Manuel Fraga Iribarne ministro frankistak 1966an sustatutako Prentsa Legearen helburu berritzaileak gorabehera, ezin da esan 1975eko prentsa idatzian kritikarako eta adierazpen askatasunerako toki handirik zegoenik. Hego Euskal Herrian argitaratutako egunkariek erregimenaren ikuspegitik kontatu zituzten frankismoaren azken etapako gertaera nagusiak, irailaren 27ko fusilatzeetatik hasi eta Juan Carlos Borboikoaren koroatze ekitaldiraino.
Askotan idatzi da Francoren diktadura odola isuriz sortu eta odola isuriz iritsi zela bukaerara. Izan ere, Juan Paredes Manot Txiki, Angel Otaegi eta FRAPeko kide Jose Humberto Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo fusilatu izanak erabat baldintzatu zituen frankismoaren azken bi hilabeteak. Bitxia bada ere, 1975eko irailaren 27an, zenbait egunkaritako albiste nagusia ez zen izan goiz hartan bost lagun fusilatu behar zituztela, ezpada Francok indultua eman ziela heriotzara zigortutako beste sei laguni. Hala zekarren, esaterako, El Correo Español egunkariak azalean: «Estatuaren buruak heriotzara zigortutako sei indultatu ditu. Beste bost heriotza zigorren inguruan, Gobernua ‘jakinaren gainean’ dago».
Hurrengo egunean, editorial bat argitaratu zuen El Correo Español-ek, bost militanteen hilketak justifikatzeko: «Zigorrak bete diren eguna ezin da deslotu terrorismoak biktima errugabeak hiltzen zituen egun haietatik. Garrantzitsua da jakitea ezen, indarkeria hark legearen esku hartzea ekarri badu, hura desagertzeak ekarriko duela etorkizun bat non, terrorismorik ezean, heriotza zigorrak ez diren beharrezkoak izango».
Hilketen kontrako protestak mundu osora hedatu ziren, eta erregimen frankistaren aldeko egunkariek «Espainiaren kontrako kanpaina» gisa aurkeztu zituzten mobilizazio haiek. Urriaren 1ean iritsi zen erantzuna, Madrilgo Oriente plazan egindako manifestazio batekin. Horren berri eman zuten egunkariek hurrengo egunean. «Egun gozoa» izan zen, El Correo-ren editorialaren arabera; «milioi bat espainiarrek berretsi diote Francori hautsi ezineko atxikimendua eta nazioaren borondatearen sendotasuna atzerriko kanpaina kalifikaezinen kontra». El Diario Vasco egunkariaren titulua honako hau izan zen: «Elkarretaratze patriotikoa Madrilen. Milioi bat espainiarrek erantzun zioten atzerriko kanpainari. Franco eta printzea gogo biziz txalotu zituzten».
Nazioarteko protesten oihartzunak artean itzali gabe zeudelarik, urriaren 22an, hedabideek jakinarazi zuten Francok «bihotz gutxiegitasuna» izan zuela. Hurrengo asteetan, egunero argitaratu ziren diktadorearen osasunaren inguruko albisteak, eta hura «hobera» egiten ari zela adierazten zuten informazioak gorabehera, gehienek uste zuten haren amaiera gertu zegoela.
«Franco hil da»
Bukaera hura hilabete geroago iritsi zen; azaroaren 20an, hain zuzen. Franco 04:40an hil zen, baina hedabide guztiak albistearen zain zeuden, eta egunkari gehienek 07:00etarako argitaratu zuten horren berri ematen zuen edizio berezia. «Franco hil da» esaldiak El Correo-ren azal ia osoa hartu zuen. Titulu hori ageri zen El Diario Vasco egunkariaren azalean ere, baina albisteari lotutako zenbait testu labur eta Francoren bizitzaren lau argazki ere bazeuden; «Franco hil da, gora erregea» zekarren La Gaceta del Norte egunkariak, diktadorearen argazki batekin batera; Diario de Navarra-k ere «Franco hil da» esaldia eta haren argazki bat aukeratu zuen azalerako. Unidad egunkariak, berriz, eduki politikoa hobetsi zuen, eta «Batasuna eta bakea: Francoren azken mezua espainiarrei» esaldia eraman zuen azalera.
Egunkariak ez ziren motz gelditu Francoren aldeko goraipamenetan. Espainiaren zerbitzura emandako bizitza bat izeneko artikuluan, El Correo-k diktadorearen ibilbidea laburbildu zuen, 1936ko gerran izandako parte hartzea barne: «Caudillo-ak gerraren jardueretan izandako esku hartzea hain handia izan zen, ezinezkoa baita parte hartu zuen batailarik garrantzitsuenak aipatzea ere. Esan daiteke ekinaldi guztien zuzendari eta bultzatzailea izan zela». «82 urte zituen, eta horietatik 60 baino gehiago eman zituen Espainia duin, aske eta aberats baten aldeko lanean», idatzi zuen El Diario Vasco-k editorialean.
Antzera mintzatu zen Donostian argitaratutako La Voz de España egunkaria: «Hobeto zerbitzatzearren bereganatu zituen ardura guztiak; ez ziren karguak, kargak baizik. Urterik urte, gure lurralde asaldatua baretu zuen, bertako jendeek eguneroko bakean egindako lanaren miraria obra zezaten».
Franco, estatu katoliko baten buruzagi; Franco, kirolari aparta eta kirolaren sustatzailea; Franco, familia gizona. Egun haietako artikulu eta erreportajeek egunkarietako atal guztiak hartu zituzten. Diario de Navarra hiztegian diren laudorio guztiak akitzeko beldurrik gabe aritu zen: «Nortasun sakon eta sendokoa, zuhurra, erresistentzia fisiko handikoa, autokontrolerako aparteko dohainak zituena, neurritsua, diziplinatua, bizitza pribatu eredugarri eta ordenatukoa». Francok Nafarroara egindako bisiten bilduma egin zuen erreportaje batean. Berdin egin zuen El Diario Vasco-k Gipuzkoan, eta El Correo Español-ek, Bizkaiko eta Arabako edizioei erreportaje bana erantsita.
Laudorioak ez ziren amaitu azaroaren 21eko egunkarietan, baina ordurako arreta beste nonbait zegoen: estatuburua ordezkatzeko prozesuan, alegia. Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege izendatzeko ekitaldia azaroaren 22an izan zen, eta horren berri eman zuten egunkariek hurrengo egunean.
Horretaz ere, adostasuna erabatekoa izan zen erregimenaren aldeko agerkarietan. Jose Oneto kazetariak —trantsizioan oso ezagun bilakatu zen Cambio 16 eta Tiempo aldizkarietako zuzendari gisa— El Correo-ren orrietan idatzi zuen Borboikoak egindako hitzaldia «orekatua, errealista eta ausarta» izan zela. Espainiar guztien errege izenburua eraman zuen azalera Diario Vasco-k, eta hitzaldia «moldean moderatua eta planteamenduetan ausarta» izan zela erantsi zuen barruko orrialdeetan. La Voz de España-k, berriz, nahiago izan zuen Juan Carlos Borboikoak egindako baieztapen bat azalean nabarmentzea: «Francoren oroitzapena jokabide eta leialtasun exijentzia izango da niretzat».
Zeruko Argia astekariak ez zuen Francoren heriotzari buruzko aipamenik egin azaroaren 23ko zenbakian; seguru asko, albisteak inprentarako bidean harrapatuko zuen agerkaria. Hurrengo astean heldu zion gaiari, eta, azalean, Juan Carlos errege izenburua zuen artikulua argitaratu zuen. Borboikoaren biografiaren zertzelada batzuk eta koroatze ekitaldiko hitzaldian agertutako asmoen berri eman ostean, honela amaitzen zen idazkia: «Bete eta egiazta ditzala lehenbailehen asmo hauek opa diogu Juan Carlos Erregeri. Eta hasieratik sinesgarri gerta daitezen eman diezaiela espetxeratuei barkamen zabal eta orokorra eskatzen diogu umilki».