Emakumeen Nazioarteko Eguna

Desikasteko eremu berriak

Autodefentsa feministaren ezaugarri nagusiak azaltzeko lantegia egin dute ESK eta Steilas sindikatuek, elkarlanean. Ideien «truke oparoa» egin dute parte hartzaileek.

2016ko martxoaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Autodedentsa feminista zer den azaltzeko ikastaroa eman zuen Saioa Vera ESK sindikatuko kideak, otsail amaieran. Autodefentsa feminista, baina zer arraio da hori? mintegia publiko mistoarentzat zenez, Verak autodefentsa kontzeptua lantzeari eman zion garrantzia:«Autodefentsa fisikoa lantzeak izaera politikoa du, eta emakumeak ahalduntzeko baliabidea da; kontzeptua, ordea, zabalagoa da, eta gizonak feminismora erakartzeko balio dezake». Hamasei lagunei eman zien hitzaldia Verak, eta horietatik hiru ziren gizonezkoak.

Steilas sindikatuarekin batera, formakuntza saioak egiten dituzte hilero, eta Emakumeen Nazioarteko Eguna gertu zegola ikusirik, feminismoa azaltzeko lantegia egitea erabaki zuten. Vera gustura dago hitzaldian landu zuenarekin: «Gune interesgarri bat sortu genuen; feminismoaz hausnartzeko ingurune eder bat izan genuen».

Lehenik eta behin, ohiko defentsa pertsonalaren eta autodefentsa feministaren arteko desberdintasunak azaldu zizkien entzuleei. Helburua da bien arteko desberdintasunik nabarmenena: «Autodefentsa feminista ahalduntzea helburu duen tresna da; defentsa pertsonalak, berriz, ez du xede politikorik. Argi utzi nahi izan nien».

Teoria ariketa praktikoekin tartekatu zuen Verak. Edukiak helarazteko modurik onena iruditu zitzaion: «Beharrezkoa da desikaste prozesu bat egitea feminismora gerturatzeko. Aurretiko lanketa hori egiteko, ariketa batzuk egin genituen. Hitzaldia bere hartan eman izan banu, kontzeptuak airean geratuko ziren». Ariketek autodefentsa feministaren eta indarkeria matxistaren inguruko zurrumurruak lantzeko balio izan zien.

Lanketek oso ideia interesgarriak eragin zituzten, Veraren esanetan. «Indarraren erabilpenaz aritu ginen, adibidez. Feministon artean zalantza handiak sortzen dituen alorra da, berez. Tailerrean ere gaia atera zen, eta eduki interesgarriak eman zizkiguten entzuleek».

Antzeko plaza gehiago sortu beharko liratekeela uste du Verak, hala kontzientziazioa ere handiagoa izango delako: «Lanketa zenbat eta zabalagoa izan, are eta sarean ehunduagoa egongo da feminismoa, eta, horrenbestez, indarkeria matxistaren aurkako borroka bateratuagoa izango da». Gaineratu du, uste okerrek ere leku gutxiago izango luketela gaia landuz gero.

Sentsazioak partekatzen

Veraren arabera, ESKn saiatzen dira antzeko saio gehiago egiten. «Indarkeria matxista oso barneratuta dagoen kontzeptua da, eta, gizonezko askorentzat benetan zaila da horretaz ohartzea, ez baldin bada egiten ideien, egoeren eta gertakizunen azalpen bat».

Segurtasun sentsazioaz ere aritu ziren saioan. Gai horrekin «hausnarketa benetan sakonak» egin zituztela gogoratu du Verak. «Beste ikuspuntu batzuk adierazi zizkiguten, eta niri nirea sakontzeko balio izan dit, sarritan geuk bizi izan dugunetik egiten baititugu hausnarketak». Emaitza ikusirik, lantegia berriz ere egingo dutela argi du ESKako kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA