Espainiako Poliziak emakumeen sexu esplotazioaren aurkako operazio bat egin du Gipuzkoan. Donostiako txalet batean emakumeak sexualki esplotatzen zituen talde kriminal bat desegin du Poliziak, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak gaur egindako prentsaurrekoan jakinarazi duenez. Hamalau pertsona atxilotu dituzte Buda operazioa izendatu duten ekintzan, baita sexu esplotazioaren hamar biktima askatu ere. Sexu esplotazioa «XXI. mendeko esklabotza» dela nabarmendu du Garmendiak, eta segurtasun indarren helburu nagusietako bat haren aurka borroka egitea dela.
Gobernu ordezkariak azaldu duenez, 2025eko otsailean hasi zuten ikerketa, bi biktimaren dei anonimoak jaso ostean. Biktima horiek Gipuzkoako hiriburuan emakumeen sexu esplotazioan aritzen zen sare kriminal baten berri eman zuten. Emakume bat zen sare horren buru; hark prostituzioan aritzera behartzen zituen, eta lortutako diruaren erdia berak hartzen zuen. Hain zuzen ere, emakume hori da atxilotuetako bat. «Egitura kriminal antolatu, egonkor eta hierarkizatu» baten buru izatea leporatzen dio Poliziak, eta espetxera bidali dute, fidantzarik gabe.Â
Ikerketan, agenteek ondorioztatu zuten sarea Donostiako txalet batean aritzen zela, 2023tik. Buru zuen emakumeak mugikorreko aplikazioen bidez hartzen zituen bezeroen eta biktimen arteko hitzorduak. Bezeroei droga saltzera ere behartzen zituzten emakumeak. Maiatzaren 20an, lau miaketa egin zituen Poliziak, eta, horien ondorioz, agenteek 70.000 eurotik gora, 40 gramo kokaina, 17,51 gramo tusi, 15,46 gramo harri kristalino, 15 MDMA pilula, armak, bitxiak eta urrezko lingoteak konfiskatu zituzten.Â