EUSKARAZKO KOMUNIKABIDEAK

Diru laguntzak lehengoak dira

Eusko Jaurlaritzak 3.8 milioi euro banatuko ditu euskarazko komunikabideen artean 2004ko jardunagatik: iaztik 33.570 eurotan handitu du diru kopurua; 2002tik, ordea, 312.698 eurotan gutxitu du, egitasmoak ugaritu diren arren

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
DONOSTIA
2004ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean lehengo ostegunean argitaratuta agertu zenez, Eusko Jaurlaritzak «komunikabideetan euskararen erabilera sendotu eta indartzeko, eta euskal komunikabideen egitasmoak bideragarriago egiteko» 3.805.771 euro bideratuko ditu, 2004ko jardunagatik. 2000. urtetik diru laguntzen kopuru orokorra ia ez da mugitu, nahiz eta tartean komunikabide berriak sortu diren. Bi urteotan, gainera, zertxobait murriztu da diru kopurua: 2002an 4.118.469 euro bideratu zituen, hots, aurten baino 312.698 euro gehiago.

Azken urteotan euskalgintzan proiektu berriak abiarazi eta lehengoak sendotu badira ere, Eusko Jaurlaritzak ez du bide beretik handitu bere ekarpena. Eta datuen lehen begiratuan, ondorioa honakoa da: komunikabide gehiago izateak diru gutxiago esan nahi du, diru kopuru bera denen artean banatu behar delako. Horren adibide euskararen esparru geografikoko argitalpenen atalean ikus daiteke: 2000. urtean (Euskaldunon Egunkaria bakarrik zegoen) 1.650.000 euro zeuden eta 2004an 1.700.000 euro bideratuko dira egunkari guztientzat (egunkari nazionalak, eskualdekoak eta erdaraz argitaratzen direnak). Zentzu horretan, aurten Berriak azken urteetan Euskaldunon Egunkaria-k jasotakoa baino diru gutxiago jasoko du: aurten Berriak 1.450.191 euro jasoko ditu, duela bi urte Egunkariak jasotakoa baino 202.592 euro gutxiago. 2002ko diru laguntzak hartu dira erreferentziatzat datuak alderatzeko, iaz Berriak sei hilabeteko bizitzari zegokion dirua jaso zuelako (1.029.450 euro).

Jaitsiera hainbat sailetan

2003an Berriak sei hilabetekoari zegokion dirua bakarrik jasotzean, gainerako komunikabide gehienen diru laguntzak handitu egin ziren. Aurten, ordea, ez da halakorik gertatu eta 2003ko laguntzekin alderatuz gero, argi ikus daiteke zenbait sailetan laguntzen jaitsiera izan dela. Aldizkarien multzora, esaterako, aurten 1.630.000 euro bideratuko da, iaz baino ia 235.000 euro gutxiago. Ondorioz aldizkari bakan batzuek aurten igoerak izan dituzten arren, gehiengoari murriztu egin zaio diru partida, batzuen kasuan nabarmen gainera. honako komunikabideek diru gutxiago jasoko dute: Argia-k 116.181 euro; Elhuyar-ek 47.590 euro; Jakin-ek 6.680 euro (eta duela bi urte baino 15.105 gutxiago); Irutxulo-k 5.878 euro; Txintxarri-k 16.750 euro.

Haur eta gazte aldizkarien atalera bideratu da diru kopuru murritzena: multzo horretako aldizkari bakoitzak, esaterako, duela bi urte eta iaz baino diru gutxiago jasoko du, nahiz eta bi aldizkari gehiago izan. Irratien atalean ere jaitsiera handia da: aurten 244.692 euro bideratuko dira multzo horretara; iaz 562.689 euro eta duela bi urte 380.000 euro bideratu ziren. Haatik, proiektuen kopuruak ez du behera egin: aurten 10 egitasmori emango zaio dirua, iaz bederatziri eta duela bi urte 10 irratiri eman zitzaion. Herri Irratia da jaitsiera gehien nabarmenduko duena, aurten 159.000 euro gutxiago jasoko baitu. Telebisten multzora aurten 131.000 euro bideratuko dira, iaz baino 15.000 euro gehiago, baina duela bi urte baino 320.000 euro gutxiago. On-line argitalpenetan ere antzeko egoera gertatzen da.Azken bi urteotako diru laguntzen zenbakiek argi erakusten dute Eusko Jaurlaritzak ez duela diru laguntzen politika argia, eta koiunturen baitan banatzen duela dirua.

Diru laguntzak berandu

Aurten ere 2004ko jardunari dagokion diru laguntza oso berandu iritsi da. Komunikabideek azarora arte ez dute jakin zenbat diru jasoko duten, horrek enpresentzat suposatzen duen guztiarekin; esaterako, zaildu egiten du egin nahi diren inbertsioak egitea enpresek ez baitakite zenbat diru jasoko duten.

Azaroan ezagutu dira zenbatekoak; noiz jasoko dira, ordea? Azkar ibilita, diru laguntzen lehen zatia urte amaieran jaso daiteke. Urtero berdin.

-

ON LINE ARGITALPENAK



 

10.400 euro www.berria.info webgunearentzat





Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak komunikabideetan euskararen erabilera indartzeko eta euskal komunikabideen egitasmoak bideragarriago egiteko diru laguntzak banatu ditu. Tartean, euskarazko on-line argitalpen multzo batek jaso ditu diru laguntzak. Atal horren barruan Berriaren internetako edizioak (www.berria.info) 10.447,92 euro jaso ditu. Webgune horrek iaz baino 14.752 euro gutxiago jasoko ditu. Oarsoaldeko (www.oarsoaldekohitza.info) eta Urola Kostako (www.urola-kostakohitza.info) eskualdeko egunkarien webguneek, aldiz, ez dute dirurik jasoko, ez dutelako zehazten zein gutxieneko antzinatasuna betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.