Desobediente Guardia Zibilari

Euskal presoen 127 senidek kuarteletan deklaratzeko zitazioak jaso dituzte, baina ez dira joango

Etxerat elkarteko kideak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Donostia
2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Euskal presoen 127 senidek Guardia Zibilaren zitazioak jaso dituzte, kuartelera lekuko gisa deklaratzera joateko esanez, baina ez dira joango, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Zitazio orrian ageri denez, «diru zuritze» auzi bat dela-eta deitu dituzte. Etxerat-ek dio ez dakiela justu zertaz ari den Guardia Zibila, baina abokatuek esan diete seguruenez presoen abokatuen aurkako urtarrileko operazioarekin duela lotura.

«Nahikoa da! Falta zena, senideok kuartelera deklaratzera joatea! Euskal Herrian badakigu zer den kuartelera joatea», adierazi du Maider Alustiza Etxerat-eko bozeramaileak Donostian, ehunen bat seniderekin batera emandako prentsaurrekoan.

Guardia Zibilak norbere etxera joanda edo telefono deien bidez egin dizkie zitazioak. Aurrenekoek atzoko zuten hitzordua kuartel batean; zitazioak hilaren 29an amaituko dira. 109 lagun Gipuzkoako bizilagunak dira, eta Intxaurrondo Donostiako kuartelera joateko eskaera jaso dute. Beste hemezortzik, Salve Bilbokora, Bizkaikoak izanik. Desobedientzia egingo diote, ordea, Guardia Zibilari. «Abokatuek esan digute zitazioon aurrean legez ez gaudela joatera behartuak. Senideok zerbait badugu, duintasuna dugu. Ez dago ezer ankerragorik senide bat zigortzea baino, bere senide presoari mina emateko. Jadanik nahikoa dugu sakabanaketak jartzen digun zigorrarekin. Zitazio hauek gure aurkako beste presio neurri bat dira», azaldu du Alustizak. Hitzordua auzitegietatik jasotzen badute —«espero dezagun ezetz»—, orduan aurkeztu egingo dira, Etxerat-ek dioenez.

Haren arabera, euskal gizarteak ezin du onartu Espainia presoekin eta haien senideekin egiten ari dena. «Klase politiko, sozial eta sindikal guztiari exijitzen diogu nahikoa dela esateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.