Desokupa «enpresa faxista» asteon Bizkaira itzultzekoa dela ohartarazi dute

«Alerta antifaxista» piztu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta kalean erantzuna antolatzera deitu du.

Desokuparen etorreraz ohartarazi du etxebizitza sindikatuak gaur Bilbon. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Desokuparen etorreraz ohartarazi du etxebizitza sindikatuak gaur Bilbon. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 26a
19:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

DesokupaCyL Espainiako enpresa asteon Bizkaira etortzekoa dela ohartarazi du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, gaur arratsaldean Bilbon egin duen agerraldi batean. Herritarrak beren etxeetatik bortxaz eta legez kanpo ateratzen dituzte horrelako «enpresa faxistek», eta haiei aurre egiteko «alerta antifaxista» abiatu du sindikatuak: kalean erantzuna antolatzera deitu dute, babes sareak indartzera eta adi egotera, ez baitakite non agertuko diren.

Azken asteetan, Barakaldon, Zornotzan eta Bilboko Santutxu eta Zorrotza auzoetan izan dira halako etxegabetze enpresak, «langileak mehatxatzen eta gorroto mezuak zabaltzen». Izan ere, sindikatuko kideek azaldu dutenez, «enpresa faxistak» dira: «Batetik, faxistez osatuta daudelako, gehienek harremana baitute eskuin muturreko taldeekin; eta bestetik, faxistek egiten dutena egiten dutelako, hau da, intimidazioaren eta indarraren bidez familia langileak beren etxeetatik kanporatu».

«Langile klaseko sektore pobretuenen aurka eginez eta beraien artean gerra piztuz, kapitalisten erantzukizuna ezkutatzen dute»

ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA

Erantsi dute «erabateko zigorgabetasunez» jokatzen dutela: «Poliziak babesa ematen die, estatuak beraien existentzia ahalbidetzen du eta udalek beste alde batera begiratzen dute». Eta, egiaz, jabe handien interesak defendatzen dituztela nabarmendu dute: «Langile klaseko sektore pobretuenen aurka eginez eta beraien artean gerra piztuz, kapitalisten erantzukizuna ezkutatzen dute, eta baldintza kultural, politiko eta juridikoak jartzen dituzte jabeek etxebizitzekin nahi dutena egin dezaten».

Emakumeak jomugan

Sindikatuak salatu du enpresa horiek sare sozialak erabiltzen dituztela mezu erreakzionarioak eta gezurrak zabaltzeko, haien «kriminalizazio markoa inposatze» aldera, «sinetsarazteko badela etxetik indarrez kanporatua izatea merezi duen jendea». Errealitatea bestelakoa dela gogoratu dute sindikatuko kideek: azken lau kasuetan, bakarrik edo seme-alabekin bizi ziren emakumeak kanporatu nahi izan dituzte, eta haietako bi indarkeria matxista jasandakoak ziren. Lau kasu horietatik hirutan, gainera, etxearen jabeek egindako irregulartasunak salatu ditu sindikatuak, bai etxebizitza babestuak legez kanpo alokatzeagatik edo alokairu kontraturik ez egiteagatik.

Hala, enpresa hori datozen egunotan Bizkaira etor daitekeela eta, erantzuna kalean antolatzera deitu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: «Elkartasuna ehundu behar dugu». Alerta antifaxista piztu du, eta ohartarazi edozein tokitan ager daitezkeela enpresako kideak; telefono bat jarri du martxan, horri buruzko informazioa jasotzeko. Ildo horretan, eta faxismoari aurre egite aldera, GKSk larunbatean antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu du sindikatuak: Bilbon, 18:00etan abiatuko dira Jesusen Bihotza plazatik, eta Iruñean, 18:30ean, Erorien Monumentutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.