Euskaldunei euskaraz kasu egiten ez dieten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako saltoki handiek ez dute isunik ordaindu beharko. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen estatutuak oinarrizko hizkuntza betekizunak ezarri zituen, baita horiek ez betetzeagatik ordaindu beharreko zigorrak ere. Eusko Legebiltzarrak, ordea, legea aldatuko du hizkuntza betekizun horiek zigortuak izan ez daitezen. Kontsumo Batzordeak oniritzia eman dio PSEk aurkeztu zuen testuari, PPren eta UPDren babesarekin. Horrenbestez, osoko bilkurak bozkatuko duen proposamena prest dago.
Vicente Reyes PSEko kideak uste du lege aldaketarekin «oinarrizko adostasuna» berreskuratuko dela. Adostasun hori hautsi izana leporatu dio Ibarretxeren gobernuari. Dena den, babesa eman dioten bi alderdietako ordezkariek zenbait kritika egin dizkiote. Hizkuntza betekizunak ere kentzeko «ausardia» falta izan zaiola leporatu dio Iñaki Oiarzabal PPko legebiltzarkideak. Gorka Maneiro UPDko kideak «beldur handiegia eta konplexu asko» izatea egotzi dio PSEko gobernuari.
Zigorrak kentzeko asmoa kritikatzeaz gain, legea aldatzeko hartutako bidearen aurka ere jo du Garbiñe Mendizabal EAJko legebiltzarkideak. Hain zuzen ere, aldaketa legebiltzarreko taldeak proposatu duela gogorarazi du, eta ez Eusko Jaurlaritzak lege proposamen baten bitartez: «Parte hartzea saihestu nahi dute» Bestetik, aldaketa gezurretan oinarritu dutela nabarmendu du Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkideak. «Aldaketaren gobernuak aldaketa dakarkigu PPren eskutik eta UPDren itzaletik».
Erabileraren aldeko deia
Kontsumitzaileen estatutuaren aldaketak «babesgabetasuna» ekarri arren, euskaraz bizitzeko nahiari eutsi eta kontsumo harremanak euskaraz egiteko deia egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. «Euskaraz bizitzeko hautu tinkoari esker lortuko dugu gero eta enpresa edo saltoki gehiagok gure eskubideak bermatzea».
Denda handien hizkuntza betekizunak baliogabetzeko testua, prest
Euskaraz bizitzeko nahiari eutsi eta kontsumo harremanak euskaraz izateko eskatu du Kontseiluak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu