Hesteko arriskuan dago Bilboko Deustu eta San Ignazioko modulu psikosoziala, udalak %65 murriztu ondoan zerbitzu horren finantzaketa. «Egoerari buelta eman ezean, milaka emakume zaindu dituen modulua» itxiko dute, Bilbo Feminista Saretzen eta Denon Bizitzak Erdigunean taldeetako kideek gaur gauean gaitzetsi dutenez, Bilbon egindako elkarretaratzean.
Zera gaineratu dute: «Modulua zaintzea eta defendatzea ez da nahikoa: eredua zabaldu nahi dugu, horrelako zerbitzuez ari baikara zaintza sistema publiko-komunitario bat eraiki behar dugula esaten dugunean».
Baina, orain, Deustu eta San Ignazioko modulua arriskuan dago, «ez delako sartzen erakundeek diseinatutako zerbitzuen eskema itxietan», bi taldeen arabera. «Ez da osasun zentro bat zentzu hertsian, ezta psikologia zentro bat soilik ere, eta, beraz, ez dakite noren eskumena den eta nork finantzatu behar duen; guri berdin zaigu. Bai Bilboko Udalarentzat, bai Eusko Jaurlaritzarentzat, hutsaren hurrengoa dira moduluari kendu dizkioten 130.000 euroak; ez dezatela esan diru kontua denik!».
1983an sortu zen Deustu eta San Ignazioko modulua, Errekaldekoarekin eta Bilbo Zaharrekoarekin batera. Bi kolektiboetako kideek adierazi dutenez, «aitzindariak izan ziren emakumeei osasunaren, sexualitatearen eta ugalketaren arloko arta ematen, eta indarkeria matxistako kasuetan arreta juridikoa eta psikologikoa ematen». Zehaztekoa da erakunde publikoek berek aitortu zietela moduluei eredugarriak izatea, Emakundek Berdintasun Saria eman baitzien 2013an.
Gaur egun, Deustu eta San Ignazioko modulu psikosozialean laguntza «integrala» ematen ari dira, «emakumeak subjektu politiko bihurtzeko helburuz» eskaintzen baitiete arreta bateratua, militanteen ustez: «Sexu eta ugalketa osasunaren arloko eskubideak eskuratzea sustatzen du, aholkularitza juridikoa ematen du justizia komunitarioaren irizpideetan oinarrituta, laguntza psikosozial ez-patologizatzailea eskaintzen du, eta autodefentsa feminista lantzen du indarkeria matxistaren aurkako borrokan».
Auzo bateko egitura
Lan horiek guztiak behar bezala bideratu ahal izateko, nola ez, profesionalak beharrezkoak dira, eta badira: modulua hetsiko balitz, kalean geratuko lirateke, hain zuzen. Bilbo Feminista Saretzen eta Denon Bizitzak Erdigunean taldeetakoek zehaztu dutenez, «lanik gabe geratuko dira hamabi langileak, eta ezinbestekoa den zerbitzu bat galduko dute auzo horietako emakumeek».
Erraterako, moduluak auzoko emazteei ekartzen dien zerbitzuaren aipamena egin dute behin eta berriz militanteek. Haien ustez, moduluak «auzoan errotuta egiten du lan, beste hainbat eragilerekin batera, eta komunitatea indartuz».