Donostiako Antondegi eremuak landa izaerari eutsi behar diola defendatu du Antondegi Berdeak

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua 3.000 etxebizitza eraikitzeko proiektuaz aritu zen orain hilabete. Egitasmoa osatzen duten taldeek nabarmendu dute «balio handiko» landa eremua dela.

Donostiako Antondegi eremua. HARITZALDE
Donostiako Antondegi eremua. HARITZALDE
2026ko urriaren 20a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak etxeak egin nahi ditu Donostiako Antondegi eremuan; Jon Insausti alkateari ez zaio gaizki iruditzen, baina proiektua gidatu nahi du. Antondegi Berdea taldeak, ordea, uste du eremu horrek eutsi egin behar diola bere landa izaerari.

Orain hilabete, Itxasok, Vienara egindako bidaia batean, Antondegi proposatu zuen «ekoauzo» bat eratu eta 3.000 etxebizitza eraikitzeko eremu gisa. Martutene auzoan dagoen berdegune zabala da Antondegi, eta Donostiako Udalak 2010ean hiri antolamenduko plan orokorrean etxebizitzak eraikitzeko gune gisa izendatu zuen. 2024an, baina, etxebizitzak egiteko proiektua baztertu eta landa eremu gisa mantentzea erabaki zuen.

Itxasok Europan bi urtean behin egiten den arkitektura eta hirigintza lehiaketarako proposatu zuen Antondegiko eremua. Berehala heldu zen Jon Insausti Donostiako alkatearen erantzuna, eta proposamen oro «ongietorria» zela azpimarratu zuen. Hori bai, zehaztu zuen herritarrei galdetuko ziela gaiari buruz, eta erabakia «donostiarrena» izango zela. Borja Corominas Donostiako Udaleko PPko zinegotziak, berriz, 3.000 etxebizitza horiek eraiki egin behar direla esan zuen, eta hiriko 3.000 familiak «dagoeneko» Antondegin bizitzen egon beharko luketela.

Antondegi Berdea egitasmoa, baina, etxeak egitearen kontra dago. Zazpi taldek bat eginda sortu dute Antondegi Berdea: Eguzki, Parkea Bizirik, Itsas Enara, Donostiako SEO Birdlife, Haritzalde, Surfrider eta Bizilagunekin. Antondegikoa «balio handiko» landa eremua dela nabarmendu dute ohar batean: Donostian «ondoen» babestuta dagoen guneetako bat. Antondegi Berdeak gehitu du hala baieztatu duela aditu talde zabal batek babestutako azterlan batek. Fauna aberastasuna da azterketan aipatutako indarguneetako bat: eremu horretan 117 hegazti espezie erregistratu dira, eta hemezortzi ugaztun; Gipuzkoako hegazti aberastasun handieneko eremuetako bat da eta, gainera, igarobide ekologikoa ere bada.

Zoru deskalifikatua

Donostiako Udalak Antondegin etxeak eraikitzeko plana egin zuen, baina 2021ean abiatutako prozesu tekniko baten eta herritarren parte hartzearen ostean, erakunde berak 2024an hirigintza garapenerako lurzoru gisa deskalifikatzea erabaki zuen. Erabaki hori babestu du Antondegi Berdeak; hazkunde «trinko» eta «orekatuaren» ereduan kokatzen dela uste du: lurzoru gutxiago okupatzea eta etxebizitza berriak nagusiki hiri lurzoruan egitea lehenestea. Salatu dute Itxasoren proposamena hiri antolamenduko plan orokorraren aurrerapenean jasotako irizpidearen aurkakoa dela.

Antondegi Berdea taldeko kideen ustez, etxebizitzak eraikitzeak ezin du izan etxebizitzaren larrialdiari erantzuteko irtenbide «bakarra», eta gaineratu dute behar bezala aztertu behar direla ingurumenean eta gizartean eduki ditzakeen ondorioak. Haien iritziz, halako erabaki «garrantzitsuak» ezin dira «ekimen politiko indibidualen» eta «hauteskunde egutegien» mende egon. Kolektiboak defendatu duenez, Antondegiren etorkizunaren inguruko hainbat ekintza sustatuko ditu, eta lurraldearekiko «errespetuzkoa» eta «jasangarria» den hirigintza eredua bultzatuko du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA