«Desberdintasun oro zibilizatzearen, kartzelatzearen eta ezabatzearen kontra» hartu ditu Baionako karrikak lehen harrotasun martxa erradikalak

Laurehun bat pertsona elkartu dira Ipar Euskal Herriko Asanblada Transmaribibolloak antolatutako lehen Harrotasun Erradikalean. Borroken intersekzionalitatearen alde egin dute, eta Euskal Herriko eta Palestinako askatasunaren aldeko borrokak azpimarratu.

Baionako 'Harrotasun Erradikala', gaur, Ipar Euskal Herriko Asanblada Transmaribibolloaren eskutik. NAHIA GARAT
Baionako 'Harrotasun Erradikala', gaur, Ipar Euskal Herriko Asanblada Transmaribibolloaren eskutik. NAHIA GARAT
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko irailaren 19a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hemen gaude, eta borrokan segituko dugu behar den bitartean. Hitzek garrantzia dutelako, eta zapalkuntzak ezagutu behar ditugulako horiei aurre egiteko, Harrotasun Erradikal honek arrazakeria, xenofobia, kapazitismoa, psikofobia, putofobia, lodifobia, transfobia, enbifobia, intersexofobia, homofobia, bifobia, panfobia, lesbofobia, maritxufobia, adin arteko diskriminazioa, zerofobia eta arau kapitalistek, arrazistek eta patriarkalek inposatzen dituzten diskriminazio guziak borrokatzen ditu». Ehunka pertsonaren txaloen oihartzunari La Basu eta Fermin Muguruzaren Lurralde komantxe kantuaren erritmoa nahasi zaio. Eta bozgorailuek iragarpena egin diete baionesei: «Kalean dira antifaxistak».

Horrelaxe abiatu da Ipar Euskal Herriko lehen harrotasun martxa erradikalaManifestazioko jende lerroari hatsarre eman dion banderolan, honako mezu hau zabaldu dute: «Queer oldarra. Gure harrotasuna borroka da». Eta borroka hori intersekzionala dela gogorarazi dute. Hori bera baita duela hilabete batzuk sortutako Ipar Euskal Herriko Asanblada Transmaribibolloaren ildoa.

Martxa abiatu aitzineko mintzaldian, zera zehaztu dute: «Desberdintasun oro zibilizatu, kartzelatu eta ezabatu nahi den honetan, argi eta garbi kokatzen gara gure identitateen eta gorputzen instrumentalizazioaren aurka: ez dugu parte hartu nahi genozidioa, kartzela, diskriminazioak, autoritarismoa eta faxismoa barneratzen dituen gizarte batean. Harrotasunik ez baita genozidio baten garaian. Erantzun diezaiogun ozen queer mugimendutik».

Erraterako, martxa abiatu ondoko lehen pausa Baionako San Izpiritu zubian egin dute, non eta hilabeteetan Israelgo bandera atxikia izan den zubian. Bertan egin duten hitzaldia, hain justu, Palestinaren libratzearen aldekoa izan da zehazki. Queer for Palestine kolektiboaren agiriaren moldaketa bat irakurri dute, salatzeko, batez ere, nola «Mendebaldeak» queer komunitatea «instrumentalizatzen» duen bere «erretorika koloniala zuritzeko». Aurrera segitu dute: «Aurrez aurre ematen ditu basatiaren irudi arrazista eta zibilizatuago izango litzatekeen gizartea; alegiazko Palestina obskurantista basatia eta bakea eredu gisa duen alegiazko Israelgo jendartea». Irakurketan aitzina, argiki adierazi dute «ezin» litekeela «askapen queerrik lortu dinamika koloniala salatu gabe».

Txaloen oihartzuna zabaldu da oraino haboro Baionako karriketan zehar. Katedralera bidean doaz Teixa eta Maina ere, laurehun bat pertsonaren artetik, LGTBI kolektiboaren aldeko zapi bat lepoan jantzirik Mainak. «Haurtzaro guzia» Baionan pasaturik ere, aitortu du ez zela egokitzen zitzaion «queer mugimendurik». Asanblada Transmaribibolloaren lehen martxara hurbildu da orduan: «Euskalduna naiz, eta queerra ere bai: mugimendu berri hori ikusi nahi nuen, ene baloreekin bat egiten duena».

Izan ere, «euskal nazioaren askapen mugimenduekin bat egiten» du queer mugimendu sortu berriak. Hasierako hitzaldian, betiere, salatu dute «[queer] gorputzek normalizazio heteroarautua ukatzen duten bezala» Euskal Herriak historikoki «bere existentzia defendatu» behar izan duela ukazio kultural eta politikoen aurka, eta, ondorioz, «errepresio bortitza pairatu».

Asanblada Transmaribibolloa testuinguru politikoagatik sortu zuten, «disidenteak eskuin muturraren helburuetan» direlako, hain zuzen, Jenofa Berhokoirigoin asanbladako kideak erran duenez. «Intersekzionalitatean oinarritzen gara, eta horrek erran nahi du zapalkuntza sistema guziak kontuan hartzen ditugula, baitakigu denak elkar elikatuak eta elkar josiak direla». Horregatik da martxa Baionako presondegitik abiatu: «Sistemak baditu tresna batzuk: armairua, kartzela, psikiatria... Finean, sisteman ez direnak zigortzeko tresnak».

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA