Digitalizazioa: euskararentzako erronka

Egun osoko ikastaroa antolatu dute UEUk eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Nabarmendu dute enpresa erraldoiak hizkuntza politika hegemonikoen alde lerratzen direla.

Aitzol Astigarraga eta Patxi Martin gaur Tolosan eman duten hitzaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Aitzol Astigarraga eta Patxi Martin gaur Tolosan eman duten hitzaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Tolosa
2026ko uztailaren 9a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«XXI. mendean biziraun dezake hizkuntza batek eremu digitaletik at?». Galdera hori egin dute UEUk eta Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako hitzaldian. Eta erantzuna eman ere bai: «Ez. Hizkuntzen %95 eremu digitaletik at daude eta horrek heriotzara kondenatzen ditu». Hortaz, hizkuntza politiketan proposamen gaurkotu bat behar dela nabarmendu dute, digitalizazioaren eragina erdigunean jarriko duena.

Gaur egin dute Ikastaroa, Tolosan (Gipuzkoa): Euskararen jauzi digitala: hausnarketak eta elkarguneak. Duela urtebete hasi zuten prozesuaren emaitza aurkeztu dute gaur, eta esan «euskara larrialdi lingustikoan» dagoela; «hizkuntzaren aurkako oldarraldi politiko, mediatiko eta judizial batean». Oldarraldiari aurre egiteko erabakigarritzat definitu dute aurtengo udako ikastaroa, eta baita euskararen normalizazioaren biziberritze prozesuan euskararen estrategia digitala oinarri bezala finkatzeko ere. Patxi Martinek (Euskalgintzaren Kontseilua) eta Aitzol Astigarragak (Elhuyar) eman dute prozesu horren berri eguneko lehenengo hitzaldian: Eremu digitalaren garrantzia euskararen normalizazio eta biziberritzerako. Non gaude eta nora goaz?

Esplikatu dutenez, eremu digitalean dauden hizkuntzek lau erronka nagusi dituzte: interfazetan egotea, eduki digitaletan presente egotea, erabiltzaileen interakzioetan presentzia izatea, eta hizkuntza teknologietan egotea. Horiei erantzuteko abiatu duten prozesuaren helburu nagusia zera da: «Eremu digitalean euskaraz eroso bizitzeko eta euskara biziberritzeari bultzada emateko, politikak, tresnak, neurriak eta baliabideak definitzea, digitalitate kritikoa eta burujabetza teknologikoa oinarri». 

Erronkak eta helburu nagusia ezarrita, egoeraren diagnostiko bat egin dute, eta identifikatu barnera begirako indarguneak eta ahulguneak, eta kanpora begirako aukerak eta mehatxuak. Erreferentziatzat hartu dituzte jada beste hizkuntza komunitate batzuek garatu dituzten ereduak, hala nola katalanak edo irlanderak.

Diagnostikoa

Barnera begira egindako diagnostikoan ikusi dute euskarak domeinu propioa izatea —.eus domeinua— indargune bat dela eremu digitalera jauzia egiterako orduan. Arlo horretan lan egiten duten eragileen arteko koordinazio falta eta baliabide urriak, ordea, ahulgune izan daitezkeela esplikatu dute; baita lege markoak euskarari ezartzen dizkion mugak ere. Kanpora begira, aldiz, aukera moduan identifikatu dute euskarak beste hizkuntza komunitateekin sortutako aliantzak. Hala ere, enpresa erraldoiak hizkuntza politika hegemonikoen alde lerratzea, eta Espainiako eta Frantziako estatuak horiek indartzea, presente eduki beharreko mehatxutzat identifikatu dituzte.

Diagnostikoa egin ondoren, prozesua garatzeko neurriak bi lan lerroren baitan ardaztu dituzte. Batetik, garapen neurriak ezarriko dituzte euskarazko tresnak, teknologiak eta ekosistema edo komunitatea garatzeko. Bestetik, erabilera praktikak garatuko dituzte, euskara benetan erabiltzeko baldintzak sortzeko neurriak: legezkoak, administrazioaren arlokoak, hedabideak zein sortzaileak indartzekoak eta komunitatea zabaltzekoak. Gainera, nabarmendu dute bi lan lerroak elkarreraginean daudela «arnasgune digitala» bermatzeko. 

Hiru norabide

Hemendik aurrerako pausoak emateko hiru norabide ezarri dituzte. Alde batetik, proposatu dute koordinazioa indartzea eragileen saretzearen eta gobernantza egituren jarraipenaren bitartez. Bestetik, sortzaileak eta erabiltzaileak erdigunean jartzea, ekarpenak egiteko bideak irekiz. Eta azkenik, politika publiko ausartak garatzea, babes ekonomikoa sendotzeko eta plangintza egonkorrak egiteko. «Borondatea estrategikoa da, baina borondate hutsarekin ez da estrategiarik eraikitzen», borobildu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA