Desokupa CyL enpresaren kontrako salaketa aurkeztu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Etxegabetu nahi dituzten familien informazio pertsonala sare sozialen bidez zabaltzea leporatzen diete. Horretaz gain, mota horretako enpresen «izaera faxista» nabarmendu dute, eta haiek legez kanpo uzteko eskatu.

Karla Pisano Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bozeramailea, hedabideekin hizketan gaur, Bilbon. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
Karla Pisano Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bozeramailea, hedabideekin hizketan egiten gaur, Bilbon. ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA
14789412 kepa
Bilbo
2026ko ekainaren 4a
15:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irun (Gipuzkoa), Barakaldo eta Zornotza (Bizkaia)... Euskal Herriko hainbat txokotan nabarmen areagotu du jarduna azken hilabeteetan Desokupa CyL etxegabetze enpresak. Haiei aurre egiteko, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian aurkeztu du salaketa Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, kaleratu nahi dituzten familien informazio pertsonala sare sozialen bidez publikoki zabaltzea egotzita. Halaber, etxebizitza sindikatuarekin harremanetan jartzera deitu dituzte antzeko egoerak pairatzen ari diren pertsona guztiak, haiei babesa eman eta erantzun kolektiboa antolatzeko.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi du salaketa aurkeztu duela Desokupa Castilla y Leon (Desokupa CyL) etxegabetze enpresaren aurka. Datuak Babesteko Espainiako Agentzian aurkeztu dute, eta mota horretako enpresa horien ohiko praktiketako bat du jomuga: «Langile familien informazio pertsonala publikoki zabaltzen dute sare sozialen bidez», gaitzetsi du Karla Pisano antolakunde horretako bozeramaileak, Bilbon egindako prentsaurrekoan.

Etxebizitza sindikatuaren arabera, egoera zaurgarrian daudenen inguruko informazioa publikoki zabaltzean oinarritzen da neurri handi batean enpresa horien negozio eredua. «Milaka jarraitzaile dituzte sare sozialetako kontuetan, eta pertsona askoren helbidea, identitatea eta intimitatea agerian uzten dituzten bideoak argitaratzen dituzte. Pertsona horien aurkako gorrotoa sustatzen dute nabarmen, kontakizun faltsu eta kriminalizatzaileak osatuz», azaldu du Pisanok.

«Ezin dugu onartu halako basakeria normalizatzea: familia batek alokairua ordaindu ezin izateak ez du justifikatzen haren intimitatea sare sozialetan gorrotoaren objektu gisa erakustea»

KARLA PISANO Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako bozeramailea

Antolakundearen ustez «bereziki larria» da praktika horiek normalizatzea. Pisanok azpimarratu du egoera ekonomiko ahul batek ezin duela inola ere justifikatu pertsona baten inguruko datuak zabaltzea: «Ezin dugu onartu halako basakeria normalizatzea: familia batek alokairua ordaindu ezin izateak ez du justifikatzen haren intimitatea sare sozialetan gorrotoaren objektu gisa erakustea».

Etxebizitza sindikatuko kideak nabarmendu du, gainera, abiatutako ekinaldi judiziala «berritzailea» dela enpresa horien aurkako borrokan. Hala ere, gogorarazi du arazoa «askoz sakonagoa» dela, eta etxegabetze enpresen jardunbide osoa «ilegaltzat jotzeko beharra» azpimarratu du, «mehatxuan, hertsapenean eta presioan» oinarritzen baita pertsona zaurgarriak etxetik kanporatzeko.

Hala ere, jarduera hori legezkoa denez gero, antolakundearen ustez beharrezkoa da enpresa horien jokabide jakin batzuen aurka egitea, hainbat bidetatik borrokatu baitaitezke. Desokupa CyL enpresaren aurka aurkeztutako salaketa estrategia horren parte da.

Izaera faxistako enpresak

Etxebizitza sindikatuak berretsi egin du etxegabetze enpresak «izaera faxistako erakundetzat» jotzen dituela, eta haiek «erabat ilegalizatzeko» eskatu du.

Salaketa hori hainbat arrazoitan oinarritu dute: lehenik eta behin, «haien metodoak langile klasearen aurkako indarkeria eskuadristan oinarritzen dira», antolakundearen arabera. Bigarrenik, «klase jabeduna legezkotasunaren gainetik defendatzea da haien funtzioa». Era berean, salatu dute enpresa horietako kide askok «lotura frogatuak» dituztela eskuin muturrekoak edo zuzenean faxistak diren erakunde, talde edo alderdiekin; eta populazioaren sektore zaurgarrien kriminalizazioan oinarritutako funtzio ideologikoa betetzen dutela. Sindikatuaren hitzetan, «proletariotza kriminalizatzeko eta hari jazartzeko funtzio ideologikoa betetzen dute».

