Aspaldian zen hizpide Donostiako alkate Eneko Goia hurrengo udal hauteskundeetan hautagai ez izateko aukera; eta alkateak gaur bertan jakinarazi du «aspaldian» hartua zuela erabakia: urriaren 16an dimisioa emango du, Donostiako Udaleko osoko bilkuran. Hiru legealditan eta hamar urtez alkate izan ondoren, badoa Goia, «ez baitira nahastu behar pertsona eta hiria», eta, behin eta berriro esan duenez, «oso argi» izan baitu beti «zikloak hasi eta bukatu» egiten direla.
EAJren Gipuzko Buru Batzarrak bilera dauka gaur iluntzean, eta Goiaren ordezkoa zein izango den erabakiko dute Gipuzkoako zuzendaritzako kideek. Legealdia bukatu gabe dagoenez, EAJko zinegotzi batek hartu behar du Goiaren lekukoa —PSE-EErekin egindako itunari jarraikiz—, eta, itxura guztien arabera, Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo arduraduna aukeratuko dute. Bihar aurkeztuko du Euge Arrizabalagak, EAJren GBBko buruak, Donostian, agerraldi batean.
Ikusmin handia piztu du agerraldiak, eta Goiak helarazi du «erreleboa erraztu» nahi izan duela kargua uzteko erabakiaren bidez, «harrobi oso ona» dutela jeltzaleek, eta GBBri dagokiola ordezkoa izendatzea. Alkatetza uzteko urratsa azaltzen hasita, oraindik ere alkate denak ziurtatu du «oso tentagarria» dela agintean «betikotzea», baina «garrantzitsuena proiektu politikoak» direla. «Hamar urte bizi» egin ditu Donostiako agintari goren gisa, eta badaki «hiriarentzat oso garrantzitsuak diren zenbait proiektu bukatu gabe» daudela, baina «bideratuta» daudela zehaztu du.
2027ko udal hauteskundeak
Eta, atzera begira jarrita, topoaren Donostiako lanak aipatu ditu, Loiolako kuarteletako etxebizitza proiektua eta Illunbe bera ere bai. «Badakit eragozpenak sortu dituztela lan horiek, eta uste baino gehiago luzatu direla», gaineratu du, topoari buruz ari zela. Loiolakoaz esan du «helburua beteta» dagoela.
Turismoari buruzko bere azken urteotako kudeaketaz esan du udal gobernuak «turismoaren promozioa» alde batera utzi duela eta «hiria zaintzeko dinamika batera» pasatu dela. Erantsi du etxe turistikoen edukiaren kudeaketan Donostia «eredu» bihurtu dela eta aurrerantzean tasa turistiko onartu berriak modua emango duela «turismoaren aberastasunaren zati bat herritarren zerbitzuetarako» erabiltzeko.
«Oso tentagarria da jarraitzea, baina ez dira nahastu behar pertsona eta hiria: proiektu politikoa da garrantzitsuena»
ENEKO GOIA Donostiako alkatea
Donostiarrei «bihotzez» eskertu die Goiak azken hamar urteetan eman dioten «konfiantza». Alkategai izan zen lehen aldian, Juan Karlos Izagirrek (Bildu) eskuratu zuen alkatetza, eta hurrengo hiruretan aginte makila lortu zuen, EAJk PSE-EErekin ituna eginda. Hirugarren agintaldiaren erdia, ordea, beste pertsona batek egingo du alkate gisa, eta harengan ere «konfiantza bera» jartzeko eskatu die herritarrei.
Goiak irabazi zituen azken hauteskundeak, baina mila boto ingururen aldea baino ez zion atera EH Bilduko hautagai Juan Karlos Izagirreri, eta azken zinegotzia 120 botorengatik lortu zuen EAJk. Halako boto kopuruaren antzekoa falta izan zuen PSEk beste zinegotzi bat lortzeko. Goiaren lekua hartzen duenak —Jon Insaustik, itxuraz— aukera izango du bere burua donostiarren artean ezagutarazteko eta soslaia lantzeko 2027ko udal hauteskundeei begira.
Olatz Iartza zinegotzi jeltzalearen eta Goiaren arteko besarkada, agerraldiaren amaieran. JUAN HERRERO / EFE
Goiaren geroa
«Lehen-lehena hiria da», jarraitu du Goiak, Donostiako udal gobernuko kideen artean jarrita. Insausti haren albo-alboan jarri da. «Buru hotza eduki behar da pertsona eta hiria ez nahasteko, eta ez betikotzeko, nire aurrekoren batek egin zuen moduan». Izenik ez du eman Goiak, betikotu egin ei zen alkate horri ez diolako «publizitate gehiago» eman nahi, baina Odon Elorzari buruz ari zen.
Urriaren 16an alkate izateari uzteko erabakiaren atzean arrazoi pertsonalak ere ote dauden galdetuta, baiezkoa izan da Goiaren erantzuna, baina aurretik beste batzuk egon direla garbi utzi du: «Jakitea proiektu politikoak direla lehenak», esaterako. Edonola ere, «pozik» doala errepikatu du, Donostiarentzat martxan jarritako proiektuek «arriskuak» dituztela jakinda ere «oinarrizkoak» izango direlako: «Ezin gara geldirik egon, besteak ez dira-eta gelditzen».
Horrez gain, ez du jakinarazi EAJren barruan zer eginkizun izango duen aurrerantzean eta, esaterako, berriro hautagai jeltzale izango ote den datozen hauteskundeetako batzuetan. «Ez naiz desagertuko», esan du: «Hemen nago behar nautenerako». Edonola ere, alkatetza uzteko «garai ona» dela uste du.
PSEko udal eledun Ane Oiarbidek berretsi du lidergoa aldatuta ere EAJrekin duten itunari eutsiko diotela sozialistek. Esan du «zurrumurruak» bazirela Goiaren geroaren inguruan, baina albistea «ezustea» izan dela PSErentzat; «ez hainbestekoa, hala ere».
EAJko EBBko presidente Aitor Estebanek, X sare sozialean, eskerrak eman dizkio Goiari, «donostiarren alde egindako lanarengatik». Estebanek «bidelagun» izan du Goia Loiolako kuartelen proiektuan, kasurako, eta azpimarratu du «2025eko Donostia 2015ekoa baino hobea» dela.
EH Bildu: «Ez dago proiektu aldaketarik»
EH Bilduren ustez, Goiak alkatetza uzteak «ez du etengo donostiarren artean zabalduta dagoen desafekzioa, pertsona aldatzeak ez baitu esan nahi norabide politikoa ere aldatuko denik. Ez dago proiektu aldaketarik». EH Bilduk faltan sumatu du Goiak «autokritika» egitea, «Donostia azken hamar urteetan norabide okerrean jarri baitu politika jakinak indarrean jarrita». Uste dute «eliteen eta zenbait interes partikularren» mesedetan jardun duela, donostiarren mesedetan baino gehiago.
Eredu aldaketa bat behar delakoan dago koalizioa, eta uste du gobernu aldaketa batek baino ez duela ekarriko hori.