Desinformazioan oinarritutako kontakizun bat egitea aurpegiratu die PSNk UPNri, PPri eta Voxi

Alderdiaren lurralde batzordeak onartutako ebazpenean eskuineko oposizioaren estrategia salatu dute. Maria Txibite idazkari nagusiaren arabera, Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordea «ke laino bat» da.

Maria Txibite, gaur, PSNren lurralde batzordeko bileran. IÑAKI PORTO / EFE
Maria Txibite, gaur, PSNren lurralde batzordeko bileran. IÑAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2025eko urriaren 25a
12:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

PSNren lurralde batzordeak ebazpen bat onartu du gaur goizean egindako bilkuran. Bertan azpimarratu dute Nafarroako Gobernuaren prozedura administratiboetan ez dela egon «ez esku hartze politikorik, ez eta ustelkeriarik ere». PSNk, halaber, zera aurpegiratu die UPNri, PPri eta Voxi: «erakundeen eta gobernuaren sinesgarritasun politikoa auzitan jarri asmoz», susmoetan eta desinformazioan oinarritutako kontakizun bat egitea.

Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordea Acciona eta Servinabar enpresei esleitutako kontratu publikoak aztertzen ari da, eta lurraldeko arreta mediatikoa bereganatu du. Hala, lurralde batzordeak —alderdiaren organo gorenak— auzi horri erreparatu dio kongresu arteko aldian. Susmo nagusiak alderdi sozialistaren gain direnez, PSNk berretsi du gobernuaren jardunean «zintzotasunez, gardentasunez eta legearen arabera» aritzeko konpromisoa duela.

Bilkuraren hasieran, Maria Txibite idazkari nagusiak esan du ikerketa batzordea «ke laino bat» dela eta «existitzen ez den errealitate bat» saltzeko helburua duela. Haren irudiko, ez dago alderik UPNren, PPren eta Voxen artean, eta eskuin muturraren estrategia bera izatea leporatu dio UPNri. «Gobernua erorarazi besterik ez dute buruan».

Eskuinaren estrategia

Txibitek gogoratu du lehen guztia ETA da zela euren leloa, eta adierazi du orain ustelkerian zentratu direla. «ETA ez da existitzen, eta PSNk ez du finantzaketa irregularrik, eta nire gobernua ez da ustela». Haren iritziz, «antipolitikaren adibide» dira, eta «proiektu politiko baten falta ezkutatzen dute» horrela. Haren esanetan, egia ez zaie interesatzen, baizik eta «gezurretan oinarritutako kontakizuna». 

Horri loturik, gogora ekarri du ikerketa batzordetik pasatu diren Belateko tuneleko kontratazio mahaiko kideek onartu dutela ez zutela presio politikorik jaso, eta ez zela irizpide politikorik egon enpresa jakin batzuei esleitzeko herri lan hori. «Desadostasunak izan zituzten euren artean, baina askatasunez, irizpide teknikoen arabera, hartu zuten erabakia». Txibiteren arabera, administrazioaren ikuspegitik prozedura hobetu zitekeen, baina horrek ez du esan nahi irregulartasunik egon zenik. 

UPNren erantzuna

Berehala erantzun dio UPNko Cristina Ibarrolak. Haren esanetan, Txibite ez da gobernu garbi baten bermea. Ibarrolaren arabera, «ez da ke laino bat» Espainiako Auzitegi Gorenak Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohi eta PSNko kidea espetxeratu izana. Era berean, Ibarrolaren iritziz, Belateko tuneletako kontratazio mahaiko presidentearen hautua «erabakigarri» izan zen adjudikazioan, eta hori ere «ez da ke laino bat». Azken bi asteetan, dena den, ikerketa batzordean agerian geratu da Jesus Polo kontratazio mahaiko presidentea ez zela azkena izan enpresen eskaintza bozkatzen; hori ez dator bat UPNren tesiarekin. Ibarrolaren arabera, ordea, Polok «gezurra esan zuen» batzordean, eta bere tesiari eutsi dio. 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.