Lema kolpea eman du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak. Azken bi urteetan Osasunbideko kudeatzaile izan den Alfredo Martinez kargutik kendu dute, Fernando Dominguez kontseilariak berak iragarri duenez. Ohar eta bideo bidez eman dute kargugabetzearen berri. Dominguezek adierazi du bere ibilbide profesionalean hartutako «neurri zailenetako bat» izan dela Alfredo Martinez kargutik kentzea, eta «gogoeta sakon baten ostean» hartu dutela erabakia. Ez du motibo argirik eman, ordea: legealdiaren azken bi urteetan zerbitzuari «bultzada» eman nahi diotela, horra kontseilariak eman duen azalpen bakarra.
Martinezek bi urteotan eginiko lana eskertu du Dominguezek, eta iragarri «aurki» jakinaraziko dutela nor izanen den haren ordezkoa: «Legealdiaren erdialdera iritsita, beste bultzada bat eman nahi diogu Osasunbideari. Lanean segituko dugu, etorkizunari begira, eta horregatik, lekuko aldaketa prestatzen ari gara. Luze gabe iragarriko dugu ofizialki».
Osasun Departamentuaren arabera, kudeatzailearen aldaketak ez du eraginik izanen zerbitzuaren eguneroko jardunean: «Sistemak orain arte bezala funtzionatuko du aurrerantzean ere, barne antolamenduko xehetasun batzuk gorabehera, eta ez dio inolako kalterik eraginen herritarren artari. Ororen gainetik dago hori».
Kontseilariak esplikatu duenez, Osasun Departamentuak «erronka ugari» ditu mahai gainean, eta «gogor» aritu da lanean azken urteetan, horiek konpontzeko: «Gauzak bideratuta ditugu, eta ereindako uzta jasotzen hasi gara. Hortaz, lasaitasun eta konfiantza apur bat eskatu nahi diet Nafarroako osasun publikoaren ontzia gobernatzen duten kargudun guztiei, eta jakina, baita gure pazienteei ere».