Bizikidetza

Desagerrarazitako zazpi lagun aurkitzeko "tresnak martxan jartzeko" eskatu du Foro Sozialak

Bortxazko Desagertzeen Nazioarteko Eguna da gaur, eta hori "ofizialki ospatzen hastea", biktimak "zehazki aitortzea" eta Egiaren Batzordea osatzeko "adostasunak eraikitzen hastea" proposatu dute Altzelaik eta Arrizabalagak. "Euskal gatazka" deitutakoan, zazpi kasu dituzte dokumentatuak.

Naparraren gorpua bilatzen aritu ziren 2017ko apirilean Landetan (Okzitania), baina ez zuten aurkitu. CAROLINE BLUMBERG / EFE
2019ko abuztuaren 30a
15:32
Entzun

"Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, euskal gatazka delakoaren testuinguruan bortxaz desagerrarazi diren eta orain arte dokumentatuak dauden zazpi pertsonak non dauden jakiteko beharrezko diren tresnak eta mekanismoak martxan jarri behar dira". Hala eskatu dute gaur Nekane Altzelai eta Tasio Arrizabalaga Foro Sozialeko kideek, Donostian egindako agerraldi batean. Bortxazko desagertzeena "beldurra barreiatzeko estrategia bat" dela azaldu dute, eta Euskal Herrian ere erabili izan dela.

Horren adibide dira gaur aipatu dituzten kasuak: Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga galiziarrena —Miarritze (Lapurdi) eta Donibane Lohitzune artean desagertu ziren, 1973an—, Eduardo Moreno Bergaretxerenak Pertur-ena—1976an, Behobian (Lapurdi)—, Tomas Hernandezena —1979an, Hendaian (Lapurdi)—, Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-rena —1980an, Ziburun (Lapurdi)—, eta Jean-Louis Larre Popo-rena —1983an, Leonen (Landak, Okzitania)—.

Urte politiko honetako erronka nagusia "elkarbizitza demokratikorako behin betiko oinarriak" jartzea dela azaldu du Altzelaik, eta, bortxazko desagertzeen kasuan, egia jakiteko eskubideak "berebiziko garrantzia" duela nabarmendu du: "Pertsona hauek non dauden eta zergatik desagertu ziren oraindik ez jakiteak eragiten duen mina oso handia da, eta hori gainditzea, oso zaila. Hala adierazi digute, behin baino gehiagotan, senideek".

Bortxazko desagertzeen kasuak aitortzeko eta argitzeko proposamenak aurkeztu ditu Foro Sozialak https://t.co/ysUdCjeSiipic.twitter.com/iuMjHyLISz

— Foro Soziala (@ForoSoziala) August 30, 2019

Egoera horri aterabide bat emateko, lanean ari dira dagoeneko hainbat erakunde eta elkarte. Eusko Jaurlaritza, EHU eta Euskal Memoria fundazioa egiten ari diren ikerketa lana nabarmendu dute Foro Sozialeko kideek, baita familiako abokatuen ahalegina eta senideek erakutsitako "kemena" ere. Bide horretan sakontzeko, hiru proposamen aurreratu dituzte: gaurko eguna "ofizialki ospatzen hastea" —Bortxazko Desagertzeen Nazioarteko Eguna da gaur, NBEk hala izendatuta—, "biktimak zehazki aitortzea, era oso batean" eta Egiaren Batzordea "osatzeko adostasunak eraikitzen hastea".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.