Juan Karlos Izagirre (Bildu) Donostiako alkatearen idazkariak, Josetxo Ibazetak, berehalako dimisioa aurkeztu du, El Mundo egunkariak atzo argitara emandako bideo baten haritik. Espainiako futbol selekzioak Eurokopa irabazi zuen gauean, uztailaren 1ean, jazo zen gertakaria, Donostiako alde zaharrean. Bideoan ageri denez, espainiar selekzioaren jarraitzaile batek «etorri hona, gudari» esan, eta zer oihukatu duen galdetu ondoren, «Gora ETA militarra!» dio Ibazetak.
Jarrera «onartezina»
Izagirrek dimisio eskaerari baiezkoa eman, eta halako jarrerak «guztiz onartezinak» direla adierazi du. Ibazetak berak ere, ez zuela «jarrera zuzena» izan onartu du, gertaeren «liskar testuingurua» ez dela aitzakia argudiatuz. Gertakariak Bilduren aurka ekiteko bidea ireki dezakeela ulertuta, koalizioan eta berarengan konfiantza jarri zutenei mintzatu zaie, dimititu ondoren zabaldutako oharrean: «Biziki sentitzen dut».
Bestalde, Sorturen bozeramaile Juan Kruz Aldasorok adierazi du «halako jarrerak dituzten pertsonak» ezin direla Sortuko kide izan, haren estatutuek «oso argi» uzten dutenez.
Zegoen aukera bakartzat jo dute dimisioa oposizioko alderdiek. Eneko Goia udaleko EAJren bozeramaileak zehaztu du «egoera honetan posible zen bakarra» egin dutela, eta gertatu dena udaletxeko «errealitatearen adierazgarri» dela ohartarazi du: «Sakonean, ezker abertzalerik 'gogorrenak' existitzen jarraitzen du, botere handiarekin». PPko Ramon Gomezek esan du urtebetean inor ez dela «totalitario» izan eta «demokrata» bihurtzen. Aldiz, PSEko Ernesto Gascok pozten dela adierazi du, «positiboki esanda», Izagirre alkateak ulertu duelako egoera «onartezina» zela.
Kasua Auzitegi Nazionalera
Barne eta Justizia ministerioek Fiskaltzari Ibazetaren aurkako «neurriak hartzeko» eskatu ostean, Javier Zaragoza Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusiak diligentziak hasiko dituela iragarri du. Fiskaltzari eskaera ofiziala egiten zaionean izango da hori, ikertzeko «terrorismoa goratzerik, mehatxurik»edo antzeko deliturik ba ote dagoen. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Bilduri oroitarazi dio «marra gorri batzuk» ezin direla pasatu.
Donostiako alkatearen idazkariak dimisioa eman du, liskar bat dela eta
Ibazetak espainiar selekzioko zaleei «Gora ETA militarra!» esaten dien bideo bat kaleratu du 'El Mundo'-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu