Doccas Daviden gorpua etxean aurkitu zuten poliziek. Bikotekideak ireki zien atea, eta emakumea ohean buruz behera etzanda aurkitu zuten, eskuak eta hankak lotuta. Ivan Pozo de la Fuente bikotekideak itota hil zuen emakumea; 26 urte zituen andreak; 32 gizonak. 2 urteko ume bat zuten, eta hura etxean zegoela hil zuen aitak ama. Santurtzin (Bizkaia) gertatu zen, Ramon y Cajal kaleko pisu batean, 2008ko urriaren 5ean.
Ikusi gehiago
David Sierra Leonakoa zen sortzez; prostituzioan aritzen zen han inguruko lokal batean, eta horrela ezagutu zuen Pozo. Gizonaren etxean jarri ziren bizitzen, eta ume bat eduki zuten. Pozok beste ume bat zuen aurreko bikotekide batekin; emakume hark bi alditan ere salatu zuen gizona, 2004an eta 2006an, eta harremana eten zuen azkenean.
Davidek ez zuen inoiz Pozoren aurkako salaketarik aurkeztu, baina bizilagunek azaldu zuten sarritan entzuten zirela oihuak haien etxean. Udaltzainek, gainera, hil baino bi hilabete lehenago artatu zuten emakumea bera, abuztuan, tratu txarrak jaso zituelako.
Gizonak diru arazoak zituen eta zor handiak, eta iturri batzuek zabaldu zutenez, diru kontu batengatik eztabaidan aritu zen bikotea urriaren 5eko goiz hartan. Gizonak ito egin zuen emakumea, eta lotuta utzi zuen ohean. Hamarrak inguru ziren. Ezagun bati deitu zion, etxera joan zedin, eta maleta handi bat erosi zuen. Ezagun hori etxera joan zenean, zer gertatu zen azaldu zion, eta laguntza eskatu zion: Pozok asmoa zuen emakumea auto batean sartu, eta istripu batean hil balitz bezalako itxurak egiteko. Ezagun horrek ukatu egin zion laguntza, eta Ertzaintzara deitu zuten.
Poliziak lekura joan zirenean, arratsaldeko lauak aldean, atea itxita aurkitu zuten. Handik aurki agertu zen Pozo etxe aldetik, ordea. Berak ireki zien atea, eta hilketa aitortu zuen. Atxilotuta eraman zuten. Gizarte zerbitzuek hartu zuten bi urteko umearen ardura, trauma bat izan zezakeela iritzita. Pozoren beste umeak 6 urte zituen, eta bere gurasoek bizi zen garai hartan.
Gizona handik urte eta erdira epaitu zuen Emakumearen aurkako Indarkeriaren Barakaldo 1. zenbakiko Epaitegiak. Hamalau urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten.