Ofiziala da. Bi alderdietako zuzendaritzek EAJk eta PSE-EEk lortutako gobernu akordioa berretsi eta gero, ituna izenpetu dute Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak, EAJko EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak, Gasteizen egindako ekitaldi batean. Sinadura ekitaldiaren ostean egindako agerraldian, bi alderdietako ordezkariek ituna goretsi dute, eta «elkarrizketaren, adostasunaren eta akordioaren bidea» goraipatu dute, baina berriro agerian gelditu da bi alderdiok ikuspegi desberdinak dituztela autogobernuaren auziaz.
Bi alderdiek nabarmendu dutenez, enplegua da akordioaren «oinarrizko ardatza», eta horretaz jardun dute ekitaldiaren osteko agerraldian, baina kazetarien galdera gehienak autogobernuaren auziari buruzkoak izan dira. Izan ere, estatutua «eguneratzeko» lantalde bat sortuko dela eta lantalde hori sortzen denetik zortzi hilabetera proposamen bat zirriborratzeko lanak amaiturik izan beharko dituela ezartzeaz landa, zehaztapen gutxi dakar akordioak: bi alderdiek elkarri «askatasuna» aitortu diote «batzorde txostengile horretan autogobernuaren arloan bakoitzak bere ideiak eta asmoak aldezteko».
Galdeketaren auzia
EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek, esaterako, argitu du bere alderdiak ez diola uko egiten herri galdeketa bat antolatzeari lantalde horretan onarturikoa berresteko, nahiz eta gobernu akordioan horrelakorik jaso ez. «Legebiltzarraren akordio politikoa legitimatzeko tresna da galdeketa», esan du Ortuzarrek, eta erantsi du bere alderdiaren asmoa dela estatus berriaren inguruko prozedura «agintaldi honetan ebatzita» uztea.
Ortuzarrek berretsi du EAJk orain arteko jarrerak defendatuko dituela autogobernuari buruzko lantaldea eratzen denean, eta, galdeketaz gain, «Euskadi nazio gisa aintzatestea» ere proposatuko duela. «EAJk ez die uko egingo bere oinarriei eta hauteskunde konpromisoei; alderantziz, lantaldean defendatuko ditugu», esan du.
Adostasunaren bidea eta PSE-EEn aurkitu duten «adosteko jarrera ona eta borondatea» goraipatu ditu Ortuzarrek, eta gainerako alderdiei dei egin die «adostasun hau partekatzeko», jakitun baitira «beste alderdiekin ere akordioak» beharko direla.
Mendiak, berriz, «bi tradizio politiko handien uztarketa» eta «adostasun puntuak mahai gainean jartzeko gaitasuna» goraipatu ditu; «elkarrizketaren, adostasunaren eta akordioaren» bide hori «Euskadirentzat eta Espainiarentzat onuragarria» izango delakoan dago. Are gehiago: «inori leziorik emateko» asmorik gabe ere, akordioak «elkarrizketaren bidea» nabarmentzen duela erantzun du, ituna Kataluniarentzat eredu izan ote zitekeen galdetu diotenean.
Akordioan zehazten da autogobernuaren inguruko batzorde txostengileak zortzi hilabeteko epea izango duela estatutu berriaren zirriborroa taxutzeko, baina ez du eperik finkatzen batzorde txostengile hori erredakzio lanean has dadin —«oinarrizko akordio bat ahalbidetuko duten elkarrizketa, eztabaidak eta negoziazioak egiteko beharrezkoa den denbora» hartuko duela jasotzen du akordioak—.
Horretan oinarrituta, analista batzuek ondorioztatu dute prozesua eperik gabe luza zitekeela, eta Mendia bat etorri da horretan, eztabaida «luzea eta korapilatsua» izango dela iragarri baitu.
Oposizioa, kritiko
Sinadura ekitaldiaren osteko agerraldian emandako azalpenek ez dituzte baretu oposizioaren kritikak. EH Bilduko Arnaldo Otegik,akordioa «orain artekoaren jarraipena» eta «aurreikusteko modukoa» dela esateaz gain,«kezka» agertu du, haren ustez han agertzen diren eduki batzuk «hipoteka» bilaka daitezkeelako autogobernuaren eta elkarbizitzaren arloetan.
Esaterako, estatus berriaren inguruko prozesua «legearen barruan» egin beharrari buruzko aipamena kritikatu du Otegik: «Herritarrek hainbat aukeraren artean erabakitzeko eskubidea izan beharko lukete, independentzia, estatu federala edo autonomia barne», esan du EH Bilduko eledunak.
Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Lander Martinezek, berriz, esan du akordioa «asmo eta hitz onez beterik» dagoela, baina «neurri zehatzak» ments dituela. «Akordioak ez die soluziobiderik ematen langabezian daudenei, kanpora joan beharrean aurkitzen diren gazteei, behin-behineko lana dutenei edo diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen ez dutenei», esan du.
PSE-EEri, berriz, «estatus berriaren inguruko EAJren proposamena bere egitea» leporatu dio Martinezek, «hauteskunde kanpainan hura kritikatzen aritu ostean».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidente Alfonso Alonsok ere «subiranisten bide orria bere» egin izana leporatu dio PSE-EEri. Haren ustez, «nazionalisten kontakizuna onartu» egin dute sozialistek, eta «neutralizaturik» gelditu dira «garrantzi gutxiagoko hiru sail kudeatzearen truke».
Alonsoren ustez, begien bistakoa da EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuak EH Bildu edo Elkarrekin Podemos izango dituela bidelagun aurrerantzean. Euskal presoak gerturatzeari buruz akordioan egiten diren aipamenak ere «EH Bildu pozik uzteko» keinuak dira, Alonsoren aburuz.
Sindikatuei dagokienez, gehienek ez dute akordioa begi onez ikusi. ELAk eta LABek egindako kritikei CCOOrenak gehitu zaizkie: sindikatuko idazkari nagusi Unai Sordo «harriturik» agertu da Lanbide zerbitzua Lan eta Enplegu Sailetik kanpo gelditu delako, eta zerga sistemaren inguruko «tratamendu eskasa» ere ez da haren gogokoa izan. Edonola ere, zuhur agertu da, eta iragarri du CCOOk bilera egiteko eskatuko diola koalizio gobernu berriari, «nolako asmoak dituzten» jakiteko.
Oso bestelako iritzia eman du patronalak. Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteko presidente Iñaki Garcinuño pozik agertu da EAJ-PSE akordioarekin: «Lehen ere onak izan dira EAJren eta PSE-EEren arteko itunak, eta hau ere ona izan daiteke», esan du.
Desberdintasunak agerian gelditu arren, ituna goretsi dute bi aldeek
EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa sinatu dute Gasteizen. «Akordioaren bidea» hautatu izana goraipatu dute bi alderdiek. Autogobernuaren auzian iritzi desberdinak dituzte oraindik ere

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu