Diskurtso matxistei aurre egiteko, kalera ateratzera dei egin dute EH Bilduk eta EAJk

M-8aren bezperan, bi alderdiek nabarmendu dute ezin dela «atzerapausorik eman». PPk ezkerrari esan dio «hipokrisiarik gabeko feminismo bat» defendatu beharko lukeela.

M-8aren mobilizazioa, Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, iaz, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
M-8aren mobilizazioa, Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, iaz, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko martxoaren 7a
17:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoaren 8aren bezperan, egun gailentzen ari diren «diskurtso matxistei eta erreakzionarioei» aurre egiteko kalera ateratzeko dei egin dute EH Bilduk eta EAJk. Nork bere aldetik egindako adierazpenen bidez, bi alderdiek nabarmendu dute ezin dela «atzerapausorik eman», eta biharko antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 

EH Bilduko programa idazkari Nerea Kortajarenak Donostian egin du agerraldia, gaur goizean. Salatu du emakumeak hasiak direla ultraeskuinaren olatu erreakzionarioaren ondorioak pairatzen, eta zera gehitu du: «Mugimendu feministaren eta milaka emakumeren borrokari esker lortutako eskubide guztiak banan-banan bertan behera uztea du helburu eskuin muturrak». Kortajarenaren arabera, ultraeskuinak uste du feminismoa «urrunegi» iritsi dela. Halere, azpimarratu du «mehatxu» horren aurrean EH Bildu feminismoaren «agente aktibo bat» izango dela, bai biharko mobilizazioetan, bai egunerokoan.

M-8aren harira antolatutako mobilizazioen inguruan ez ezik, nazioarteko egoeraren inguruan ere hitz egin du Kortajarenak; zehazki, iragan astean AEBek eta Israelek Iranen aurka abiatutako erasoaldiaren ondorioz sortutako ezinegonari buruz: «Ezein gerrak ondorio lazgarriak ditu, baina honek eragin handia izan dezake gure egunerokoan eta gure ekonomian; are, dagoeneko nozitu dugu». Azaldu du herritar guztiek pairatuko dituztela gatazkaren ondorioak, baina ohartarazi du egoera are zailagoa izango dela herritar zaurgarrienentzat; bereziki, lan baldintza prekarioak dituzten emakumeentzat.

«Mugimendu feministaren eta milaka emakumeren borrokari esker lortutako eskubide guztiak bertan behera uztea du helburu eskuin muturrak»

NEREA KORTAJARENA EH Bilduko programa idazkaria

EAJk Bilbon egin du M-8aren bezperako agerraldia, eta emakume gazteei mintzatu zaie hor zabaldutako manifestuan: «Ezin da nazio bat eraiki emakumeen erabateko ahalduntzerik eta parte hartzerik gabe». Gizon gazteei, berriz, «eraldaketaren agente aktibo» izan daitezen eskatu diete, eta gogorarazi berdintasuna ez dela soilik «emakumeen auzia», nork bere pribilegioak zalantzan jartzea eta zaintza lanak bere gain hartzea exijitzen duen «ardura konpartitu bat» baizik. EH Bilduren gisan, olatu erreakzionarioaren inguruan hitz egin du EAJk ere, eta gazteei ohartarazi die «desberdinkeriaren zantzu sotilei eta matxismo forma berriei» egin behar dietela aurre.

Gero, mahai inguru bat egin dute Sabin Etxean, emakumeek politikan dituzten oztopoak hizpide; besteak beste, Araba Buru Batzarreko presidente Jone Berriozabalek, Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak, EAJren Espainiako Kongresuko eledun Maribel Vaquerok eta Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde Ibone Bengoetxeak hartu dute parte. Vaqueroren arabera, emakumeek «urrats handiak» egin dituzte arlo horretan, eta, kopuruari dagokionez, esan du «gero eta gehiago» direla; halere, adierazi du oraindik ere arrakala handia dagoela «boterea» duten emakumeen eta gizonen artean.

«Adjektiborik gabeko» feminismo bat

Alderdi Popularrak (PP) ere Bilbon egin du M-8aren bezperako agerraldia. Javier de Andres EAEko Alderdi Popularreko presidenteak hitz egin du, eta ezkerrari esan dio «hipokrisiarik gabeko feminismo bat» defendatu beharko lukeela; are, ezkerrari egotzi dio feminismoa babestea soilik «emakumeen botoa lortzeko». Haren arabera, feminismoa ez litzateke «beste sexismo mota bat» izan beharko, baizik eta matxismoari aurre egiteko «alternatiba bat». Horretarako, nabarmendu du «adjektiborik gabeko» feminismo bat sustatzea litzatekeela gakoa.

Ingurune digitalean ere bai

Ingurune digitalean ere berdintasuna sustatzearen garrantzia nabarmendu du PSNk, gaur zabaldutako prentsa ohar baten bidez. Testu horretan azaldu dutenez, haur eta nerabeentzat «erreferentziazko toki» bilakatu dira sare sozialak, baina plataforma horietan «diskurtso matxistak eta emakumeen aurkako erasoak babesten eta erreproduzitzen» dira maiz. Are, ohartarazi dute emakumeak izan ohi direla sare sozialen bidezko indarkeria gehien pairatzen dutenak, eta azpimarratu dute indarkeria mota hori ez litzatekeela gutxietsi behar sareetan gertatzen delako. 

Hala, M-8aren bezperan, sare sozialetan eta plataforma digitaletan matxismoari aurre egiteko konpromisoa berretsi du PSNk, eta biharko eguna «aurrerapausoak emateko tresna gisa» ikusten dutela adierazi. «Emakumeen eskubideen arloan ematen den atzerapauso bakoitza galera bat da demokraziarentzat», esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA