Donostia Goiaren erara

Ostegunean emango du dimisioa Eneko Goiak, eta Jon Insaustik hil bukaeran hartuko du haren lekukoa. Proiektu eta politika jakin batzuek baldintzatu dute Goiaren hamarraldia.

Eneko Goia astelehenean, Donostiako Udalean. JAVI COLMENERO / EFE
Eneko Goia astelehenean, Donostiako Udalean. JAVI COLMENERO / EFE
xabier martin
2025eko urriaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJko presidente Aitor Estebanek eskerrak eman zizkion Eneko Goiari, hark Donostiako alkatetza utziko zuela iragarri zuen egun berean. «2025eko Donostia 2015ekoa baino hobea da. Mila esker Euzkadi Buru Batzarraren izenean», idatzi zuen Estebanek sare sozialetan. Hamar urte egin ditu Goiak Donostiako aginte makila eskuan, hiru legealditan, eta badoa, azkena bukatu gabe. Ostegunean emango du dimisioa, eta haren lekukoa hil bukaeran hartuko du Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotzi Jon Insaustik. Zer-nolako hiria utzi du Goiak hamar urteko agintaldiaren ostean? Estebanentzat ez da zalantzarik, baina, beharbada, 2027ko udal hauteskundeen emaitzei begiratu beharko zaie donostiarren iritzi orokorrago bati traza hartzeko.

Urriaren 2ko agerraldian, oraindik Donostiako alkate denak agur esateko dituen arrazoiak azaldu zituen, eta, horrekin batera, ahotan hartu zituen bere agintepean Donostian egin diren eta egitekoak diren proiektu nagusiak, errepaso azkar bat eginez. «Hiriarentzat oso garrantzitsuak diren zenbait proiektu bukatu gabe» daudela onartu zuen, baina «bideratuta» daudela zehaztu. Topoaren lanak aipatu zituen, Loiolako kuarteletako etxebizitza proiektua eta Illunberen proiektua. «Badakit eragozpenak sortu dituztela lan horiek, eta uste baino gehiago luzatu direla», gaineratu zuen, Topoari buruz ari zela. Loiolakoaz, esan zuen «helburua beteta» dagoela.

Esan daiteke Goiaren higadura eragin dutela haren udal gobernuak 2019tik aurrera martxan jarritako zenbait proiektuk. Bozen emaitzetan argi islatu da hori: 2015ean, 10.000 botoren aldea atera zion EH Bilduko alkategai Juan Karlos Izagirreri, eta aginte makila eskuratu zuen; 2019koetan, berriz, 14.000 botorena izan zen bi alderdien arteko aldea; azken bozetan, ordea, 2023an, mila boto inguruko alde apala baino ez zen izan Goiaren eta Izagirreren artean. Zer pasatu zen 2019-2023ko tarte horretan?

2019-2023 aroa

Koronabirus izurritearen garaia izan zen, eta udal agintari bakoitzak aro konplexu horretan egindako kudeaketak sendotu egin zituen alkate batzuk, eta beste batzuk ahuldu. Goia ahuldu egin zuen. Garai horretan, gainera, Topoaren lanak azkartu egin ziren, eta hirian ez dira gutxi proiektu horren aurka gogor egin dutenak; izan ere, ildo politiko desberdinetako herritarrei eragin diete lanok: etxe batzuen segurtasuna ere arriskuan egon zen Zubieta kalean eragindako zulo handi batengatik. Obrak dezente luzatu dira, eragozpen ugari sortu dituzte, eta aurreikusi dute Topo berria 2026rako izango dela martxan.

Horiek horrela, azken urteetan beste hiri askotan azaleratu diren zenbait arazo modu gordinagoan azaldu dira Donostian. Etxebizitza da haietako bat; beharbada, nagusia. 6.000 eurotik gorakoa da Donostian etxebizitzaren batez besteko metro koadroaren salneurria, Iberiar penintsulako garestiena. Azken hamar urteetan garestitu baino ez da egin, kanpoko kapitalak inbertsio hiritzat aukeratu baitu Gipuzkoako hiriburua.

Donostiar gehienek ezinezkoa dute euren hirian etxea eskuratzea, babes ofizialeko eskaintza oso urria izan baita azken hamarkadan. Goiak proposatu dituen soluzioetako bat abiapuntuan da oraindik: Loiolako kuarteletako urbanizazioa.

Donostiar gehienek ezinezkoa dute euren hirian etxea eskuratzea, babes ofizialeko eskaintza oso urria izan baita Goiaren agintaldian. Urriaren 2an argitaratutako EITB Focus inkestan, donostiarren kezka nagusia da etxebizitza (%40). Babes ofizialeko etxeen irtenbideari begira, Txomiñeneko eta Loiolako Erriberako proiektuak izan dira donostiarren aukera bakanetako batzuk azken urteetan, eta Goiak aspaldian proposatu zituen soluzioetako bat abiapuntuan da oraindik: Loiolako kuarteletako urbanizazioa. 1.700 etxe agindu ditu han, orain dela gutxi arte Espainiako Armadarenak izan diren lur horietan. Eskualdaketa lortu izana azken agintaldiko arrakastarik handienetako bat da, Goiaren ustez. Easoko Euskotrenen egungo geltoki inguruan ere etxebizitza proiektu indartsua aurreikusi dute, trena lur azpitik sartzen dutenerako; 450 bat etxe egiteko zorua geratuko litzateke han. Infernu inguruan ere martxan da beste proiektu bat, eta oraingoz ikusteko dago udalak martxan jarriko duen Auditz Akularkoa. Altzako inguru horretan ere etxeak sortzearen aldekoa da udal gobernua, eta 2010eko Plan Orokorrak jaso zuen han 3.000 etxebizitza eraikitzeko aukera.

(ID_14582499) Donostiako topoa - Obrak
Eneko Goia Topoaren lanak erakusten Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariari. J. ETXEZARRETA / EFE

Turismoaren arantzak

Turismoa da beste gai mardula orain arteko alkatearen kudeaketan, eta zuzenean loturik dago etxearen arazoarekin. Goiak berak onartu berri du haren gobernuak, «turismoaren sustapena» alde batera utzi, eta «hiria zaintzeko dinamika bati» ekin diola agintaldi honetan. Lerro artean, aurreko urteetan turismoa hauspotu baizik egin ez delako aitorpena da hori, eta politika horren emaitza da bost donostiarretik lauk «oso larritzat» dauzkatela turismoak hirian sortutako arazoak, EHUk iaz zabaldutako ikerketa baten arabera.

Gaur egun, Donostiako barne produktu gordinaren %14 baino gehiago sortzen da turismotik, eta 2015ean %13 inguru zen. Konparazio baterako, Euskal Autonomia Erkidegoaren BPGan %6,6 da alor hori, Donostiaren ekonomian duen pisuaren erdia, alegia. Hotelak zabaldu baizik ez dira egin urte askoan, eta etxe turistikoen izurritea bridatzeko neurriak berandu iritsi dira herritar askorentzat. Turistifikazioa ez da soilik Donostiaren arazo bat, baina Donostian inon baino indartsuagoa da Euskal Herriko hirien artean.

Gastronomiari helduta iritsi da, neurri handi batean, turismoaren eztanda, eta udal gobernuak zaldi horren gainean jarraitu du gaur arte; kasurako, Basque Culinary Centerren eraikin berria hiriaren erdialdean eginez: GOe.

Turismoa sustatzeko manerak ere ez dira izan oso egokiak, herritar askoren ustez; hor daude Pintxoaren Institutua eta antzeko ekimenak, esaterako. Gastronomiari helduta iritsi da, neurri handi batean, turismoaren eztanda Donostiara, eta Goiaren udal gobernuak zaldi horren gainean jarraitu du gaur arte; kasurako, Basque Culinary Centerren eraikin berria hiriaren erdialdean eginez, urtebeteko epean: GOe. Egun gutxi barru inauguratuko dute Gros auzoko bizilagun askoren aurkako iritziak pilatu dituen proiektu horrek.

Azken urteetan, gainera, segurtasuna agertu da herritarren kezka nagusien artean EITB Focus inkestan, eta sare sozialen bidez mezu xenofoboak zabaldu ohi dituzten plataformak ere agertu dira. Sare horiek hauspotuta jo zuten zenbait herritarrek Kaleko Afari Solidarioak taldearen afari banaketaren aurka. Donostiako Udalak afari banaketa debekatu zuen iazko urrian, Egiako auzoan. «Elkarbizitzaren» inguruko arazoari buruz aritu zen udala, eta «delinkuentziaren gorakada» bati buruz ere bai, neurri horren berri eman zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.