Donostiako tiroketaren ondotik, salatu dute ezin dela «ehiza arrazista normalizatu»

Herritarren Harrera Sareak deituta, zenbaita herritarrek manifestazioa egin zuten atzo, pasa den ostiralean Donostian migratzaile bati egindako tiroketa salatzeko. Lizarran eta Astigarragan ere pintada arrazistak egin dituzte.

Atzo herritarrek Donostian egindako manifestazioa. JON URBE / FOKU
Atzo herritarrek Donostian egindako manifestazioa. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2026ko irailaren 15a
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbait herritarrek manifestazioa egin zuten atzo Donostian, pasa den ostiralean migratzaile bati egindako tiroketa salatzeko. Egia auzoko Blas de Otero plazan batu ziren «ehiza arrazista» gaitzesteko: Ezin dugu ehiza arrazista normalizatu zioen kartela zeramaten aurretik. Kalean bizi diren migratzaileen kontra azken aldian izan diren eraso larriak gaitzetsi zituzten, eta Poliziari eta udalari betetzen ari ez diren ardurak betetzeko exijitu zieten. 

Aire konprimatuko arma batekin jotako hiru tiro jaso zituen gizonak pasa den ostiralean: lehen tiroak bizkarrean jo zuen, bigarrenak sorbaldan eta hirugarrenak masailean. Hala ere, Harrera Sareak salatu du ez zelako inolako operatibo polizialik zabaldu, tiroketen egilea identifikatzeko edo lokalizatzeko. «Tiroz egindako eraso baten ondorioz ez da ohikoak diren Polizia dispositiborik ezta ikerketarik abiatu». Ez da Polizia faltagatik, baina: «Bitartean, arratsaldero Polizia ikus daiteke Egian eta Alde Zaharrean, KASeko boluntarioak behatzen eta mehatxatzen, afariak banatzen dituzten bitartean», oroitu dute. 

«Eraso arrazista hau ez da ezerezetik sortu», ohartarazi dute. Harrera Sareak ziurtatu duenez, sare sozialetan azken bi urteetan hazten joan den gorroto giro baten ondorioa da erasoa. Fiskaltzaren eta Poliziaren aurrean hamaika salaketa jarri dituztela jakinarazi dute, erasotzaileen bideo eta sare sozialen argitalpenekin. Behin eta berriro ohartarazi dute egoerak okerrera egin zezakeela, «eta gertatu egin da».

Gogorarazi dute ez dela horrelako kasu bakarra: hilabete gutxian Donostian izandako halako bigarren erasoa da. Udan, Alde Zaharreko balkoi batetik tiro egin zioten beste etorkin bati bizkarrean. «Oso kezkatuta eta beldurtuta gaude gure kaleetan gertatzen ari denarekin. Gainera, orain egun argiz gertatzen dela ikusita are beldurgarriagoa iruditzen zaigu», aitortu dute Herritarren Harrera Sarekoek. 

Salaketa publiko falta

Udalaren erantzukizun falta azpimarratu dute: «Azken bi urte hauetan, ez du inoiz publikoki kondenatu hirian zabaldu den gorroto giroa». Are gehiago, egoera jakin batzuetan udalak berak diskurtso arrazistei haizea eman izana deitoratu dute: «Beste era batera esanda, gorroto diskurtsoari aurre egin beharrean, diskurtso horrek berak seinalatzen dituzten pertsonen aurka jarduten dute». Eta, gaineratu dute, horrela «arrazakeria normalizatzen» dela, eta «bultzatzen eta gauzatzen dutenen zigorrik eza sustatzen» dela.   

Gorroto delituen aurkako protokoloa martxan jartzeko galdegin dute, eta baita halako gorroto giroa indarkeria bihurtzea prebenitzeko neurriak abiatzea ere. 

Mezu arrazistak paretetan

Lizarran (Nafarroa) pintada arrazistak azaldu dira pareta batean. Lizarrako EH Bilduk atzo salatu zituen pintadok, eta kezka agertu zuen «hirian gero eta gorroto diskurtso xenofobo gehiago» dagoelako. Ohar batean adierazi zuten paretetan agertutako pintada arrazistek «beldurra elikatzea eta migratzaileak mehatxua direlako buloak eta informazio faltsua zabaltzea» dutela helburu.

Lizarrako EH Bilduk Udalari, herritarrei eta erakunde sozialei arduraz jokatzeko eskatu die, eta ez uzteko gorroto diskurtsoei «espazio publikoa blaitzen, eta arrazakeria eta faxismoa elikatzen»: «Gure kaleek elkargune, bizikidetza eta aniztasun leku izaten jarraitu behar dute».

Pintada arrazista bat, Lizarran. LIZARRAKO EH BILDU
Pintada arrazista bat, Lizarran. LIZARRAKO EH BILDU

Astigarragan (Gipuzkoa), berriz, herriko denda batean irain eta mezu arrazistak pintatu dituzte asteburuan. Udalak adierazpen baten bidez jakinarazi du «irmo eta ozen» salatzen duela eraso hori, «elkarbizitzaren eta giza eskubideen aurkakoa» delako. Babesa adierazi dio erasoa jasan duen familiari eta denda horretako langileei, eta dei egin du herritar batzuek antolatutako agerraldira azaltzeko. Arratsaldeko 19:00etan izango da, Astigarragako Joseba Barandiaran plazan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA