Adingabeak dituen familia bat etxegabetu dute Burlatan

Espainiako Polizia goizean gerturatu da: ateari sarraila kenduta etxean sartu, eta barruan zeudenak kanporatu dituzte. Burlatako Udalak adierazi du «ahal zuen guztia» egin duela kanporatzea eragozteko.

Espainiako Polizia Burlatako San Frantzisko kalean, gaur goizean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ion Orzaiz.
BURLATA
2025eko urriaren 9a
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kale gorrian geratu dira. Burlatako (Nafarroa) emakume bat eta haren bi seme-alaba adingabeak etxegabetu ditu Espainiako Poliziak gaur goizean, epailearen aginduz. Epaitegiak abian zuen familia hori San Frantzisko kaleko etxetik egozteko prozedura, eta Poliziak goizean goizetik hesitu du ingurua, etxegabetzea eragotzi nahi zutenek ez zezaten hurbiltzerik izan. Epaitegiko ordezkariak 09:50 aldera iritsi dira, eta minutu gutxian bururatu dute prozesua: maletak eskuetan zituela atera da emakume bat, burumakur, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako, Haritu sareko eta PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformako zenbait kidek lagunduta.

Hiru elkarte horiek etxegabetzea gelditzeko deialdia egina zuten goizerako, baina Polizia goizeko zazpiak aldera agertu da, eta bortizki irtenarazi ditu bertaratuak, bultzaka. Dozenaka lagun joan dira San Frantzisko kalera, etxegabetzearen aurka protesta egitera eta familiari babesa ematera, baina aldameneko kaleetara mugiarazi ditu Poliziak. «Libre» nahi zuten kalea, epaitegiko segizioa iristen zenerako.

Etxegabetzea Burlatan
Espainiako Polizia, etxebizitzaren alorreko eragileei bidea mozten. AITOR KARASATORRE / FOKU

Horrek, baina, ezinegona sortu du bizilagunen artean ere. Horietako asko, ogia erostera edo txakurrarekin pasieran atera, eta etxera bueltatu ezinik geratu dira tarte batez. Institutura zihoazen ikasleei ere eragotzi egin diete handik pasatzea. Hedabideetako kazetariak eta kamerariak ere estu hartu ditu Espainiako Poliziak: denak identifikatu dituzte, eta San Frantzisko kalean sartzeko baimena eman bai, baina txoko batean geldi egotera behartu. Tentsioa gora eta gora ari zen etengabe.

Poliziaren oldarraldia

Epaitegiko ordezkariak 10:00etarako bertaratzekoak ziren, baina apur bat lehenago ailegatu dira, eta ordura arteko tentsioak eztanda egin du bat-batean. Intxaustia kaleko polizia hesiaren bestaldean pilatutako manifestariak oihuka eta txistuka hasi dira, eta Polizia gogor oldartu zaie. Piperbeltz gasa bota diete manifestariei, eta horietako asko espaloian botata egon dira denbora luzez, begiak negar malkotan eta aurpegian erredurak zituztela.

Etxebizitzaren alorreko zenbait eragilek txosten batzuk eman nahi izan dizkiete epaitegiko ordezkariei, familia zaurgarria dela frogatzeko eta prozesua geldiarazten saiatzeko, baina Poliziak ez die pasatzen utzi. «Egiten ari zareten hau ez da legezkoa!», oihukatu die batek, polizia batek bultzaka urrunarazten zuen bitartean. Minutu gutxiren buruan iritsi da sarrailagile bat ere, hustu nahi zuten etxebizitzaren sarraila kentzera.

Atea irekita, etxera sartu da Polizia, eta barruan zirenak identifikatu ditu: etxegabetu duten emakumea eta hari laguntzera joandako zenbait eragile. Handik gutxira, eraikinetik atera da andrea, burumakur, maletak eskuan zituela.

Protesta udaletxean

Etxea hustuta, Burlatako Udaletxera joan dira hala kale gorrian gelditu berri den emakumea nola etxebizitzaren alorreko eragileak. Bizitoki alternatibo bat galdegin diete udal arduradunei, baina, han, gizarte zerbitzuetako bulegora bideratu dituzte. Kanpoan ziren manifestariak ere udaletxean sartu dira, eta protesta inprobisatua egin dute barruan, «udala konplizea!» oihukatuz.

Arratsaldean, Burlatako Udalak agiri batean adierazi du «ahal zuen guztia» egin duela kanporatzea eragozteko. Adierazi dutenez, lan egin dute familia kaltetuaren «oinarrizko beharrak asetzeko gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko», eta «adingabeen ongizatearekin eta hezkuntzarekin lotutako neurriak» ezarri dituzte. Horrez gain, zehaztu dute «etxegabetzea atzeratzeko modua eman» duen zaurgarritasun txosten bat egin dutela eta horrek bide eman diela «denbora irabazteko eta konponbideak bilatzeko».

Goizean, baina, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren izenean hitz egin du Iker Narbonak. Salatu du erakundeek ez diotela alternatiba duin eta egonkorrik eskaini kalean gelditzear zen familiari. «Familiak etxe horretatik joan nahi izan du hasieratik, oso egoera kaskarrean baitago, baina bizitzeko toki bat behar dute. Denbora daramagu instituzioekin lanean, konponbide bat eman dezaten, baina, etxegabetzea egiteko eguna iritsi den honetan, ez dute alternatiba errealik eskaini: hotel batera joatea, hori da familiari eskaini dioten bakarra; baina ez dakigu zenbat denborarako, zer baldintzatan eta zenbat ordainduta». Narbonaren ustez, jendea «erabateko ezinegonera kondenatzea» da hori.

Harituko kide Martin Zamarbidek, bestalde, Poliziaren jokabidea txarretsi du: «Goizeko zazpietan azaldu da Espainiako Polizia, eta bortizki atera gaitu etxeko ataritik, kolpeka. Segizio judiziala iritsi denean, gainera, zenbait lagun zauritu dituzte, piper gasa erabiliz».

Iragan ostiralean, Burlatako Udalaren osoko bilkuran izan ziren eragileok. Kontuak eskatu zizkieten udal agintariei, «etxegabetzearen gaineko erantzukizun zuzena ez duten arren», uste baitute «etxebizitzaren arazoan konplize» direla, «negozioa finantzatzen dutenez gero».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.