Emazteki baten eta haren alaben kontrako etxegabetze agindua ezarria zegoen gaur 09:30erako, Donostiako Errotaburu auzoan. Hori ikusirik Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxegabetzea gelditzeko deia egina zuen, eta dozenaka lagun elkartu dira; bada, lortu dute etxegabetzea gelditzea. «Antolaketari eta borrokari esker lortu da. Etxegabetze honetan, Blanca eta haren alabak etxegabetu behar zituzten, hipoteka ordaindu ezin zutelako. Kasu honek garbi erakusten du etxebizitzaren negozioaren funtzionamendua: hipoteka ordaindu ezin, eta bertan azaldu dira espekulatzaileak: etxebizitzaren jabetza esku batetik bestera aldatuz», adierazi du Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
Sindikatuak esplikatu duenez, 2017tik bizi zen auzoan familia; hipoteka emakumearen senar ohiaren izenean zegoen, eta, ordaindu ez zutenez, Kutxabankek Servihabitat higiezin enpresari saldu zizkion zorra eta etxebizitza. Sindikatuaren erranetan, enpresa hori «nagusiki Lone Star putre funtsak» osatzen du, zeinak «2008ko krisiaz geroztik etxebizitza eta maileguak erosiz espekulatzen duen». «Etxebizitza hau eskuratu ondoren, eta bertan familia bat bizi zela jakin arren, enkantean jarri eta jabe partikular bati saldu zion, eta etxegabetze prozesuari ateak ireki», zehaztu dute.
Sindikatuko kideek salatu dute politikariak gizarteko pertsona zaurgarrienak babesteko neurri eta legeei buruz mintzo direla baina bitartean bide ematen dutela «etxebizitzaren arloko politiken bidez higiezin enpresak, bankuak, putre funtsak eta abar gehiago aberasteko». Zehaztu dute Errotaburuko kasuan legeak ez duela emaztekia maizter gisa aitortzen, eta epaitegiak ez diola etxegabetzeen kontrako moratoria aplikatzen: «Emakumeari bere eta alaben etxebizitza eskubidea defendatzeko aukera deuseztatzen dio, eta erabat babesgabe utzi».
Hala, sindikatuak eskatu du etxegabetzeak eteteko, eta horien aurka antolatzera deitu du.
Burlata
Atzo, berriz, Burlatako (Nafarroa) emakume bat eta haren bi seme-alaba adingabeak etxegabetu zituen Espainiako Poliziak, epailearen aginduz. Arratsaldean kontzentrazioa egin zuten Berriozarko Hipotekak Kalteturikoen Plataformak, Haritu sareak eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, eta salatu zuten Polizia bortizki oldartu zela etxegabetzea gelditzera joan zirenen kontra. «Bultzatu, kolpatu, eta mehatxatu egin gaituzte, eta erreparorik gabe egin digute eraso piper gasaren bidez; ondorioz, zauritu ugari izan dira». Elkartasuna adierazi zieten erasoa jasan zutenei, eta eskerrak eman zizkieten gasaren kalteak arintzen lagundu zietenei.
Etxegabetutako familiari elkartasuna adieraztearekin batera, instituzioei eskatu zieten familiari «alternatiba erreal bat» emateko.