Finantzaketa publikoa eskastuta, diruz «mugara heltzear», finantzaketa pribatua indartu asmo du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. Donazioak eta horrelakoak indartzea jarri du mahai gainean Iñaki Goirizelaia errektoreak: «baliabide pribatuak erakartzea» EHUra, «unibertsitatearen eta inguru ekonomiko eta sozialaren arteko elkarlana hobetuta». Enpresen eta herritarren ekarpenak handitzea. Horretarako, orain dagoen araudia «zurrunegia» da, Goirizelaiaren iritziz. Bide publikotik izandako mozketari aurre egin nahi dio horrela EHUk: 90 milioi murriztu dizkiote lau urtean.
Diru eskasia hizpide nagusi zelarik egin zuten ikasturtea hasteko ekitaldia atzo Donostiako campusean. Goirizelaiarekin eta unibertsitateko dozenaka irakaslerekin batera, erakundeetako arduradun ugari bildu ziren ekitaldira. Eusko Jaurlaritzaren ordezkari, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak parte hartu zuten. Mozketak hartu zituen ahotan Urkulluk ere. «Baliabide gutxiagorekin», baina unibertsitatea Jaurlaritzaren lehentasun dela adierazi zuen.
Egoera muturrekoa dela ohartarazi zuen, ordea, Goirizelaiak: «Mugara heltzear gaude. Azken lau urteotako joera mantenduz gero, denon artean egin dugun ibilbide positibo hau bertan behera geratzeko arriskua dago». Berritasuna badu errektorearen mezuak, orain arte apenas kexatu baita finantzaketa publikoa dela eta. Joan den abenduan, CRUE elkartean batutako errektoreek gutun bat kaleratu zuten, eta salatu zuten mozketak unibertsitatea «trabatzen» ari direla. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak bat egin zuen gutunarekin, baina ez Goirizelaiak. EHUn egoera bestelakoa zela azaldu zuen. «Finantzaketa aldetik kexurik ez dugu».
Unibertsitate plana jomugan
Espainiako unibertsitateen aldean EHUren egoera hobea dela berretsi zuen atzo ere errektoreak—«ez daukagu zenbaki gorririk; salbuespen bakanetakoa gara»—, baina ohartarazi zuen unibertsitateak ezinbesteko duela «eskaintzen duenaren araberako» dirua jasotzea. «Aurrekontu publikoa sendotu, areagotu eta bermatu behar dugu». Langileek soldata 2010etik izoztuta dutela eta berririk ezin dutela hartu salatu zuen.
Egia da aurten mozketa areagotu egin dela —40 milioi gutxiago eskuratu ditu EHUk—, baina kontuan hartzekoa da Goirizelaiaren hitzen testuingurua ere: datorren urtean bukatuko da unibertsitate plana, eta hurrengoa negoziatzen hasteko garaia dute.
Urkulluk aipatu zuen unibertsitate plana, Jaurlaritzaren asmoa zein den azaltzeko: titulazioek «errendimendua» izatea, «gure markoaren barruan» hartzea irakasleak eta EHUren nazioartekotzeari eta ikerketari indar ematea.
Uste izatekoa da plan berriak ez duela izango aurrekoak adina diru, baina Goirizelaiak nabarmendu du EHUren egoera ez dela soilik Jaurlaritzaren ardura: «Unibertsitatearen alde egiten dugu? Ez diezaiogun soilik gobernuari eskatu; egin dezagun geuk ere». Hortik jo nahi du borondatezko ekarpenetara. «Prestigioa duten unibertsitate batzuek badituzte».
EHUren diru kontuak ez zituen hizpide hartu Urkulluk. Bekei buruz hitz egin zuen. Jaurlaritzak ez du nota altuagoa eskatuko beka jasotzeko; ez dio jarraituko, beraz, Espainiako Gobernuaren bideari. KPI kontsumorako prezioen indizearen parean igo dute matrikulen prezioa. «Unibertsitaterako sarbidea lehenetsi dugu, euren ezagutzarekin eta gaitasunekin ekonomia berri bat sendotzeko».
Finantzaketaz ez ezik, lege esparruaz ere aritu zen Goirizelaia. Hezkuntzan «ibilbide luzerako hitzarmen bat» egin behar dela uste du. «Herri honetako sentsibilitateen arteko akordioa behar da». Unibertsitate sistemarentzako legea ere eskatu zuen, estatutuak horretarako aukera ematen duelakoan. Euskal unibertsitate sistemara egokitutako arau bat. «Ez dezagun inoren legerik errepika».
Donazioak indartu nahi dituzte EHUn, murrizketei aurre egiteko asmotan
Errektoreak ohartarazi du «mugara heltzear» dagoela unibertsitatea, 90 milioiko murrizketa izan baitu 2010az gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu