Familia bat etxegabetze arriskuan dago Donostiako Amara Berri auzoan, eta bi adin txikiko ere badira tartean. Gaurko ezarria zuten etxegabetze agindua, baina behin-behinean gelditzea lortu dute, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez. «Familia hau etxean geldituko da gaur hemen elkartu garen guztiongatik, ez instituzioengatik», adierazi dute sindikatuko kideek.
Etxebizitza sindikatuak erran duenez, epaitegiek ofiziozko abokatua ezarri diote familiari, baina ez dute prozeduraren inguruko berririk izan, eta atzo jakin zuten gaurko etxegabetze agindua. Bada, gaur goizeko zazpietatik zegoen Ertzaintza etxebizitzaren atarian, segizio judiziala iristeko zain. Polizia lerroaren aitzinean, baina, dozenaka lagun bildu dira, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta.
09:30ean iristekoa zen segizio judiziala, eta, bien bitartean, familia etxea barrenean zegoen, sindikatuko hainbat kiderekin batera. Eraikinaren atarian, berriz, dozenaka gazte bildu dira, «etxegabetzeak gelditu!» oihuka. 08:50 aldera jakinarazi dute bertan behera gelditu dela etxegabetzea, gaurkoz bederen.
Sindikatuak salatu du etxegabetzea gelditzeko prozeduran «oztopoak» bertzerik ez dituztela izan. Izan ere, ofiziozko abokatua ez zen familiarekin harremanetan jarri, eta, ondorioz, familiak ez zuen prozesu judizialaren ezaugarrien berri, eta galdu egin ditu alternatiba bat eskuratzeko izan zitzakeen baliabideak. Ez hori bakarrik: familiako kideek ez dakite ez euskaraz ez gaztelaniaz, eta horren ondorioz beren eskubideak defendatzeko aukerarik ez dute izan. «Finean, burokrazia, sektore zaurgarrienak pobreziara kondenatzeko egituratuta dago», salatu du sindikatuak.
Halaber, salatu dute sektore migrante zaurgarrienek etengabe egiten dutela topo higiezin arloko zein instituzioen «neurri arrazista eta klasistekin». «Familia honek bezala, gizarte zerbitzuetara zein, oro har, hirugarren sektore sozialeko baliabideetara jo behar duten pertsonen kopurua handitzen doa. Bitartean, etxebizitzaren prezioaren igoerak langile klasea gero eta gehiago pobretzen du. Pobretze horri aurre egiteko, ordea, instituzio publikoek duten egiturazko baliabide falta dago», adierazi dute.
Interes elektoralak
Donostiako Udala ere seinalatu du sindikatuak, eta «interes elektoralen arabera» jokatzen duela salatu: «Etxebizitzaren arazoa gero eta larriagoa den bitartean, Jon Insausti eta
Donostiako Udala Donostian alternatibarik gabe etxegabetzerik ez dela emango esanean dabiltza». Sindikatuaren irudiko, baina, errealitatea bertzelakoa da, eta etxegabetze bati aurre egiteko gaitasuna «antolakuntzaren eta borrokaren bitartez» soilik bermatu daiteke.
Gogoratu dute guztiendako etxebizitza bermatzeko modu bakarra espekulazioaren amaitzea dela, eta, horretarako, antolakuntzara batzera dei egin dute. «Etxebizitzarekin arazoak dituenak zein borrokara batu nahi duenak sindikatuan ateak irekita ditu», erran dute. Eta gaur 18:00etan Ferrerias Plazan bilkura irekia eginen dutela gogoratu.