Euskal Herrian lehen Aberri Eguna ospatu zenerako, katalanismoak hamarkada batzuk bazeramatzan irailaren 11ren bueltan mobilizatzen, eta hala jarraitzen dute oraindik ere. Ospakizun hark 1713ko uztailaren 25etik 1714ko irailaren 11ra Bartzelonan borboien tropek egindako setioa oroitzen du, eta, horrekin batera, Kataluniako konstituzioen defentsan hildakoak. Beraz, dataren sinbolismo politikoa agerikoa da, eta gaur egun ere nabari da Diada gerturatzen den bakoitzean.
Diadaren gaineko gaur egungo ikuspegia Kataluniako prozesu independentistaren harira egindako mobilizazio jendetsuek markatzen dute. Eta badu zentzua horrek, Agusti Alcoberro Bartzelonako Unibertsitateko Kultura, Memoria eta Ondare errektoreorde eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteorde ohiak azaldu duenez: «Mugimendu politiko gehien dagoen urteetan gako bihurtzen da irailaren 11».Â
Hala izan zen 1970eko hamarkadaren bigarren erdian, frankismoaren amaieratik Kataluniako Estatutua onartu eta erakunde propioak martxan jarri bitarte. Hain zuzen, 1980ko bozen ostean, Kataluniako Parlamentuak onartutako lehen legea irailaren 11 «festa nazional» izendatzea izan zen. Eta berdin gertatu zen 2010etik aurrera ere, herri mugimenduek hauspotuta. Som una naciĂ³. Nosaltres decidim lelopean egindako mobilizazio hartan milioi bat lagun baino gehiago elkartu ziren, eta hala jazo zen hurrengo urteetan ere, prozesu independentistaren karietara. «Mobilizaziorako espazio bihurtu zen», adierazi du Alcoberrok.
«Nazionalista izan edo ez, presidenteak argi du zer ordezkatzen duen, eta zein den haren motibazioa»
AGUSTI ALCOBERROÂ Bartzelonako Unibertsitateko errektoreordea
Halere, herri mugimenduek, alderdi abertzale edota independentistek eta, oro har, herritarrek egin ditzaketen mobilizazioetatik harago, Diadak badu Aberri Egunak ez duen beste berezitasun bat ere. Aipatu bezala, jaiegun nazionala da Katalunian, eta horrek zuzenean interpelatzen ditu erakunde publikoak ere, Generalitatetik hasita. «Nazionalista izan edo ez, presidenteak argi du zer ordezkatzen duen, eta zein den haren motibazioa», azaldu du Alcoberrok, eta adibide gisa aipatu du Generalitate izena bera 1714ra arte martxan egondako erakundeei zor zaiela.
Iragana eta oraina
Baina non du jatorria egun hura sinbolo bilakatu izanak? Egungo katalanismoaren hastapenetara joateko, XVIII. mendearen hasierara jo beharrean, nahikoa izan daiteke XIX. mendearen amaiera aldera jauzi egitea. Izatez, Bartzelonako Unibertsitateko errektoreordeak ohartarazi du orduan indar hartzen hasi zen katalanismo politikoa ez dela 1714an Bartzelonaren defentsan aritu zirenen «oinordeko zuzena», hari ageriko erreferentziak egiten badizkio ere.Â
«Tartean haustura bat gertatu zen Reinaxença-ren agerpenarekin», azaldu du historialariak. Katalanek Reinaxença (berpizkundea) izena jarri zioten XIX. mendean erromantizismoa eta nazionalismoa uztartu zituen mugimendu berriari. Hark, 1833tik aurrera, «nazio paradigma berri bat» ezarri zuen. «Hizkuntzarekin identifikatzen dena, auzi politikoekin baino gehiago», adierazi du Alcoberrok.
Halere, mende amaierarako, Espainiako I. Errepublikaren porrotaren ostean, katalanismo politikoago bat hasi zen eraikitzen, eta irailaren 11ren garrantzia nabarmentzen zuten lehen testu politiko eta poetikoak azaldu ziren. Alcoberro: «1714ra arte askatasun eta konstituzio propioak genituela zioten, eta hortik aurrera espainiar monarkiak azpiratu gintuela».

Pere Anguera historialariak testu horietako batzuk jaso zituen artikulu batean. Horietan, «askatasunaren» aldeko borroka gisa aldarrikatzen da guda hura, eta «aberriaren defentsan hildako» kide gisa 1714an Bartzelona defenditu zuten haiek; tartean, Rafael Casanova bera, Bartzelonako conseller en cap izan zena, urtero Diadan lore sortak jasotzen dituena. Edo, bestela esanda, Kataluniako buruzagi politiko eta militar nagusia.
Hedatuz joan zen aldarrikapen hura: 1886an «irailaren 11n erori ziren abertzaleen omenez» eginiko mezatik, 1901eko lehen manifestazio politikora. «Denak atxilotu zituzten», oroitu du Alcoberrok. Baina jada ez zegoen atzera-bueltarik, eta hortik aurrera irailaren 11n eduki politikoa eta herritarren mobilizazioa uztartu ziren.
Beraz, agerikoa da katalanismoaren ibilbidean iraganaren analisiak izandako pisua. Halere, Alcoberrok uste du, zoritxarrez, gaur egun jada ez zaiola hala erreparatzen historiari. Bere ikuspegia arrazoitzeko, Espainiako Konstituzioak eskubide historikoei egiten dien erreferentziari erreparatu dio; lehen xedapen gehigarriari. Hego Euskal Herriko lurraldeei begira idatzi zela uste badu ere, gehitu du Kataluniarako ere balio dezakeela, eta bertako alderdi abertzaleek halakorik ez egitea kritikatu du: «Katalanismoak ez du eskubide historiko kontzeptua modu argian planteatu orain arte. Hau da, adieraztea nazio bat garela nazio bat izan garelako, eta eskubide politiko batzuk ditugula horiek izan ditugulako. Konstituzio bat izan dezakegula konstituzio batzuk izan genituelako». Hor paradoxa, haren hitzetan: «Katalanismoa irailaren 11ren inguruko kontakizun historiko batetik eratu zen, baina diskurtso politikoa erabat termino presentistetan egiten da».
Uztailaren 25ean, Galiziarren txanda
Galiziak ere badu bere egun nazionala: uztailaren 25a, Santiago apostoluaren eguna. Lehen aldiz 1920an ospatu zen, urtebete lehenago Irmandades da Fala erakunde abertzaleak hala adostuta. Halere, bi data egon ziren mahai gainean: batak, uztailaren 25ak, erlijioan du jatorria; bestea laikoa da, abenduaren 17a. Izatez, hark badu antzik Diadarekin. 1483ko abenduko egun hartan hil zuten Pedro Pardo de Cela mariskal galiziarra, Errege-Erregina Katolikoen aginduz.Â
Gaur egun arte, ospakizunak ez du etenik izan, baina bidea gorabeheratsua izan da. Frankismo betean, erbestean mantendu zuen indarra, eta barruan ezkutuan ospatzen zen. Katalunian eta Hego Euskal Herrian jazo bezala, baina, 1960ko hamarkadatik aurrera, mugimendu abertzaleak kalera atera ziren DĂa da Patria Galega aldarrikatzera. Azkenik, 1979an Galiziako Egun Nazional gisa aitortu zen ofizialki, baina beste zenbait urte itxaron behar izan zen mugimendu abertzaleen kontrako errepresioa amaitzeko.