Uztailaren 3az geroztik ez zen kasurik atzematen Gipuzkoako zahar etxeetako egoiliarren artean. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur jakinarazi du, ordea, positibo bat detektatu dutela Donostiako zahar etxe batean. Asintomatikoa da kutsaturiko egoiliarra, baina Eibarko ospitalera eraman dute, Gipuzkoako zahar etxeetan atzematen diren positiboak artatzeko gune berezira. Prebentzio moduan egiten diren PCR probetan detektatu dute kasua, eta zahar etxe bereko bi langilek ere eman dute positibo. Gainerako egoiliarrei eta langileei ere egin diete testa, baina negatiboak izan dira guztiak.
Kasuen ondorioz, bertan behera geratu dira zahar etxe horretako egoiliarren irteerak. Atzo bertan jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak zahar etxeetako egoiliarrek kalera irteteko baimena izango zutela aurrerantzean. Instalazio horretan dagoen eguneko zentroa ere itxi egin dute.
Diputazioak jakinarazi du zahar etxeetako beste langile bat ere kutsatu dela COVID-19 birusarekin; beraz, hiru positibo horiekin, hamar dira egun birusa duten langileak. Halaber, Diputazioak azaldu du gizarteratze sarean ez dutela kasurik aurkitu azken astean.