Nahia Idoiaga: «Diskurtsoa ona izan arren, erreferente falta oso nabaria da»

STEM ikasketetara neskak nola hurbildu aztertu du EHUko lantalde batek. Gertuko eta eguneroko erreferenteen premiaz ohartarazi du Idoiagak.

Nahia Idoiaga. ARITZ LOIOLA / FOKU
Nahia Idoiaga. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko martxoaren 8a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakume gazteek STEM ikasketetan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) duten presentzia txikiagoaren inguruko kezka sendotu egin da azken urteetan, eta, era berean, areagotu egin dira neska txikien artean bokazio horiek sustatzeko proiektuak ere. Gaiaz hausnartzen eta baliabide praktikoak sortzen aritu da FemSTEM taldea, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen barruan. Diziplina askotako emakumeak bildu dira, eta tartean izan da Nahia Idoiaga psikologoa (Bilbo, 1985).

Berdintasun diskurtsoek gero eta zabalpen handiagoa izan arren, STEM ikasketetan nesken eta emakumeen presentzia oraindik txikia da. Zergatik?

Fase diferenteak daude adinaren arabera. Izan ere, unibertsitate ikasketetan, STEM gradu batzuetan emakume gehiago daude, baina ez ingeniaritzetan, adibidez. Eta lanbideetan ere katalogazioak ikus daitezke: matematika ikasten duten emakume askok hezkuntzara jotzen dute, eta ez enpresetara. Haurrei dagokienez, STEM lanbideetan ikusten dituzten erreferenteak oraindik gizonak dira, bai kalean, bai liburuetan eta bai hedabideetan: normalean gizon batek azaltzen du zubiak nola eraikitzen diren. Eta horrek asko markatzen du: nahiz eta diskurtsoa ona izan, erreferente falta oso nabaria da.

Emakumezko erreferenteak gutxi dira, eta gehienak garai batekoak...

Emakume zientzialariez hitz egitean, Marie Curie aipatzen da, edo astronauta bat, eta oso ondo daude, baina ez dira gertuko erreferenteak.  Hala, neskek, zientzietara hurbiltzean, badute bikainak izan beharraren presioa. Erreferenteak egunerokoan behar ditugu, eta, adibidez, bigarren hezkuntzan Biologia edo Teknologia gizonek ematen dute batez ere. 

Hain justu, STEM ikasketetan dabiltzan emakumeen artean, inpostorearen sindromea ohikoa dela antzeman duzue.

Nik esango nuke inpostorearen sindromea oso lotuta dagoela emakumeekin, alor guztietan. Azken batean, sindromeak dakar pentsatzea zure lorpenak ez direla zure lanaren eta gaitasunen ondorioz iritsi, baizik eta zoriagatik; oso lotuta dago autoestimuarekin. STEM arloan ere gertatzen da, bereziki gizonek gailentzeko plaza gehiago izan dutelako, eta emakume bat gailentzen denean ematen duelako ez dela bere tokia. Gainera, STEM arloa oso maskulinizatua da, eta emakumeek beren burua are gehiago justifikatzeko premia sentitzen dute. Eta inpostorearen sindromeari presio estetikoa gehitzen zaio: itxura argal eta femeninoa ez duten emakumeak ere arrotz sentitzen dira.

«Lanbide feminizatuetara edo zaintza lanekin lotutako eremuetara gizonezkoak gerturatzea ez da lantzen. Hor asko galtzen dugu: zaintzan guztiok egotea are garrantzitsuagoa da»

Estereotipoek ere eragina dute?

Nork bere burua etorkizunean ikusteko moduan, bai. Hori oso txikitatik hasten da. Joan gaitezen jostailu denda batera: urtebetetik gorako haurrentzat, eraikuntzarekin lotutako jostailuak oso maskulinizatuta daude, eta mutilak halako interesetara bideratzen dituzte.

Oso zabalduta dago neskak STEM gaietara hurbiltzen ez direlako kezka, baina ez hain zabaldua mutilak lanbide feminizatuetara ez hurbiltzekoa. 

Bai, lanbide feminizatuetara edo zaintza lanekin lotutako eremuetara gizonezkoak gerturatzea ez da lantzen. Hor asko galtzen dugu: zientziak oso garrantzitsuak dira, baina, nire ustez, zaintza lanetan guztiok egotea are garrantzitsuagoa da bizitzak iraun dezan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA