Euskara ofiziala da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez da gazteleraren parekoa. Argi ikusi da hori lan eskaintza publikoen auzian. Langile publikoei euskaraz jakin dezaten eskatzea euskara «inposatzea» da, eta ez zerbitzua euskaraz jaso nahi dutenen eskubideak errespetatzeko bidea. Hala diote arlo horretan atera diren hainbat epaik. Administrazio publikoan edozer tramite egitera doan euskalduna gazteleraz egitera behartzen da sarri. De facto, inposatu egiten zaio gaztelera, baina hor ez dago arazorik. Ondorioa argia da: bi hizkuntza ofizial daude, baina bat beharrezkoa da, eta bestea ez.
Oldarraldiak argi utzi du egoera zertan den. Alderdi batzuk kezkatu dira. Eta Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatu dute, EAJk eta EH Bilduk atzo gauzatutako akordioarekin. Bi alderdi horiek aukera zuten euskaldunen eskubideak bermatuko zituen lege indartsu bat egiteko. Aukera zuten bi hizkuntza ofizialak parekatzeko pausoak emateko. Baina egin duten akordioa zalantzazkoa da. Izan ere, hitzarmenean bertan argi ikusten da onartu duten bideak ez duela bermatzen auzitegien oldarraldia amaitzea. Horregatik dauka bigarren zatia akordioak: EH Bilduk lortu du EAJk «konpromiso» bat har dezan, eta, haren arabera, jeltzaleen bideak ez badu balio oldarraldia gainditzeko, EH Bilduren bidea landuko dute. Nolanahi ere, bi alderdiek, akordioa bera goretsi dute Eusko Legebiltzarreko eztabaida saioan, haren funtsean askorik sartu gabe.
Markel Olano jeltzaleak azpimarratu du euskara gai zentrala dela EAJrentzat. Otxandianok nabarmendu du EH Bilduk aurrerantzean ere urratsak egingo dituela erakunde publikoetan euskara eta gaztelera pareko izateko. Eta ikusiko da, baina, oraingoz, gaztelera behar da Hego Euskal Herrian bizitzeko. Euskara hutsean nekez bizi daiteke, eta gaztelera hutsean, aldiz, erraz.
Oldarraldi judizialak mezu argia eman du lan eskaintza publikoei dagokienez, eta, gainera, egina dago euskararen baliozkotasunari buruzko zalantzak leku gehiagotara zabaltzeko bidea ere. Izan ere, noiz-eta bide hori erabat eginda dagoen honetan, eta jendeak argi ikusten duen honetan gauzak nola diren, selektibitateko euskara azterketan zero atera duen talde batek, lotsagorritu beharrean, harrokeriaz jokatu du. Eta lupa ez da hezkuntza sisteman jarri, ezta azterketa horietan eskatzen den mailan ere, baizik eta zero horiek jarri dituzten irakasleengan. Eta hor, azpiko mezua zera da, euskarak ez duela ezertarako balio, eta okerragoa dena: molestatu egiten duela. Eta hori, herri honetan bi hizkuntza ofizial eta euskal hiztunak daudela kontuan hartu gabe. Euskarari eta hiztun horiei inolako begirunerik izan gabe.
Dena kate bera da. Eta katea bera da moztu behar dena. Ez dira hamabost egun Kontseiluak Iruñean egindako martxa alaian euskaraz bizitzeko behar den dena eskatu eta zehazki zer den azaldu zuenetik. Eta han, argi esan zuen Idurre Eskisabelek: «Ofizialtasun formala ez da nahikoa. Arkitektura juridiko berri eta sendoa behar du euskarak, etorkizuna izango badu».
Arkitektura juridikoa aldatzeko urrats bat egin da gaur Eusko Legebiltzarrean. Behar bezain sendoa den? Segurtasunik ez da, eta euskarak segurtasuna eta irmotasunak behar ditu. Eta katea leku askotan moztu behar da. Arkitektura hori osatuko bada, beste akordio batzuk ere egin beharko dituzte EAJk eta EH Bilduk. Aurreneko urratsa eginda dago.