Demokrazien bortxaz

Tortura eta zigorgabetasunari buruzko jardunaldiak eginen dituzte egunotan Baionako fakultatean.Adituak eta biktimak mintzatuko dira

Varenne Unibertsitate Institutuak antolatu ditu jardunaldiak. I. MIQUELESTORENA.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Zein dira demokrazia batean tortura ahalbidetzen duten zirrikituak? Nola babesten du gizarteak sistema hori? Eta zer egin daiteke halakorik berriro gerta ez dadin? Galdera horiei erantzuten saiatuko dira gaurtik larunbatera bitartean Baionako fakultatean antolaturiko jardunaldietan. Tortura, memoria eta zigorgabetasuna: demokraziaren paradoxak? izenburupean, hain zuzen, torturaren gaia ikuspegi ugaritatik landuko dute lau egunez. Horretarako, zuzenbide arloko nazioarteko hainbat unibertsitate irakaslek parte hartuko dute, baina baita historialari, psikologo, mediku zein filosofiako adituek ere. Tortura larruazalean bizi izan duten pertsonei ere emanen diete hitza, larunbateko mahai inguruan. Eta bortizkeria horren egia argitara ateratzeko lan egiten duten elkarteei ere bai. Varenne Unibertsitate Institutuak antolatu du gogoetarako egitaraua Indarkeria politikoa eta justizia trantsizionala deituriko hitzaldi sorta zabalagoaren barruan, Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatea eta Justizia Trantsizionalaren Elkarte Frankofonoarekin elkarlanean.

Hitzaldi nagusiak gaur hasiko diren arren, ikasleei ere zabaltzeko asmoz, atzo hasi zituzten jardunaldiak Baionako lizeo eta fakultateko geletan. Adolf Eichmann buruzagi naziaren epaiketa ardatz duen Margarethe Von Trottaren Hannah Arendt filma ikusi ondotik, hain justu, justizia trantsizionalari buruz eztabaidatu zuten. Gaur emanen zaie hasiera, halere, publiko zabalari irekitako solasaldiei, zigorgabetasunaren eraikuntzari buruzko mintegi zientifikoarekin.09:45ean hasita, lehenik, tortura gertatzeko demokrazietan agertzen diren «anbiguotasun juridikoak» aztertuko dituzte: bertzeak bertze, epaitegiek nola barkatzen dituzten torturatzaileak, edota nolatan gelditzen diren kasuak argitu gabe. Arratsaldean, berriz, gizarteak, haren balioen bidez, tortura nola sostengatzen duen aztertzen saiatuko dira. Bertan izanen dira, bertzeren artean, Elizabeth Lira Txileko unibertsitateko psikologia irakaslea zein Michel Terestchenko filosofo frantsesa. Bihar, bertzalde, zigorgabetasuna deseraikitzea izanen dute lana adituek. Horretarako, lehenik tortura azaleratzeko beharra nabarmenduko dute, eta horretan kazetari, elkarte zein medikuek egiten duten lanaz eztabaidatuko dute. Arratsaldean, berriz, tortura ahalbidetzen duen sistema bera nola deseraiki izanen dute solasgai. Guantanamoko kartzelan preso egon zen, eta horri buruz Voyage vers l'enfer (Infernuranzko bidaia) liburua idatzi duen Mourad Benchellalik hartuko du hitza, adibidez, baita Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko Manuel Miranda prokuradoreak ere.

Euskal Herriko zenbait pertsona ere mintzatuko dira bi egunotako mintegi zientifikoetan, erraterako, Jon Iñarritu Espainiako diputatua (Amaiur), Maritxu Paulus Basurko Baionako abokatua eta Jon-Mirena Landa zein Benito Morentin EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak.

Tortura, lehen pertsonan

Adituen bi eguneko lanaren ondoren, tortura hurbiletik bizi izan duten pertsonek hitz eginen dute larunbateko mahai inguru irekietan. Goizekoa GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeen txanda izanen da, eta hiru ardatz jorratuko dituzte: diktadura frankista, euskal gatazka eta errefuxiatu zein etorkinen egoera. Parte hartzaileen artean izanen dira Goldatu, Gernika Gogoratuz, Euskal Memoria eta Behatokia elkarteetako kideak. 14:30etik aitzina, berriz, tortura pairatu dutenen lekukotasunak entzuten ahalko dira, lehen pertsonan. Egunkaria-ren aurkako polizia operazioan atxilotu eta torturatu zuten Joan Mari Torrealdai, eta berakbizi izandakoa kontatuko du, bertzeren artean. Ondoan izanen du Ixone Fernandez euskal herritarra ere. Aljeriako gerlaz, bertzalde, Jean Salem filosofiako irakaslea arituko da; Argentinako Maiatzaren Plazako Amen ordezkari gisa Buscarita Roak hartuko du hitza; eta azkenik, Guantanamoko kasuaz berriro Benchellalik.

Mintegiak, mugaturik

Gaur eta biharko mintegi zientifikoetan sartzea mugatua izanen da, eta, beraz, parte hartu nahi duenak [email protected] helbidera idatzi beharko du. Larunbatekoa, berriz, irekia izanen da. Baionako fakultatean eginen dituzte hitzaldi eta mahai inguru guziak. Jardunaldi sortak, bertzalde, apirilaren 13an eta 14an hartuko du segida Pauen (Okzitania). Tortura, genozidioa eta prozedura kriminala: gaizkia epaitu? izenburupean, batik bat justiziaren ikuspegitik aztertuko dute gaia. Mahai inguru guziak gazteleraz eta frantsesez entzuten ahalko dira.

Informazio gehiago webgune honetan:

www.fondationvarenne.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.