Familia politikak. Lana eta familia uztartzeko laguntzak. Leire Martinez Herrera. Diru laguntza jaso gabe geratu den ama

«Diru laguntza hori gabe, itota gaude »

Orain arte, ez du arazorik izan, baina abuztuan berritu zuen laguntzarako eskaria. Inork ez zion azaldu dirua bukatu dela: «Laguntza hori gabe, ez nukeen pentsatuko bigarrena izatea».

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Leire Martinez Herrerak (Santurtzi, 1978) lana eta familia bateratzeko Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du azken bi urteetan. 2 urteko semea zaintzeko eskatu zuen —hiru urtera arte luza daiteke—. Nagusiagoa den alaba bat ere badu. Abuztuan, laguntza luzatzeko eskatu zuen. Ordea, inork ez zion laguntzetarako dirua amaitu dela azaldu, ezta konponbiderik eman ere. LAB sindikatuaren bidez jakin du arazoa.

Noiz eskatu zenuen laguntza?

Abuztuan egin nuen laguntza berritzeko eskaria; arazorik gabe hartu zuten, baita zigilua jarri ere. Ez zidaten ezer esan, ezta abisatu ere hau gerta zitekeenik. Ez dut ez gutunik jaso, ez ezer. Bederatzi hiletik behin luzatu dut laguntza, gutxi gorabehera, eta eskatu dudan bakoitzean eman didate. Luze hartzen dute ordaintzeko, baina orain arte beti eman didate.

Laguntza hori galtzeak nola baldintzatuko zaitu?

Litekeena da lanaldi osora itzuli behar izatea. Ez dut beste irtenbiderik ikusten, egia esan. Laguntza hori apartekoa zen niretzat... Tira, niretzat eta mundu guztiarentzat!

Mundu guztiarentzat?

Lan egiten dudan enpresan 85 langile gara, eta horien heren bat amak gara. Ama horiek lanaldi murrizketa eskatzen dutenean apur bat hobetzen dute haien egoera. Apur bat. Horrez gain, lanpostuak sorrarazten dituzte, enpresak jendea kontratatu behar duelako ordu horiek betetzeko. Orain, bat-batean, guztiak lanera itzuliko bagina, lanpostu horiek galduko lirateke.

Zenbatekoa da orain arte hartu duzun murrizketa?

Lanaldiaren %30 murriztu, eta ordutegi egoki bat negoziatzeko aukera izan nuen enpresarekin. Seme-alabak eskolan jasotzeko aukera nuen, ez genuen inoren laguntza behar, ezta nire gurasoei ezer eskatu behar ere. Diru laguntzarik gabe itota gaude.

Jaurlaritzak iragarri du laguntzak berrikusiko dituela...

Eta pentsatuko dute hori dela konponbiderik onena... Baina zer berrikusiko dute? Nire ustez, oso txarto kudeatu dute dena. Begiratuko balituzte laguntza hauek eskatzen ditugunon soldatak, ikusiko lukete beharragatik eskatzen dugula. Ez dut ulertzen.

Orain jaso ez duzun laguntza bigarren semeari dagokio. Lehenarekin ere eskatu al zenuen?

Bai, noski! Horrek eman zidan laguntza gehien. Saltoki batean egiten dut lan, eta sektore horretako ordutegiak oso txarrak dira seme-alaben beharretara egokitzeko. %30eko murrizketari esker,10:00etan sar naiteke, seme-alabak eskolan utzita, eta 15:00etan atera. Horren ostean, umeak jasotzen ditut, eta haiekin parkera joan naiteke, etxeko lanak egin...

Zer eskaini dizu, orain arte, laguntza horrek?

Laguntza apur bat ematen du. Aldi berean, izugarrizko lasaitasuna eman dit. Alabarekin lana eta familia uztartzeko aukerari esker, bigarrena izatea pentsatu genuen. Seme-alabak baditut, nik hezteko ditut, ez beste norbaiti uzteko ardura hori. Laguntza hori gabe, ez nukeen pentsatuko bigarren umea edukitzea.

Laguntzaren bukaerak bikotean eragingo al du?

Alaba izan genuenetik, asko aldatu da egoera ekonomikoa. Gaur-gaurkoz nire soldata da etxean sartzen den diru iturri nagusia. Nire bikotekidea aldi baterako laneko enpresa batean ari da. Aurreko egunean esaten diote lan egingo duen edo ez.

Egoera ikusita, ze hausnarketa egiten duzu?

Horrela jarraituz gero, errotik aldatuko da gizarte eredua. Aurreratu dugun guztia atzera egingo dugu. Oso kezkagarria da egoerak hartu duen bidea. Oraindik ez dugu barneratu gainera datorkiguna, eta gure eskubideen alde borrokatu behar dugu. Soldatak jaitsi, saltokien ordutegiekin eta jaiegunak bukatu... Oinordetza kezkagarria uzten ari gara. Egoerari aurre egin behar diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.