Gaur 2.355.958 euskal herritarrek dute bozkatzeko eskubidea: Espainiako Estatistika Institutuak (INE) emandako datuen arabera, milioi bat inguruk Bizkaian (959.702), 597.859k Gipuzkoan, 535.313k Nafarroan, eta  267.325ek Araban. Bozkatuko duten guztiak, ostera, ez dira Hego Euskal Herrian ipinitako hauteslekuetara joango; 127.570 AEHE erroldaren arabera atzerritzat jotako eremuan bizi baitira, eta 94.391k posta bidez bozkatzeko eskatu baitute. Posta bidezko botoari dagokionez, eskaera gehientsuenak Bizkaian erregistratu dira (39.868), Gipuzkoan 23.548, Nafarroan 20.897, eta Araban 10.078—. Kopuru hori 2023ko hauteskundeetan baino nabarmen txikiagoa da —261.832 izan ziren orduan—, baina kontuan hartu behar da udan egin zirela hauteskunde haiek, eta herritar askok, oporrak zirela eta, posta bidez bozkatzea hobetsi zutela.
Espainiak EAEn eta Nafarroan dituen ordezkaritzek udalekin, Ertzaintzarekin eta Foruzaingoarekin elkarlanean antolatzen dute hauteskunde eguna. Besteak beste,hautesleku guztietan izango diren ordezkariak izendatzen dituzte bi ordezkaritzek. Gaur arituko diren 2.500 ordezkarien lana funtsezkoa da: sortzen diren gorabeheren berri ematen dute eta, batez ere, parte hartze datuak eta boto zenbaketaren emaitzak transmititzen dizkiote Espainiako Gobernuari. Parte hartze datuak 14:00etan, 18:00etan eta hauteslekuak ixten dituztenean ematen dituzte. Eta emaitzak, berriz, hautetsontzietako boto guztiak zenbatzen direnean.
11.000 herritar mahaietan
Horrekin batera, azpimarratzekoa da udalek egiten duten lana: haien ardura da 1.075 hauteslekuak antolatzea —362 Nafarroan, 336 Bizkaian, 276 Gipuzkoan eta 101 Araban—. Horietan 3.647 mahai egongo dira, eta horietako bakoitzean bi hautetsontzi: batean Kongresurako botoak jasoko dituzte, eta bestean Senaturakoak. Mahai horiek antolatzen hiru lagun izango dira —mahaiburua eta lehen eta bigarren mahaikideak—. Guztira 10.941 mahaikide arituko dira gaur. Hauteslekuak 09:00etatik 20:00etara bitarte irekiko dituzte. Gaurko hauteskundeetako berritasunen artean dago NAN elektronikoarekin bozkatzeko aukera. Gidabaimenak eta pasaporteak ere balio dute botoa emateko, baina jatorrizko dokumentuak izan behar dute.
Kongresua 350 diputatuk osatzen dute, eta horietatik 23 dagozkie Hego Euskal Herriko lurraldeei: Bizkaiari zortzi, Gipuzkoari sei, Nafarroari bost eta Arabari lau. Boz horietara zerrenda itxiak aurkezten dituzte alderdiek, eta herritarrek zerrenda horietako bat hautatu dezakete. Legealdi honetan PSOEk (PSE-EE eta PSN) zazpi ordezkari izan ditu, EH Bilduk sei, EAJk bost, PPk hiru eta Sumarrek eta UPNk bana. Senatua, berriz, 266 senatarik osatzen dute egun. Gaurko bozetan, baina, ez dira guztiak aukeratuko, 208 baizik. Hego Euskal Herrian, lurralde bakoitzeko lau. Gainera, badu berezitasun bat hautaketa egiteko moduak: alderdiek zerrenda irekiak aurkezten dituzte, eta herritarrek norbanakoak hautatu behar dituzte, gehienez hiru. Egun, PSE-EEk eta PSNk zazpi senatari dituzte, EAJk eta EH Bilduk launa eta UPNk bat.