten ari diren alderdi horiek orain nahi dute, gainera, esatea nori ez zaion botoa eman behar».

«Ur handitan sartu da»

Muskizen, hautagaitzak aurkeztu ditu EAk —bakarrik aurkeztu da han—, eta Rafa Larreinak bertan gogoan hartu du EAk 25 urtez giza eskubideen defentsa irmoa egin duela. Larreinaren ustez, Espainiako Gobernua oraingoan «ur handitan» sartu da, eta azpimarratu du EA Europako Aliantza Libreko partaide dela: «EA legez kanporatzen badute, Flandrian agintean den edo Eskozian agintean den alderdi baten aurka ere egingo dute». ALEko kideak jakinaren gainean daudela ohartarazi du, eta Europan zein Espainiako Gorteetan neurriak hartzeko prest direla gaineratu.

Larreinak Jose Luis Rodriguez Zapatero egin du egoeraren errudun: «Ez dadila Fiskaltzaren edo Estatuaren abokatuaren atzean ezkuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.