Donostiako Udalak Loiolako kuartelak bereganatu ditu

1.700 etxebizitza eraikiko dituzte bertan; babestuak izango dira denak. Eneko Goia alkateak esan du «une historikoa» dela, eta eremu horrek «garrantzi handia» izango duela etorkizuneko Donostian.

Goia, eskriturak sinatzen, atzean, besteak beste, Cano, Garmendia, Oiarbide eta Arzallus dituela. GORKA RUBIO / FOKU
Goia, eskriturak sinatzen, atzean, besteak beste, Cano, Garmendia, Oiarbide eta Arzallus dituela. GORKA RUBIO / FOKU
Kerman Garralda
2025eko uztailaren 23a
15:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Udalak zama kendu du bizkar gainetik. «Bide luze eta neketsu baten» ostean, bere egin du Loiolako kuarteleko lursaila, eta etxebizitza parkea handitzeko zuen oztopo nagusietako bat gainditu du. Pozik hitz egin du Eneko Goia alkateak: «Ospatzeko eguna da». Gaur egin dute sinadura ekitaldia, Donostiako udaletxeko harrera gelan.

«Une historiko» gisa deskribatu du alkateak, eta Donostiako hirigintzan mugarri izan diren beste une batzuekin alderatu du: XIX. mendearen erdialdera harresiak eraitsi eta hiriaren zabalkundea hasi zenekoa edo Urgull mendiaren salerosketa 1915. urtean, kasurako. «Horiek gabe, gaur egun ezagutzen dugun Donostia ez litzateke posible izango». Justu, bi adibideetan udalak Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioarekin negoziatu behar izan zuen. «Gure seme-alabek ezagutuko duten Donostia gaurko mugarriari esker izango da».

1.700 etxebizitza eraiki nahi ditu udalak. Guztiak babestuak izango direla aurreratu du Goiak. Aurretik, Nekane Arzallus Hirigintza Plangintza eta Etxebizitza zinegotziak esana zuen «donostiarrentzako etxebizitzak» izango direla, «klase ertainarentzat». Are, «etengabe» babestuta egongo direla azpimarratu zuen, «espekulazioa eragozteko».

Etxebizitzetatik harago, hiria hornituko duten zerbitzuak ezarri nahi ditu Goiak. «Auzora mugatutako baliabideak dira batzuk, baina beste batzuk hiri osoari begirakoak dira. Donostiako hirian garrantzi handia hartuko du, eta hiri ikuspegia duten puntako hornidurekin amestu beharko genuke». Halere, pazientzia eskatu du. «Kontagailua hutsean jarri dugu. Ideiak irudikatzeko, diseinuari ekiteko, ekipamenduak zehazteko... horretarako garaia da orain».

Alkateak iragarri du ideien nazioarteko lehiaketa bat egingo dela, eta, era berean, hiria antolatzeko plan orokorra egokitzeko eman beharreko pausoak emango dituztela. Etorkizuneko planak eremu berriaren beharrak aintzat hartuko dituela azaldu du.

Eusko Jaurlaritza bidelagun izango dela espero du. «Hitz egin dugu. Oraindik ezer zehaztuta ez dagoen arren, prestasuna agertu dute», aurreratu du.

Lau urteko epea dute, 2029. urtera arte militarrek bertan jarraituko baitute. Gainera, kuartelaren ondoko erresidentziak Espainiako armadaren esku jarraituko du aurrerantzean ere.  

Kronologia

  • 1926. Espainiako armadak Loiolako kuartela zabaldu zuen. 170.000 metro koadro ditu eremuak.
  • 2012. Donostiako Udalak kuartela lekuz aldatzea proposatu zuen, babes ofizialeko eta tasatutako mila etxe pasa eraikitzeko. Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak baztertu egin zuen eskaria.
  • 2021. Donostiako Udalak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia moldatu zuen, eta Loiolako kuartela kanpoan utzi zuen.
  • 2022. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen Voxen helegite bat: horren arabera, babestu beharreko ondaretzat jo zuten Espainiako armadaren kuartela.
  • 2023. Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuak lurrak salerosteko akordioa lortu zuten. Baina ez zuten hitzarmena sinatu, udalaren egitasmoak Kosta Zuzendaritzaren baimen bat behar zuelako. 
  • 2025eko otsaila. EAJk iragarri zuen Kostaren eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak onartu egin zituela Donostiako Udalak emandako argudioak.
  • 2025eko uztaila. Donostiako Udalak eta fiskaltzak kasazio errekurtsoak jarri zituzten EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka, eta Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin zituen. Kuartela eraisteko bide eman zuen horrek.
  • Gaur. Donostiako Udalak eta Espainiako Gobernuko Defentsako Etxebizitza, Azpiegitura eta Ekipamendu Institutuak Loiolako kuartelen salerosketa eskriturak sinatu dituzte.

73,3 milioi euroren truke eskuratuko du hiriburuak 17,5 hektarea inguruko eremua. Goiak aitortu du ordainketa gauzatzeko «esfortzua» egin beharko duela udalak, baina horretarako ahalmen nahikoa duela berretsi du. «Erabaki dugu garrantzitsua dela, eta hau dela egin nahi dugun apustua. Agian, beste gauza batzuk ez dira horren garrantzitsuak».

Esker oneko hitzak izan ditu negoziazioetan parte hartu duten eragileentzat. Gogoratu du udalaren «aspaldiko» nahia dela, eta udal gobernu ezberdinek jardun dutela tratuan. Maria Angeles Cano Espainiako Defentsako Etxebizitza, Azpiegitura eta Ekipamendu Institutuko Zuzendari kudeatzaileak ere eskerrak eman dizkie salerosketaren parte izan diren denei.

EAJk salerosketa txalotu du

Espainiako Kongresuko jeltzaleen eledun Maribel Vaquerok EAJren lorpena dela gogorarazi du, ohar bidez. «Espainiako Gobernuaren 2021. urteko aurrekontuak onartzeko negoziazioen fruitua da. Militarren erabilerara mugatutako lursail bat donostiar guztien eskura jarri dugu». Politika «eraginkorraren» adibidea dela gaineratu du. «Horrela egiten dugu lan EAJn. Euskal gizartearentzako konponbideak negoziatzen ditugu Madrilen». Goiak, eskerrak ematen hasi denean, Vaqueroren eta Aitor Estebanen izenak bereizi ditu beste guztien gainetik.

Donostiako Udalak aurkeztutako proiektuaren irudia. DONOSTIAKO UDALA
Loiolako kuartelak eraistean Donostiako Udalak egin asmo duen auzo berriaren proiekzioa. DONOSTIAKO UDALA

Juan Karlos Izagirre EH BIlduko zinegotziak, berriz, ontzat jo du kuartelaren eremua donostiarrek berreskuratu izana, nahiz eta ordaindutakoak, bere irudiko, gehiago ematen duen «partikularren arteko salerosketa bat, bi erakunde publikoren arteko akordio bat baino». Eskatu du hemendik aurrera irekiko den prozesua parte hartzailea izateko, eta argitzeko han bizi diren militarrak eta haien familiak nora eramango dituzten bizitzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.