Donostian egindako sexu erasoa gaitzetsi dute udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Udalak elkarretaratzea egingo du bihar eguerdian, Alderdi Ederren. Aldundiak bat egin du protestarekin.

Sexu erasoen kontrako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Sexu erasoen kontrako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko irailaren 22a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen ostiralean Donostian, emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Andreak salaketa jarri zuen aurreko egunean; poliziei azaldu zien sare sozialen bidez ezagutu zuela gizona, elkar ikusteko geratu zirela, eta bere borondatearen kontra sexu harremanak izatera behartu zuela. Donostiako Udalak elkarretaratzea egingo du bihar eguerdian, Alderdi Ederren. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du protestarekin.

Irmoki gaitzetsi dute erasoa bi erakundeek, eta elkartasuna adierazi diote biktimari, baita haren senideei eta gertuko pertsonei ere. Udalak jakinarazi duenez, indarkeria matxistari erantzuteko protokoloa aktibatu dute, eta premiazko bilera batera deitu. Haren hitzetan, horrelako erasoak «oraindik ere gizartean existitzen diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasunaren adierazpena» dira. «Gertatutakoak agerian uzten du beharrezkoa dela eragile sozialekin eta feministekin eta, oro har, herritarrekin lan egiten jarraitzea, gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde».

Udalak konpromisoa hartu du neurriak bultzatzen jarraitzeko, biktimek «arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra» jaso dezaten, prebentzio jarduerak indartu daitezen eta «erasotzaileen zigorgabetasuna» ahalbidetu ez dadin. Herritar orori dei egin diote biharko elkarretaratzean parte har dezaten.

Aldundiak dei bera egin die herritarrei. Argi utzi du «sexu askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa eskubide bortxaezinak» direla, eta eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dutela tokirik gizartean. «Horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun falta da, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak», adierazi dute.

Bi atxilotu Gasteizen

Gasteizko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu asteburuan, sexu erasoak egitea egotzita. Atzo arratsaldean atxilotu zuten 27 urteko gizonezko bat, bikotekideari tratu txarrak ematea egotzita. Udaltzainek dei bat jaso zuten, eta jakinarazi zieten etxebizitza batean eztabaida handia zegoela eta gizona emakumeari eraso egiten ari zitzaiola. Poliziaren arabera, ez da lehenengo aldia eraso egiten diona. Etxebizitzara joan ziren, eta tokian bertan atxilotu zuten.

Larunbat goizean beste gizon bat atxilotu zuten, 38 urtekoa, bikotekidea kolpatu eta lurretik arrastaka eraman izana leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.