Desokupazio enpresak lanean ari dira Euskal Herrian. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi du Espainiako Desokupacyl enpresa hiru etxetan bizi ziren pertsonak kaleratzen saiatu dela egunotan Bizkaian: Barakaldon, Bilbon eta Zornotzan. Azkenean ez zituzten kaleratu: auzokideen eta sindikatuaren erantzunei esker, kaleratzeak gelditzea lortu zuten. Halere, sindikatuak ohartarazi du desokupazio enpresak pertsona horiei jakinarazi diela itzuliko direla.
Desokupazio enpresa herenegun saiatu zen aurrena, Bilboko Zorrotza auzoko etxe batean. Alokairu kontratu erregularrik gabe pisua partekatzen duen emakume bat kaleratu nahi zuten. Desokupazio enpresa bertan zela jakindakoan, auzoko bizilagunak eta etxebizitza sindikatuko kideak bertaratu ziren, eta kaleratzea ez zen gauzatu. Enpresak epemuga bat jarri zion emakumeari etxea uzteko: otsailaren 15a.
Bigarren saiakera atzo egin zuten, Barakaldoko Burtzeña auzoan. Egoera zaurgarrian dagoen familia bat bizi da etxe horretan. Familiak hiru adingabe ditu. Duela hilabete ere haiengana joan ziren desokupazio enpresako ordezkariak. Orduan, etxebizitza sindikatuak familia juridikoki babesteko prozesua abiatu zuen. Atzo ez zituzten etxegabetu.
Atzo bertan, gauean, Zornotzako San Antonio auzoan alokairuan bizi den emakume bat kaleratzen saiatu ziren. Etxetik alde egiteko ultimatuma eman zioten emakumeari, baina sindikatuak esku hartu eta kaleratzea geldiaraztea lortu zuen.Â
Kaleratzeak eragotzi badituzte ere, sindikatuak ohartarazi du hiru kasuetan espero dutela desokupazio enpresa berriro bertaratuko dela, bizilagunak bidaltzeko asmoz.
Nola aurre egin
Sindikatuak gida bat aurkeztu du desokupazio enpresei nola aurre egin azaltzen duena. Gomendioen artean zerrendatu dituzte, besteak beste, gertatzen den guztia audio edota bideo formatuan grabatzea, atea ondo ixtea eta ezer ez sinatzea. Txostenean, desokupazio enpresa horien definizioa ere xehatu dute, eta betetzen duten «funtzio errepresiboa eta kulturala» aztertu: «Alde batetik, proletargoari jazartzen diote legez kanpoko kaleratzeak eginez, eta, bestetik, etxebizitzen jabeen inpunitate markoa orokortu eta normalizatzen dute».
Desokupazio enpresen negozioa «inpunitatean eta familien bakartzean» oinarritzen dela uste du sindikatuak. Ondorioz, nabarmendu du garrantzitsua dela babesa eta laguntza ematea etxegabetuak izateko arriskuan dauden familiei: «Familiak bakarrik ez daudenean, enpresa horiek ezin dituzte gauzatu kaleratzeak. Duten negozio bolumena txikia da, eta benetako eraginkortasuna, oso baxua. Sindikatuak esku hartu duen ia kasu guztietan kaleratzea atzeratzea lortu dugu».
Poliziaren «lankidetza eta konplizitatea»
Sindikatuak salatu du desokupazio enpresek marko erreakzionario bat sortu eta indartzen dutela: «Faxismoari ateak irekitzen dizkiote poliziaren lankidetza eta konplizitatea baliatuz. Jabeek edozer egin dezaketela normalizatu dute». Eta enpresa horiek darabilten hizkeraren garrantzia ere azpimarratu dute: «Maizter-okupa terminoa erabiltzea ez da zuzena. Hiru kasu hauetan, familia bakar bat ere ez zen etxebizitza okupatzen ari. Eta, harago joanda, etxebizitzarik ez duen eta etxebizitza huts bat okupatzera behartuta dagoen inork ez luke enpresa horien jazarpena jasan behar; bizitzeko lekurik ez baduzu, etxebizitza huts batean sartzeko eskubidea duzu».