EAEko Ahal Dugu-ko Ekin Podemos hautagaitzako kideetakoa da Javier Bilbao (Erandio, 1961), eta hura da, gainera, primarioetako koordinatzailea. Gustura dago egiten ari diren lanarekin, jendearengana iristen ari direlakoan.
Ahal Dugu-ren hautagaitza ez-ofiziala al da Ekin Podemos?
Ez dakit beste hautagaitza [Denok Bat] hautagaitza ofizial gisa hartu behar den, hala jotzen duten arren. Roberto Uriarte idazkari nagusiak duela egun batzuk esan zuen hautagaitza bateratu bat egongo zela. Denok Bati buruz ari zen. Baina ez zen horrela, guk ordurako primarioetara aurkezteko erabakia hartu genuelako.
Neutraltasuna eskatu diozue Uriarteri.
Hori delako haren eginbeharra. Neuk esan nion geuk ere badugula hautagaitza bat, eta erantzun zidan ez zekiela eta horregatik aipatu zuela hautagaitza bateratu bat egongo zela. Gertatzen da hautagaitzak aurkezteko epea artean itxi gabe zegoela eta, beraz, Uriartek ezin zuela hori esan.
Irabaztea espero al duzue?
Bai. Izan ere, gu gara herrietan lanean ari garenak, kartelak jartzen ditugunak... Jendeak ezagutzen gaitu, eta gertutasun handiko kanpaina ari gara egiten. Denok Bat hautagaitza, hedabideetako kanpainan oinarritzen ari da.
Bi hautagaitzak zertan bereizten zarete, funtsean?
Esango nuke Podemosen oinarrizko programa dugula biok, eredu sozial jakin bat aldarrikatzen duena: ekonomiaren erregularizazioa, kooperatibak sustatu, ekonomia soziala, etxe kaleratzeak geratu, banku publikoa, enpleguaren aldeko politika aktiboak, politika sozialak... Gainera, orain bozkatuko duguna da zein hautagaitza den nagusi foru hauteskundeetarako. Hori erabakita, EAEko Ahal Dugu-n denon artean osatu beharko dugu bozetarako programa. Beraz, zein da Denok Baten eta Ekin Podemosen arteko aldea? Lan egiteko filosofia. Denok Batekoek uste dute elitekoak direla eta zirkuluak zuzendu behar dituztela. Aldiz, guk pentsatzen dugu zuzendaritzak zirkuluetan oinarritu behar duela, haiek ahaldunduz.
Nola osatu duzue taldea?
Taldea eratzeko arazoak zituen jendea elkartu dugu guk. Ardatz nagusi batzuek batzen gaituzte, ez beste ezerk, eta hiri eta herrietan lanean dabilen jendea gara. Denok Bateko hautagaitza, aldiz, itxiagoa da, batzuen artean hitzartutakoa, aitortu dutenez. Gurea esperimentu parte hartzaileagoa da, eta herritarren ahalduntzea bultzatzea dugu helburu. Hau da, zuzendaritza nagusiarentzat guk balio baldin badugu kartelak-eta jartzeko, balio dugu hautagaitzetan ere egoteko eta irabazteko. Ni baikor nago. Gainera, kontuan izan behar da telematikoa izango da bozketa. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamabi mila lagun gaude izena emanda alderdian eta bakoitzak boto bat dauka. Udalerrietan lanean ari den jendeak ezagutzen gaitu, eta bozkatu egingo gaituela pentsatzen dut.
Eta irabazten baduzue, foru hautagaiak izango zarete. Uriartek esaten du hauteskundeen ondoren ez duela beste alderdiekin aliantzarik egin nahi eta inbestidura saioan Podemos Ahal Dugu-koek beren zerrendaburuari emango diotela botoa. Zer diozue zuek?
Planteamendu denak aztertu beharko dira, eta erabaki bat hartu.
Baina zer irizpideren alde zaudete, gaur-gaurkoz?
Nik uste EAEko Ahal Dugu-n ia denok Uriartek aipatutakoarekin ados daudela, neu tartean. Printzipioz, ez gara bozen ostean besteekin aliantzak egitearen aldekoak eta geure buruari bozkatuko diogu. Horretan bat egiten dugu Uriarterekin.
EAE-KO AHAL DUGU: PRIMARIOAK. Javier Bilbao. Ekin Podemos hautagaitza
«Denok Batek zuzendu egin nahi ditu zirkuluak; guk, ahaldundu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu