Istiluak

Donostian beste hamabost lagun atxilotu dituzte bart

Hernanin ere pertsona bat atxilotu dute. Atxilotuei desordena publikoak eragitea eta agenteen aurka egitea egozten diete.

Joan den astean Donostian apurtutako erakuslehioetako bat. JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko abuztuaren 29a
12:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, bart gauean ere istiluak izan dira Donostian. Haren arabera, gaueko ordu biak aldera hasi dira lehen liskarrak, gazte multzo bat Parte Zaharrean zeuden ertzainei eta udaltzainei gauzak jaurtitzen hasi denean.

Bi orduz luzatu dira istiluak, eta bitarte horretan edukiontziak gurutzatu eta erre dituzte, besteak beste. Ertzaintzak istiluen aurkako materialarekin erantzun du. Hala, hamabost lagun atxilotu dituzte, desordena publikoak eragitea eta agenteen aurka egitea egotzita.

Goizeko laurak aldera Hernaniko (Gipuzkoa) Txantxila auzoan ere izan dira istiluak, eta lagun bat atxilotu du Ertzaintzak. Poliziak azaldu du jende pilaketak zeudelako bertaratu dela hara.

Donostiako Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek argi utzi zuten joan den astean zein den euren jarrera: udaltzainak eta ertzaintzak erabat babestea, eta gertakariak gaitzestea. Gaur jarrera berarekin jarraituko dutela berretsi du Eneko Goia alkateak, goizean idatzi duen txioan: «Ez dago eskubiderik. Gutxi batzuk egiten dakiten bakarra egin dute berriz ere: hiria hondatu eta bizilagunen bizimodua aztoratu. Nire gaitzespenik gogorrena, eta nire babes guztia udaltzain eta ertzainei. Nahikoa da!», idatzi du.

Ildo beretik jo du Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak. Esan du gauez ikusi ahal izan diren jokabideak «soberan» daudela, eta arriskuan jartzen dutela «guztion osasuna»: «Gutxiengoa dira, baina min handia egiten dute bizikidetzarako oinarrizko arauak hautsita».

Ertzaintzaren jokabidearen aurka

Atzo arratsaldean, Parte Zaharra Aske taldeak deituta, Ertzaintzaren zenbait portaera txarretsi zituzten ehunka lagunek Donostian. Manifestazio bat egin zuten Errepresiorik ez, Alde zaharra bizirik lelopean. Donostian ez zen Aste Nagusirik ospatu hala zegokion astean, abuztuaren 14tik 22ra bitartean, baina Ertzaintzak 40 pertsona atxilotu eta 63 ikerketapean jarri zituen, istiluak eragitea egotzita. Bart gaueko hamalauak eta herenegungo biak gehitu behar zaizkie orain.

Ibilbidean, protestara batutakoek «gazteak gara, ez terroristak», «ez, ez, ez, errepresiorik ez», eta «Iñigo Cabacas, gogoan zaitugu» oihukatu zuten, besteak beste. EAJren eta PSE-EEren aurka ere agertu ziren.

Martxa amaierako hitzartzean, Ertzaintzaren jokabidea kritikatu zuten: «Identifikazio arbitrarioak egin dira une oro, aurrekari penalak dituzten pertsonen zuzeneko atxiloketak egin dira, etxera zihoazen langile ugariren kontra ere oldartu dira, eta gazte ugari jipoitu dituzte atxiloketen unean eta komisarian». Protestara deitzeko oharrean, gainera, jakinarazi zuten «adin txikikoak gurasoen presentziarik gabe kalabozoetan autoinkulpazioak sinatzera bultzatu» dituztela.

Antolatzaileek ohartarazi zuten «errepresioari modu kolektiboan aurre egiteko beharra» azpimarratu nahi zutela: «Manipulazio mediatikoaren zein inpunitate polizialaren aurrean, elkartasuna antolatzen jarraitzeko borondatean berresten gara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.