Mugarri bat izatea nahi dute. Orain arteko lorpenen balorazioa eta etorkizuneko erronkei buruzko hausnarketa. Gogoeta egun bat. Denon Bizitzak Erdigunean plataformak jardunaldi nazionala antolatu du maiatzaren 10erako Bilbon, Unamuno institutuan. «Argi dago aurrerapauso garrantzitsuak egin ditugula», adierazi dute gaur. Horretan jarraitu nahi dute, «badakigulako zaintza eraldatuz sistema bera eraldatzeko aukera dugula».
Denon Bizitzak Erdigunean dinamika Euskal Herriko mugimendu feministak sortu zuen, 2023ko azaroaren 30eko grebaren harira, zaintza eskubide kolektiboaren alde egiteko eta zaintza lanei lehentasuna emateko. Proiektu horrekin bat egin zuten zenbait sindikatuk —LABek, Steilasek, ESK-k, EHNEk, Etxaldek eta Hiruk—, baita herri mugimendu eta talde feminista batzuek ere.
Zaintza sistema publiko eta komunitarioa izatea dute helburu. 2023an, sindikatuek, mugimendu feministak eta beste zenbait eragilek herri akordio batean bildu zituzten beren eskaerak, eta akordio horretan oinarrituta egingo dute maiatzaren 10eko jardunaldia.
Ikusi gehiago
Marina Urkidi Bilboko Mugimendu Feministako ordezkariak, Yolanda Hurtado Trabajadoras No Domesticadas-eko ordezkariak eta Itziar Garate pentsiodunak hitz egin dute eragileen izenean, gaur, Bilboko Erriberako merkatuan.
Grebaren garrantzia
Maiatzaren 10eko jardunaldia mugarri izatea nahi dute, eta gogoratu dute aurretik beste mugarri bat ezarri zutela: 2023ko azaroaren 30eko greba feminista orokorra. «Ordura arte mugimendu feministak bere kabuz lantzen zuen lan ildoa herritar ororen eta herri gisa erantzuteko arazo bihurtu zen», haien arabera. Grebaren garrantzia ez ezik, hura antolatzeko prozesuaren garrantzia ere nabarmendu dute. Handik sortu zen zaintzari buruzko herri akordioa. «Hori izan da gure zoru komuna, baita zerumuga ere».Â
2023ko azaroaren 30eko grebaren ondoren, Euskal Herriko gobernuei eskatu zieten neurriak hartzeko eta urratsak egiteko zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde. «Entzungor egin zioten horri, eta ez dugu aurrerapenik ikusi», salatu dute. «Zaintza lanak pribatizatzen eta enpresen mesedetan lan egiten jarraitu dute, zaintza negozio bihurtuta emakume, eta batez ere, emakume migratu eta arrazializatuen kontura». Hain zuzen, etxeko lanetan eta zaintza lanetan aritzen diren emakumeak izan dituzten gogoan, «borroka honetako ezinbesteko subjektu».
Jardunaldi irekia
Zaintza lanak eta zaintza sistema bidezkoago bilakatzeko bidean, bidelagunak batzen aritu dira urteotan. Sindikatuak «ezinbesteko aliatuak» izan dira. Horiekin ez ezik, beste eremu batzuetako eragileekin ere lan egin dute, gaur zerrendatu dutenez: euskalgintza, gazteak, ekofeminismoa, transfeminismoa...
Jardunaldi irekia izango da, eta parte hartzera gonbidatu dituzte eragile politikoak eta sozialak, sindikatuak, mugimendu feministako kideak, zaintzan aritzen direnak, erabiltzaileak, haien ingurukoak eta «zaintza eraldatzeko bidean ekarpena egin nahi duten herritar guztiak».