Ertzaintza etxegabetze bat gelditzen saiatzen ari ziren herritarren kontra, Astrabuduan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Ertzaintza etxegabetze bat gelditzen saiatzen ari ziren herritarren kontra, Astrabuduan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Horregatik guztiagatik, enpresa horiek legez kanpo utzi beharko liratekeela azpimarratu dute. Hala ere, gaur egun «instituzioen eta polizia indarren konplizitatea eta lankidetza» dutela salatu du etxebizitza sindikatuak. «Horrek haien jardunari aurre egitea eskatzen du esparru guztietan: kalean, esparru ideologikoan eta baita bide judizialaren bidez ere».

Azken gertaerak

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, Desokupa CyL enpresa langile familia baten etxera hurbildu zen maiatzaren 28an, Irungo Dunboa auzoan, sendi hori etxea uztera behartzeko asmoz.

Nabarmendu dutenez, antolakundeak asteak zeramatzan familiarekin harremanetan eta enpresa horren esku hartzeari kolektiboki nola erantzun prestatzen. Desokupa CyL enpresako kideak etxera hurbiltzen saiatu zirenean, sindikatuko kideekin egin zuten topo; bada, sindikatukoek haien jarduna eragotzi zuten, eta bertatik alde egitera behartu.

Ondoren, enpresako arduradunek arratsalde berean itzultzeko asmoa zutela iragarri zuten publikoki. Mehatxu horri erantzuteko, dozenaka lagun bildu ziren atarian familia babesteko. Azkenean, enpresa ez zen itzuli.

Gainera, Irungo kale bereko beste kasu baten berri izan dute. Beste familia bat ere Horus Desokupa enpresaren jazarpena jasaten ari da. Antolakundea familiarekin harremanetan dago, eta hainbat protesta egitasmo sustatu ditu herrian dagoeneko.

«Bakartuta eta babesgabe daudenen aurkako mehatxuan eta indarrean oinarritzen dira enpresa horiek, baina, sindikatu batek aurre egiten badie, haien eraginkortasuna hutsaren hurrengoa da, eta alde egin besterik ez dute»

EUSKAL HERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA

Hilabete batzuk lehenago, antzeko beste hainbat gertakari ere izan ziren: Zornotzan, ama batek hilabeteetan jasan zuen Desokupa CyL enpresaren jazarpena. Etxebizitza sindikatuaren arabera, antolakuntza bidezko esku hartzeak enpresa bere jarduna etetera behartu zuen, nahiz eta ez duten baztertzen etorkizunean berriro agertzea.

Beste kasu esanguratsu bat Burtzeñan (Barakaldo) gertatu zen. Bertan, sindikatuko kideek aurre egin zieten etxegabetze enpresa bateko kideei, eta legez kanpokotzat jotzen zuten etxegabetze bat gauzatzea eragotzi zuten. Ondoren, sindikatuak bizitoki alternatibo bat lortu zuen familia kaltetuarentzat.

Antolakuntza, jazarpenari aurre egiteko

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren ustez, kasu horiek guztiek agerian uzten dute dute antolakuntza zein eraginkorra den etxegabetze enpresen aurka.

Azaldu dute gatazka horietan esku hartu ahal izan dutela aurrez familiekin harremana zutelako eta antolakuntza sareak zeudelako. Hala ere, ohartarazi du mota honetako jarduera askoz gehiago daudela eta ez direla zabaltzen. Horregatik, enpresa horien kontra antolakuntza eta elkartasun sareak indartzeko deia egiten dute.

Emakume baten etxegabetzea gelditzeko elkarretaratzea Burlatan. IÑIGO URIZ / FOKU
Emakume baten etxegabetzea gelditzeko elkarretaratzea, Burlatan. IÑIGO URIZ / FOKU

«Irungo azken gertakarietan ikusi dugun bezala, antolakuntza eraginkorra da jazarpenaren kontra. Bakartuta eta babesgabe daudenen aurkako mehatxuan eta indarrean oinarritzen dira enpresa horiek, baina, sindikatu batek aurre egiten badie, haien eraginkortasuna hutsaren hurrengoa da, eta alde egin besterik ez dute», azaldu dute.

Antolakundearen arabera, Irungo eta Burtzeñako kasuek erakusten dute enpresa horiek jarduteko gaitasuna galtzen dutela nabarmen erantzun antolatua ematen dietenean. Horregatik, antzera dauden pertsona guztiak Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin harremanetan jartzera animatu dituzte, babesa jasotzeko eta erantzun kolektiboa antolatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA