Donostiako hiru familia etxegabetuko dituztela salatu du Saretxe sindikatuak

Hiru familiak sindikatuko kideak dira, eta hiriburuko Amara eta Gros auzoetan bizi dira; haien etxebizitzak Azora putre funtsaren jabetzakoak dira.

Saretxe etxebizitza sindikatuko kideen agerraldia, gaur goizean, Donostian. IÑIGO URIZ / FOKU
Saretxe etxebizitza sindikatuko kideen agerraldia, gaur goizean, Donostian. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko urtarrilaren 10a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostian bizi diren hiru familia etxegabetze arriskuan daudela ohartarazi du Saretxe etxebizitza sindikatuak —lehenbizikoa urtarrilaren 23an izanen da—. Salatu dute etxegabetze agindu guztiek prozedura berari jarraitu diotela: «Familiek, arrazoi ezberdinengatik, atzerapen puntualak izan zituzten alokairuaren ordainketetan, eta egoera hori baliatu du jabetzak demanda judizialak jartzeko». Prozesu judiziala hasi orduko, ordea, zor guztiak kitatu zituzten familiek, sindikatuak erran duenez. 

Gaur goizean eman du sindikatuak etxegabetze agindu horien berri, Donostian egindako agerraldi batean. Esplikatu dute hiru familia horiek sindikatuko kideak direla, eta hiriburuko Amara eta Gros auzoetan bizi direla; haien etxebizitzak Azora putre funtsaren jabetzakoak dira, sindikatuak azaldu duenez. Are, funts horren kontrako borrokan «buru-belarri» ari dira familia horiek, «gehiegikeriak salatzen, alokairu greba partziala egiten eta auzokideen arteko elkartasuna antolatzen». Izan ere, sindikatuak gogoratu du putre funtsak «etxebizitzekin espekulatzen duten eta negozioa egiten duten erakundeak» direla. 

Agerraldian salatu dute etxegabetze horiek «bizilagunen borrokak zigortzeko» eta eraikitzen ari diren «komunitatea ahultzeko» saiakerak direla. Are, Saretxeren irudiko, etxegabetze horiek Azoraren estrategia baten parte dira: putre funts horrek «legez kanpo kobratzen dituen ordainketarik ezaren aseguruak berreskuratzea».

Zertan datza estrategia hori, baina? Sindikatuak azaldu duenez, duela urtebete, etxegabetuko dituzten bizilagunek alokairu greba partziala abiatu zuten, eta, ondorioz, beren kontratuetan jasota zeuden «gehiegizko klausulak» ordaintzeari uko egin zioten. Hori ikusita, eta sindikatua demanda kolektibo bat prestatzen ari zen bitartean, ordainketetan atzerapenak izan zituzten bizilagunei demanda jarri zieten, eta asegurua bera ere erreklamatu. «Horrela, bizilagunek auzitara jotzera edo ordainketa egitera behartuta ikusten dute beren burua, presio handia jasaten baitute», salatu du sindikatuak. 

Arrazakeria

Halaber, sindikatuak gogoratu du etxebizitzaren gatazkak ez dituela berdin zeharkatzen gorputz guztiak, eta «gizarte kapitalista zeharkatzen duten beste zapalkuntzek ere» eraginik dutela etxebizitza lortzeari dagokionez. Arrazakeria aipatu dute adibide gisa: «Etxebizitzaren arloan pairatzen duten arrazakeriaren ondorioz, familia hauek guztiak baldintza txarretan bizi dira, beste alternatibarik gabe».

Horren aurka antolatzera eta mobilizatzera deitu dituzte herritarrak: «Gure etxeetatik botatzen gaituen eta bizitzak itotzen dituen etxebizitza eredua eraldatzeko bide bakarra antolakuntza kolektiboa da». 

Albiste onen berri ere eman dute: duela hiru aste etxegabetze bat bertan behera uztea lortu zuten. «Garaipen horrek berriro erakutsi du borroka kolektiboak emaitzak ematen dituela. Nahiz eta oraindik bide luzea dugun aurretik etxebizitzaren erabateko desmerkantilizazioa lortu arte», borobildu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.