Aste Nagusiaren atarian, azken urteetan bezala, Bulebarreko puntu morea zabalduko dutela jakinarazi du Donostiako Udalak. Kiosko zaharrean irekiko dute, larunbatean, jaietan «indarkeria sexistako kasuak prebenitzeko eta artatzeko». Puntu moreaz gain, udalak gogorarazi du jaien hasieratik amaierara arte arretarako zenbait gune eta zerbitzu egongo direla erabilgarri egun osoan, «indarkeria kasurik gertatzen bada, erantzuteko». Emakumeen Etxea eta Berdintasun Sailaren telefonoak zerbitzua emango dute jaietan.
Aste Nagusia indarkeria sexistarik gabe ospatzeko deia egin die udalak herritarrei gaur goizean. «Garrantzitsua da pertsona guztiek, emakume zein gizon izan, askatasunez eta segurtasunez gozatu ahal izatea gure jaietako programazio zabalaz», adierazi du Eneko Goia alkateak. Eraso sexistak Donostian «lekuz kanpo» daudela nabarmendu du Goiak, eta esan du herritar guztiek jaiak «berdintasunean gozatzeko eskubidea» dutela.
Ordutegiak
Bulebarreko puntu morea 13:00etatik 05:00etara egongo da zabalik. Emakumeen Etxeak 05:00etatik 10:00etara emango du arreta Okendo kalearen 9. zenbakian, eta Berdintasun Sailaren telefonora (630 93-49-94) eguneko edozein ordutan deitu ahal izango da.
Festetan ere aske! Indarkeria matxistarik ez! lelopean ekainaren 23an abiarazitako kanpaina ere aipatu dute Donostiako Udaleko ordezkariek. «Kanpainaren helburua da jaietako eraso sexisten aurkako mezuak zabaltzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ezagutza sustatzea eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera proaktiboak bultzatzea», azpimarratu du Ane Oiarbide Berdintasuneko zinegotziak.
Kanpaina uda osoan egongo da martxan. «Material erabilgarria» prestatu dute lau hizkuntzatan —euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa—. Besteak beste, liburuxkak, eskumuturrekoak edo telefono zenbakiak eta Emakumeen Etxeari buruzko informazioa jasotzen dituzten txartelak banatu dituzte. Tabernetan ere banatu eta aurkeztu dira sentsibilizatzeko materiala eta jarduteko protokoloa.