Donostiak eta Irunek bertan behera utzi dituzte inauterietako desfileak

Haizeteengatik hartu dute konpartsek erabakia. Dena den, eutsi egin diete biharko prestatua duten egitarauari.

7344959
Eskola konpartsako kideak mozorrotuta, Donostiako inauteri desfilean, artxiboko irudi batean.
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko otsailaren 10a
16:54
Entzun

Haizete eta eurite iragarpenenak direla eta, bertan behera utzi dituzte Donostiako eta Irungo (Gipuzkoa) inauterietako desfileak. Arratsaldean ehun kilometro ordurainoko haize ufadak espero dira, eta, konpartsek erabaki dute iragarpen horiekin desfilerik ez egitea. Ekitaldia baztertuta, Donostiako Udalak jakinarazi du ez dituztela egingo aurreikusita zeuden errepide mozketak, eta garraio publikoak ohiko zerbitzua emango duela.

Bihar eguraldiak hobera egitea espero denez, konpartsek mantendu egingo dute ordurako prestatuta duten egitaraua. Irunen, gainera, datorren larunbatera atzeratu dute gaur egitekoa zuten desfilea.

Bi hirietan zenbait aurretiazko neurri hartu dituzte, olatuek eta itsasgora biziek ahalik eta kalterik gutxien eragin ditzaten. Donostian, esaterako, itsas pasealekua itxita egongo da asteburu osoan, eta Irunen, lur zakuak jarri dituzte Bidasoa ibaiaren mendebaldeko ertzean, urak gainezka egin ez dezan.

Abisuak 

Eusko Jaurlaritzak kostalderako abisuak luzatu ditu igande iluntzera arte. Bihar goizalderako espero da itsas eragin bortitzena. 03:00etatik 07:00ak arte, alerta laranjan izango da kostalde osoa. Lau metro eta erdi eta bost metro arteko olatuak espero dira, eta itsas gorarekin bat egiten dutenean izango dute arriskurik handien, 05:30 inguruan. Marea biziak dira egun hauetakoak, eta, beraz, urak gainezka egin dezakeela ohartarazi du Jaurlaritzak, baita kostaldeko lehen lerroan ez dauden baina ibai ertzetan dauden hurbileko beste eremu batzuetan ere.

Goiz eta eguerdi parterako egoera lasaiagoa aurreikusi dute meteorologia zerbitzuek, baina alerta horia ezarriko da arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Hiru metro eta erdi eta lau metro arteko olatuak espero dira tarte horretan. Itsasgora 17:54ean izango da.

Astelehenerako, bi metro eta bi metro eta erdi arteko olatuak iragarri dituzte. Hori dela eta, Jaurlaritzaren Segurtasun aurreratu du litekeena dela aste hasieran ere abisu horia ezartzea kostaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.