Donostiako Ospitaleko garbitzaileek elkarretaratze bat egin dute ospitaleko atarian, ISS azpikontratari exijitzeko bete dezala lan hitzarmena. Zehazki, lanpostu hutsak betetzeari eta postu aldaketak errazteari uko egitea egotzi diote.
Enpresa batzordeak deituta, 10:30ean elkartu dira beharginak, ISS hitzarmena bete! lelopean. Protesta horrekin, salatu dute enpresak «entzungor» egiten diela langileen eskaerei, ez baitu erraztasunik ematen langileek postua alda zezaten edo postu hutsak baliatu ditzaten.
ELAren arabera, egoera horrek nagusiki asteburuetako langileei kalte egiten die. Langile horiek lanaldi partzialak dituzte, eta, mugimenduak egiteko aukera murriztuta, mugatu egiten zaie aste barruan ere lan egitea. «Langile horiek lan kontratu partzialak izatera kondenatzen ditu, eta, hala, lanaldi horiek lan eta bizi baldintzetan dituzten ondorioak jasatera», kritikatu du sindikatuak. Hau da, ordainsari erdia kobratzen dute, eta jubilazio, desgaitasun eta Gizarte Segurantzako prestazioetan ere eragina du horrek.